Kultur Politikei buruzko Nazioarteko I Biltzarran - Egitaraua

Sarrera
Batzordeak
Egitaraua
Prentsa




Euskal Kultur Ondarea digitalizatzeko, zaintzeko eta hedatzeko Plan Zuzentzailea

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak hirugarren aroa izenez ezagutzen dena osatzen ari dira, eta gizarte-, ekonomia- eta kultura-ingurune berria eratzen, hots, Informazioaren Gizartea edo Ezagutzaren Gizartea. Testuinguru berri horretan, herriak eta, bereziki, kultura garatzeko aukera berri ugari agertzen dira; alabaina, aldi berean, zalantza asko ere sortzen ari dira, mundu digitalean egiteko, arautzeko eta antolatzeko modu berrien inguruan, eta formatu horretan sortzen ari den kultur ondarearen kontserbazioaren inguruan.

Testuinguru horretan, Euskal Kultur Ondarea digitalizatzeko, zaintzeko eta hedatzeko Plan Zuzentzailea egin du Eusko Jaurlaritzak. Plan hori egin ahal izateko, Kulturako Euskal Planak ezarritako estrategia-esparruan oinarritu dira. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ondare digitalaren arloan jarduten duten eragileen sentikortasunak eta eskaerak bildu dira, eta beste herrialde batzuetako artearen egoera, jarrera eta jarduerak aintzat hartu.

Hiru helburu nagusi ezarri dira estrategia-plan horretan, kultur ondare digitalari dagokionez:

  • Horren garapena sustatzea
  • Horren babesa bermatzea
  • Horren hedapena erraztea

Helburu horiek lortzeko, zortzi jardunbide zehaztu dira:

  • EAEko ondare digitalaren arloan jarduerak koordinatzea eta egitea, eta horretarako beharrezkoak diren erabaki-, kudeaketa- eta informazio-mekanismoak sortzea eta sustatzea.
  • Administrazio publikoek ondare digitala babesteko eta erabili ahal izateko garatu behar dituzten eredua eta funtzioak zehaztea.
  • Ondare digitalaren arloan erreferentzia-esparrua osatuko duten arauak, estandarrak, irizpideak eta gomendio teknikoak egokitzea, garatzea eta, beharrezkoa izanez gero, egitea.
  • Euskal ondare digitalaren garapena sustatzea, interes orokorreko aktibo unibertsala den aldetik.
  • Euskal ondare kulturala euskarri digitalean sustatzea, alderdi guztiei dagokienez.
  • Euskal ondare digitalaren hedapena bultzatzea, EAEn eta EAEtik kanpo, barne-kohesioko eta kanpo-sustapeneko bide gisa.
  • Ondare digitala kudeatzen duten erakundeei funtzio hori garatzeko behar duten gaikuntza eta euskarri teknikoa ematea.
  • Ondare digitalaren arloko lege-esparruaren eta hori behar bezala ezartzeko behar diren euskarrien garapena sustatzea.

Zortzi jardunbide horiek 28 proiekturen bidez egingo dira, eta proiektu horiek 2006 eta 2010 artean garatuko dira, batik bat. Lehenengo eta behin, erakunde arteko mahai bat antolatuko da, Plan Zuzentzailea kudeatzeko eta proiektuak gauzatzen hasteko; horren bidez, euskarri digitaleko euskal ondare kulturala osatuko da, geroko belaunaldientzat zainduko dela bermatuta, eta ondare hori ezagutzera emateko aukerak handituko dira.