Gutuna: Kexa adierazi / kexa bati erantzun

Agiri-ereduen bankua

Kexaren euskarazko adibidea

 

TOURIST bidaiak
Aita Adoain 16
31015 Iruñea
KEXA: ISTAMBULERAKO BIDAIA

Jauna/Andrea:

Joan den hilean, zure bidaia-agentziara jo nuen abuzturako astebeteko bidaia erreserbatzera. Azkenik, Istambulerako bidaia hartu nuen, abuztuaren 14tik 20ra arte, hain zuzen ere. Agentziako langileak azaldu zidanaren arabera, eskaintzan hegazkineko txartelak eta astebeteko egonaldia hiru izarreko hotelean pentsio osoan sartzen ziren. Gainera, hotela, hiri-erdigunean omen zegoen.

Zoritxarrez, arestian aipatutako baldintzak ez ziren bete. Istambuleko aireportura heltzean, hotelera eraman gintuzten autobusez eta ezin esan zitekeen hotela erdigunean zegoenik, handik 20 kilometrora baino. Horrez gain, hiru izarrekoa izan beharrean, bikoa zen, eta gainera, zaharra eta zikina.

Euskal Herrira itzuli bezain laster, agentziara hurbildu nintzen hau guztia argitzeko, baina kexa idatziz aurkeztu behar nuela esan zidaten. Hauxe da beraz, nire kexa.

Kontsumitzaileen bulegora jo aurretik, egon den arazoa zuekin konpontzea espero dut.

Nirekin harremanetan jarriko zaretelakoan, agur.

Lizarra, 2006ko abuztuaren 23a

firma

Maribi Lauzirika Suberbiola

 

Oh.: Gutun honekin batera agentzian emandako foileto eta kontratuaren kopiak bidaltzen dizkizuet. Sinatutako kontratuan eskura dituzue nire datu pertsonalak.

 

Azken eguneratzea: 2006/12/27