Kultur Politikei buruzko Nazioarteko I Biltzarran - Egitaraua





Elkarrekin edo bakoitza bere kasa? Liburutegi-partzuergoak, hobetzeko eta berritzeko oinarriak

Liburutegiek lankidetzan jardun dute betidanik. Erdi Aroan, talde-katalogoa osatu zuten denen artean. Baina, XX. mendearen bukaerako teknologiek eskainitako aukera berriei esker eman dira benetako aurrerapausoak liburutegien arteko lankidetzan.

Partzuergoen sorkuntzaren ibilbidean bi une nagusi egon dira, eta horietako bakoitzean elementu teknologiko batek eraginda egin da aurrera. 70eko hamarkadan, liburutegiak automatizatzeko sistemak sortu ziren eta liburutegi-elkarteei kooperatiba deitzen hasi zitzaien. 90eko hamarkadaren bukaerako eragilea, ordea, informazio elektronikoa edo digitala izan da, eta partzuergo deitura aukeratu da liburutegi-elkarteak izendatzeko.

Duela gutxi Bartzelonan egindako liburutegi-partzuergoen nazioarteko biltzarrean, 5 kontinenteetako 33 herrialdetako 132 parte-hartzaile elkartu ziren. Zergatik dago hain bizirik partzuergoen mugimendua liburutegien artean? Zertan aritzen dira partzuergoak?

Gaur egun, liburutegi kideetarako baliabide elektronikoak kontratatzea da partzuergoen zeregin nagusia; baina, bestelako jarduerak ere egiten dituzte: talde-katalogoak eta liburutegien arteko mailegu-programak, prestakuntza-programak, biltegi kooperatiboak... Adibidez, CBUCek informatika-programak aukeratzeko lehiaketa egin berri du, Kataluniako Liburutegia eta liburutegi publikoak eta unibertsitateetakoak kudeatzeko.

Liburutegi-partzuergoek zerbitzu berriak antolatzea eta, gainera, merkeago eskaintzea lortu dute. Duela gutxi honako erabaki hauek hartu ditu Kataluniako Gobernuak: liburutegien arteko lankidetza indartzea eta Kataluniako liburutegi guztiek zerbitzu bateratuak eskaintzea.

Bukatzeko, aipatzekoa da partzuergoen onurarik handienak ez direla begi-bistakoak (zerbitzuak eta aurrezkia), ikusten ez direnak baizik. Partzuergoak liburutegi kideen zerbitzuak etengabe hobetzeko eta berritzeko oinarriak dira, edo izan daitezke behinik behin.