Kultur Politikei buruzko Nazioarteko I Biltzarran - Egitaraua





Kultur kudeaketaren erronkak zehaztu eta nire ibilbide profesionalean eta akademikoan Euskal Herrian eta Holandan aurkitu ditudan gabeziak azalduko ditut hitzaldian. 

Prestakuntza eta ikerkuntza.
Artista bisualentzako eta beste kultur eragileentzako hobekuntza-ikasketak sortzea, hala nola, graduatuondokoak eta masterrak. Kontzeptuen eta praktikaren aldetik ezagutzak eskaintzeaz gain, ikasketok kultur eragileen (artista, arte-kritikari, komisario, etab.en) sustapenerako eta elkarlanerako plataforma izango lirateke nazioartera begira. 

Nazioarteko egonaldietarako zentroa sortzea.
Nazioartean gero eta interes handiagoa pizten du periferietako produkzio artistikoak, eta horrek aukera paregabea eskaintzen du atzerriko artistek gure inguruan ekoiztu eta ikertzea sustatzeko, eta baita bertako eta kanpoko artisten eta kultur eragileen arteko komunikazioa bultzatzeko ere.

Erakusketa eta hedapena.
Artistek eurek kudeatutako erakusketa- edo proiektu-guneak lagundu eta sustatzea. Proiektu esperimentaletarako eta eztabaida espezializatua sortzeko burokrazia gutxiko plataforma oso malguak sustatzea litzateke helburua.

Kultur kudeaketa.
Kultura kudeatzeko espezialisten organoa osatzea, aldaketa politikoen menpe egongo ez dena. Urte osoan zehar deialdiak abiatzea, modu horretan kalitatea irizpide hartuta proiektuak bultzatzeko, eta neurri batean deialdi horiei 'sari' izaera kentzea.

Merkatua.
Artistaren lana ordaindua izateko formulak bilatzea. Horretarako, Kulturaren Euskal Planean Arte Plastikoen eta Bisualen lan-taldeak egindako txostenak iradokitzen duen moduan, artearen merkatua sendotu behar da, baina aldi berean komertzialak ez diren proiektuentzako bestelako merkatu-sistemak bilatu behar dira.
 
Artistaren lan-estatusa.
Artistaren lan-estatusa formalizatzea. Ez bakarrik artistaren eta erakundearen arteko harremanetarako protokoloa ezarriz, baizik eta baita lana bera enpresa gisa eratzen lagunduz ere.