Kultur Politikei buruzko Nazioarteko I Biltzarran - Egitaraua





Artearen munduan aldaketa sakonak gertatu dira azken urteotan; baina, zalantzarik gabe, haietatik nabari eta berezienetako bat arte-jarduera masa-gizartera hurbiltzea izan da.

Gaur egun, artea, edozein ikuspegitatik begiratuta (produkziotik, merkaturaketatik, kudeaketatik nahiz erakusketatik) errealitate konplexu eta dinamikoa da, inoiz ez bezalakoa. Gaur egungo arte-eszenaren ezaugarriak adierazpide berriak sortzea eta hainbat diziplinaren arteko hibridazioa dira, bai arte plastikoetan, baita beste eremu batzuetan ere, hala nola, filosofian, musikan, antzerkian, zinean eta bideoan.

Gure inguruan arte garaikidearen errealitatea barne hartzen duen testuinguruak arte-adierazpide berriak azaleratzen ditu, baina erronka berriak sortzea ere eragiten du, eta erronka horietan artearen panoraman esku hartzen duten eragile guztiak daude inplikaturik.

Ildo horretatik, erakunde publikoek aitzindari izan behar dute proposamenak eta ekimenak egiten, artearen egitura sendotu, malgutu eta etengabe aldatzen ari den errealitatera egokitzeko.

Arte plastikoen eremuan dauden erronka berrien aurrean jokatzeko, lerro estrategikoetako batzuk honako hauek dira:

  1. Arte-produkzioa sendotzea: horretarako baldintza egokiak sortu beharko lirateke, artistek, batez ere gazteenek, eskura izan ditzaten beren sormenezko proposamenak garatzeko behar dituzten baliabide eta azpiegitura guztiak. Era berean, ohiko arte-zirkuituetatik kanpo dauden proiektu berritzaileen garapena sustatu beharko litzateke, proiektu horiek aukera murritzagoa izaten baitute sektore pribatuan babesak eta laguntzak lortzeko. Helburu horretarako, ezinbestekoa da arte-produkzioko zentroen sorrera bultzatzea, sormenezko jarduera guztia egituratuko duen ardatz izan daitezen.
  2. Arte-merkatua nazioartera zabaltzea, gure inguruneko sortzaileak eta haien arte-ekimenak nazioartean sustatzeko. Gure ingurunean bada kalitateko arte modernoa eta garaikidea, baina ez dago beste lurralde batzuetan sustraitutako oinarririk, esate baterako, artearen kanpo-hedapena eta bildumazaletasun pribatuaren tradizioa. Interneten ezarpenak aukera berriak eskaini ditu orain, artea zabaldu eta erakusteko.
  3. Artearen eta kulturaren alorreko eragile nagusiak ordezkatuta egongo diren behatoki bat sortzea. Gaur egungo artearen panoraman gertatzen ari diren aldaketa guztiz bizkorren ondorioz, gomendagarria da etengabe gainbegiratu eta ebaluatzeko ardura izango duen erakunde bat sortzea. Behatokiak erraztu egingo luke esperientzien trukaketa eta erakundeen arteko lankidetza, artearen aldeko estrategiak eta proposamenak egituratzeko.