Conversando con Lutxo Egia

  • Conversando con Lutxo Egia
uberan.eus

  • Fecha22 de Septiembre
  • Temática Artes escénicas, Literatura

Sormenaren ez ohiko generoak eta moduak transitatzen jardun da Lutxo Egia bere azken proiektuetan. Abuztuan Bartzelonan egindako Transitoak II: Hau da nire performancea eta iazko Cafe Bilbao saria jaso duen Identitarteak antzezlana (osorik irakurri daiteke hemen) izan ditugu mintzagai elkarrizketa honetan.

Elkarrizketa hau berriki ezagutu dizkizugun bi proiekturen inguruan egingo dugu batez ere: Identitarteak antzezlana (Cafe Bilbao sariketaren webgunean irakurri daiteke osorik), eta Transitoak: Haren da nire performancea. Lehenagotik egin zenuen Transitoak: Bi-lingual performancea, zeinean 31 egunez uko egin zenion hizkuntza hegemonikoa erabiltzeari, eta gaztelerazko hitz erdirik esan gabe eman zenuen hilabetetik gora Bilbon. Gaiari dagokionez, zerikusia dute hiruek: nortasuna da ardatza. Funtsean, zerk eraman zaitu gai horretan arakatzera, zer nolako bulkada dago oinarrian?

Identitateen auzia udako bero-sapa legezkoa da: ikusi ez, baina nabaritu egiten duzu ezinbestean. Hizkuntz-identitateak daude bulkada horretan, ziurrenik. Abiapuntua ustez sinplea zen: erdalduna euskaldunak asmatutako kategoria da. Euskaldunik gabe, ez dago erdaldunik. Baina erdalduna eroso bizi da, 24 orduz erdaraz, eta euskalduna, aldiz, itota, penetan, ezinean. Horrela azalduta zoroen kontua dirudi. Poliki-poliki, hizkuntz-identitateen zurrunbiloan murgiltzen hasi nintzen eta gaur arte.

Zu sortzaile gisa literatura mundutik ezagutzen zaitugu batez ere. Lan hauek berriz, antzerkiarekin, edo zentzu zabalago batean arlo eszenikoarekin dute zerikusia. Gutxitan ikusten da literatur idazle batek argitalpengintzan ibilbidea egin ostean, gorputza erabiltzen duten lengoaietara modu horretan gerturatzen (agian ohikoagoa da kontrakoa, antzerkia egitetik liburuan argitaratzea pasatzea). Zerk eraman zaitu beste adierazpen mota hauetara?

Sano interesgarria da diozun hori, eta ez dut gogoeta handirik egin orain arte. Esan liteke literatura, zenbaitentzat, elefanteen hilerria dela. Oso gustuko dut Enrique Vila-Matasen pertsonaia batek, idazlea bera, kixote-aire batez aldarrikatzen duenean testutik ateratzea. Orduan, idazlearen ikuspuntutik, esan liteke ni neu ere testutik irten naizela, geroago bertara bueltatzeko asmoz. Zerk eraman nau, bestalde? Beharrak, agian. Orain dela hiru urte, esan bezala, hiztun-tipologien gainean gogoetatzen hasi nintzen. “Euskaldun”, “erdaldun”, eta beste kategoria batzuk aztertu nahi nituen, baina ez soziolinguismotik. Artea askoz egokiagoa iruditu zitzaidan. Alegia, gogoeta haiek guztiak azaldu, definitu eta mahai gainean jarri ostean, praxi artistiko baten bidez sakondu. Enuntziado teoriko bat, performance bat eta, ondo bidean, ondorio batzuk. Jakina, jakitun nintzen eremu batera sartzen ari nintzela, baina gauzatu egin nuen arrotz sentitu barik. Eta uztailean Bartzelonan eginikoan ere ez dut neure burua tokiz kanpo ikusi.

Performancea zehazki oso lotua egon da artearekin eta -feminismoaren bidetik batez ere- aldarrikapenak egiteko modu garaikideekin. Zerk erakarri zaitu performancearen mundutik, nola iritsi zara bertara? Ikertu egin duzu lehenago performancea zer den, zer mota dauden…?

Ez, ez dut ikertu. Zeozer irakurri dut, Geraldine Harrisen edo Judit Vidiellaren zenbait testu, kasu. Neuk aski modu sinplean ikusten dut: ingelesez duen adiera zabaletik harago (jardun, alegia), performanceak praktika estetikoak dira non, gogoeta batetik abiatuta, subjektua bera bilakatzen den obra artistikoaren ardatza inguruan eragiteko eta non gorputza eragin-eremu bilakatzen den, borroka-eremu batzuetan. Azken beltzean, horixe da helburu behinena: mota horretako ekintza baten bidez jendartean eragitea. Lagun batek esaten badizu, “honek zer pentsa eman dit” esan liteke helburua lorturik dagoela.

Performancea funtsean akzioa da. Zuk egin dituzun ekintzak nolanahi ere, arte mundukoa (soilik) ez den hartzaile bat izan dute jomugan, euskalgintzarekin loturik egon dena kasu. Akaso performancea normalean arrotza zaion publiko batengana eraman duzu, nortasunaren gaia erabilita? Interesgarria litzateke performancea beste eremu batzuetan tresna gisa erabiltzea?

Akzioak lurralde ezezagunetara eroan gaitzake. Katalunian hori gertatzen ari da egun hauetan. Ezohiko akzio-kate baten aurrean gaude, eta horrek beste lurralde batera eroan gaitu. Ez dakigu zer gertatuko den, baina ez balute ezer egin aurreko eszenatokian egongo ziratekeen oraindik. Ekintza edo performance politiko hauek guztiak zerbait astintzen, kolpatzen, iraultzen, aldatzen, mudatzen, eraldatzen eta, azken finean, sortzen ari dira. Berdin da zer (gainera hobe ez ulertzea modu estatiko batez), baina alimaleko sorkuntzan ari dira. Ekintza artistikoa, bestalde, ekintza politikoa da. Gogoeta hutsean geratuko bagina, filosofian geundeke. Baina gogoetari akzio estetikoa gehitzen badiozu, praktika artistiko bat daukazu. Eta praktika hori baliagarria da bizitzaren edozein arlotan eragiteko, alegia, jendeari zer pentsa emateko. Lehenago aipatu duzu feminismoa: 70eko hamarkadan Marta Rosler edo Faith Wilding bezalako artista feministak performanceak baliatzen hasi ziren erakusteko genero-identitatea hainbat akto errepikatu eta erregulatzailetik sortzen den eraikitzea dela. Artista haiek beren inguruan eragin zuten eta ekarpen oso baliagarria egin zieten generoaren inguruko ikerketei. Baina, horretaz gain, arteari berari ere egin zioten, praktika berritzaileak zabaldu zituztelako.

 

 

Leer información completa en el sitio web de la fuente