Itsaslabarreko etxea. Sinopsis

Zoriona non, noiz eta nola aurkituko jakin nahiean bizi da Joana. Itsas-ertzean dagoen Garraitzeta herrian. Hamasei urte ditu.

Bere pentsamenduak koaderno more batean idazteko ohitura du. Horri esker ezagutuko dugu Joanak bizitako udarik bereziena.

Berezia, Alainekin maiteminduko delako. Berezia, itsaslabarrera egunero egin ohi duen txangoan koaderno morea galdu eta espero ez duen abentura ilun batean sartuko delako. Berezia, aspaldian erretako etxean bizi den emakumea ezagutuko duelako. Berezia, Lope de Solaizetarren historia beldurgarrian murgilduko delako. Eta horrek guztiak ustekabeko gertaera asko bizi araziko dizkiolako. Eta bizi den guztiak bezala, Joanak ere, heriotza oso gertutik ezagutuko duelako.

Arrazoi askorengatik ahaztezina espero zuen uda, beste arrazoi batzuengatik ezinbestean ahaztezina bihurtuko zaio.

Itsaslabarreko etxea. Zatiak

• Hamasei urte nituela, gure amama hilguraz bizi zen. Bizitzako teke-mekeez akituta zegoen, heriotzaren egarriz. Gaitza egiten zitzaidan hori ulertzea: gazteegia nintzen.

• Nik artean ez nekien zer zen heriotza. Banekien zer zen norbait hilda egotea baina hori ez zen, ezta hurrik ere, heriotzaren benetako muina, lasterrera ohartu ahal izan nintzenez

• Alain izan zen nire lehen amodioa eta gaur ere esango nuke, mundua lagun biren baitan gorde daitekeela irakatsi zidan lehen adiskidea.

• San Pablo Nerudari otoitz eginez eta maitasuna noiz ezagutuko lokartzen nintzen, zizpuruka, ni neu, santa Joana Garraitzetakoa, birjina, martiria eta, noizbehinka, poeta.

• Neure habia ezkutua zen itsaslabarra, neure sekretuen habitat partikularra. Bakardade bila jotzen nuen hara. Biluzik igeri egiteko bakardade bila. Koaderno morean pentsamenduak marrazteko bakardade bila

• Ekainaren akabuko eguerdi hartan kalatik gora nindoala, etxerako bueltan, gerora hainbat aldiz madarikatu dudan amesgaiztoa erne zen, gaztea banaiz ere zahar sentiarazten nauten gertaeren lehen atala: heriotzaren benetako aurpegia ikustera eramango ninduen historiaren sorrera.

• Bularretakoak mugarri bat jarri zuen nire portalmoldean: neure burua panpoxago ikusita, haurtzaroaren lozorrotik esnatu eta aire zabalera atera nintzen emakumetasunaren distiraz ustekabean jantzita, diferente, seguruago eta konformeago.

• Haizea txistuka zebilen eta txistuarekin batera… doinu bat iritsi zitzaidan. Ezohiko doinua. Ez zen olatuen ukaldua harkaitzen kontra, ezta harantzagoko errepidetik zihoazen autoen burrunba. Musika zen, ordura arte toki hartan sekula entzun gabeko harpa-doinua.

• Segur aski, horrela hasitako historia honek ez zukeen segidarik izango, gaurkoa ez litzateke gaurkoa, ez zatekeen ezer gertatuko koaderno morea galdu izan ez banu. Arratsaldean ohartu nintzen: ez neukan motxilan. Guztiz maite nuen koadernoa galduta. Itsaslabarreko bidezidorrean jausiko ote zitzaidan?

• Alainek begi marroiak zituen; ilea, lasto umoaren kolorekoa. Kamiseta bat eta safariko galtza motzak zeuzkan jantzita. Lantzean-lantzean, ederra dakienaren irriño artifiziala ateratzen zitzaion. Hobeto ezagututakoan, igarri nion bere burua babesteko trikimailua zela irribarre hura. Alain espeziala zelako, oso. Eta trebea solaserako zubiak altxatzen, baldintzapenik gabe entzuten dakienaren patxada zuelako.

• Otoz otoan, gurrunga bat, marrua, xaxatua izan den animaliaren murruskaren moduko orro lazgarria entzun genuen. Tximinia aldetik zetorren. Ezer esateko astirik gabe, astrapalan hasi ginen. Alainek alfonbra batekin estropezu egin eta bizkarretik bultz egin zidan. Ez genekien ezer, baina han zerbait zegoen zelatan, eraso egiteko prest

• Nire lehen musua. Alainen mihia handia eta gogorra iruditu zitzaidan; segituan, gozoa eta amultsua. Kobazulo batera sartzeko bidea egiten ari zen animalia patxadatsua, landaretza apartatu eta gero egoleku lasaia hartzen ari zena. Geroxeago, Alainen ezpainak tximeletak iruditu zitzaizkidan, ukitu eta alde, ukitu eta alde, aurpegian eta lepoan ibili zitzaizkidanean.

• -Zuk badakizu Murruetako labarrean zelan dagoen etxe bat..?
-Han ez dago etxerik.
-Bai, amuma. Jardin eta guztiko etxea…
-Han ez dago etxerik orain. Lehenago bai.
-Baietz amuma, badago.
-Etxea? Armarridun etxe bat?
-Bai, bai, horixe, amuma. Norena da?
-Etxe hori erre egin zen.
-Erre? Ez, amuma, atzo ikusi neban-eta…
-Etxe hori erre egin zen orain dela urte asko, berrogeita hamar bai. Sua herritik bertotik ikusi genuen.

• Kalexkatik atera ginenean atzeratu egin nintzen, nahita, papera aztertzeko. Lurrean josita geratu nintzen. Bisita-txartel bat zen, krema kolorekoa. Erdigunean urrezko bi letra larri -L eta S.- eta anagrama bat zituen: bi giltza suzko itsaso baten gainean eta liburu baten azpian.

• -Amumak esan dit etxe hau Lope de Solaize familiarena izan zela. Eta senar-emazte zoritxarreko bi izan zirela hemen sasoi batean…
Haize-zafladatxo batek ertz batetik altxatu zuen beltzez jantzitako andrearen buruko zapia.

• Irteera partean, gizonezko bat figuratu zitzaidan, euritarako kapusai eta guzti. Oihuka deitu nion: "Itxaron, itxaron, mesedez!". Jiratu ere ez zen egin. Giltzatako handia zeukan eskuetan eta kanposantuko atea ixten ari zen, kanpotik. Ez dut besterik oroitzen. Lurrera erori nintzen beldurraren beldurrez zorabiatua.

• -Ez dago inor, baina egon da- erantsi zuen Jonasek, eta odol-mantxa bat enfokatu zuen linternarekin behegaineko harlauzetan-. Zer arraio…?

• Egun batzuetara, Jonas kanposantuko hezurtegian agertu zen. Bizirik hobiratua, oinazez, aire gabeziaz eta etsipenez itota.

• Haize-erauntsi batek atea zabaldu zuen kolpean. Bizkarra paretaren kontra herrestatuz otoitz-gelatik irten eta korridorearen bestaldera jo nuen, dardarizoa menderatu ezinik.

• Suzko beste irudi bat zetorren eskaileratan behera, lau-hankan, zaunkak eta intziriak letagin artetik jaurtiz. Kanpora egin zuen eta handik labarreko bidexkara, zuzi argiduna Solaiz Enea argiztatzen.