Erreskateko garabi-zerbitzuak 1.371 kilometroko auto-ilarak saihestu ditu 2018an, Trafiko Zuzendaritzaren arabera

8 de marzo de 2019

Abian jarri zenetik zortzi urte bete direnean, 2018an Euskadiko errepideetan izandako 546 trafiko-gorabeheratan lagundu du

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Trafiko Zuzendaritzak kalkulatu du A-8 autobidean ibilgailuak premiaz kentzeko garabi arinen laguntza-zerbitzuari esker 1.371 kilometro arteko auto-ilarak saihestu zirela 2018an. Zerbitzua abian jarri zela zortzi urte bete direnean, 2018an zerbitzuak 546 gorabeheratan esku hartu zuen (228 istriputan eta 318 matxuratan). 211 kasutan, gidariek ezin izan zuten autoa bazterbidera baztertu, eta, garabiengatik izan ez balitz, batez beste 6,5 kilometrora arteko auto-ilarak sortuko ziratekeen, egindako zenbatespenen arabera.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak lan egiten du bide-segurtasuna bermatzeko, mugikortasun segurua eta jasangarria ziurtatzeko eta, azken finean, errepideetako erabiltzaileei zerbitzu ona emateko. Garabi arinen zerbitzua funtsezkoa da trafikoa kudeatzeko zeregin horretan, erraztu egiten baitu egunero A-8 autobidetik zirkulatzen duten milaka gidarien mugikortasuna” eman du aditzera Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak.

Duela 8 urte zerbitzua abian jarri zenetik, garabiek guztira 4.218 aldiz esku hartu dute. Matxuren ondoriozko mobilizazioei dagokienez, lehen urtean esku-hartze guztien % 50 izan ziren, bigarren urtean % 59ra arte igo ziren eta hirugarren urtean erregistratu zen ehunekorik handiena, % 59,5 izan baitziren; gero, laugarren urtean % 59 izan ziren, bosgarren urtean % 55, seigarren urtean % 53,7, zazpigarren urtean % 56 eta, azkenik, azken urte honetan % 58,2.

Garabiak —guztira lau— A-8 errepidean 110 puntu kilometrikoaren (Basauri) eta 139 puntu kilometrikoaren artean (Kantabriako muga) kokatzen dira, A-8 errepideko tarte horretan eta tarte horretako sarbideetan, bi noranzkoetan, gorabeheraren bat izan duten autoak erreskatatzeko. Trafiko Zuzendaritzak, Ertzaintzarekin adostuta, aurrez zehazten ditu garabien kokalekuak —bi noranzkoetan errepide-tarte handiak hartzen dituzten puntu estrategikoak dira—.

Erreskate-garabi batek, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik mobilizatzeko abisua jasotzen duenetik zerbitzua egin behar duen puntura iristen den arte, batez beste 12 minutu behar ditu.

Zerbitzu horren ohiko ordutegia goizez 7:30etik 9:30era eta arratsaldez 17:30etik 19:30era izaten da, astelehenetik ostiralera. Nolanahi ere, ordutegi hori malgua da eta urte-sasoiaren arabera alda daiteke, istripuen datu estatistikoen arabera. Ezbeharra izan duten autoak zerbitzuaren enpresa esleipendunaren instalazioetara garraiatzen dira, eta bertara jo beharko du ibilgailuaren laguntza-zerbitzu partikularreko garabiak.