Azken eguneratzea: 2012/08/16

Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak prebentzioa eskatu du, tenperatura altu iraunkorrak eta muturreko tenperatura maximoak direla-eta.máximas extremas.

Iragarpenen arabera, ostiraletik aurrera tenperatura altu iraunkorrak eta muturreko tenperatura maximoak izango ditugu berriz ere. Horrek Iberiar Penintsulan izango du eragina eta, bereziki, EAEn. Egoera hori astelehenera arte luza daiteke.

Eguraldi-egoera honako ezaugarri hauek zehaztuko dute: britainiar irlen mendebaldean dagoen depresio batek eta Europako erdialdean dagoen antizikloi batek hegoaldeko fluxu ahula bultzatuko dute penintsulara. Egoera horren eraginez, Afrika iparraldetik etorriko den aire oso beroa sartuko da. Aire bero hori gaurtik (osteguna) aurrera nabarituko dugu, eta tenperaturek gora egingo dute pixkanaka-pixkanaka. 1.500 metro inguruko altueran, aire-masak tenperatura altuak izango ditu EAEn, 22-24 ºC ingurukoak, eta ostiralean eta larunbatean balio horiek 24-26 ºC ingurukoak izan ahalko dira.

Egoera horrekin, ostiraletik aurrera, tenperatura maximoak 36 ºCtik gorakoak izan ahalko dira barrualdean, hegoaldeko haizeak lagunduta. Kostaldean, brisak baldintzatu egingo ditu tenperatura maximoak, eta, brisa horren eraginez, 33-34 ºC inguruan geratuko da tenperatura. Edonola ere, baliteke zona batzuetan hegoaldeko haizearen eraginez itsas brisa ez sartzea, batez ere ostiralean eta larunbatean; kasu horretan, tenperatura maximoak 35 ºCtik gora egon ahal izango dira.

Hegoaldeko haizearen eraginez, gauak ere beroak izango dira, eta tenperatura minimoek balio altuak izango dituzte, bereziki kostaldean; gaueko tenperatura horiek 20 ºC ingurukoak izango dira. Barrualdean, gaueko tenperaturak 16-18 ºC ingurukoak izango dira.

Astelehenetik aurrera, ziurrenik, depresioa bete eta urrundu egingo da, eta hegoaldeko haizeen fluxua ahuldu egingo da. Horrela, ziurrenik, aire beroaren masa urrundu egingo da, apurka-apurka. Urruntze horri esker, asteartetik aurrera giroa baretu egingo da, baina, hala ere, barrualdean, tenperaturak nahiko altuak izango dira ostegunera arte.

Tenperatura altuei dagokienez, Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak prebentzio neurri hauek hartzeko gomendatu die herritar guztiei: 

  • Likido ugari edatea, bereziki ura, deshidratatzeko arriskua saihesteko. Likidoak edan, egarri izan arte itxaron gabe. Alkohola, kafeina edo azukre gehiegi duten edaririk ez edan.
  • Elikagai arinak jan (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, fruta, etab.). 
  • Eguzkiaren argia jasotzen duten leihoak itxi eta pertsianak jaitsi; bero gutxien egiten duen orduetan etxea aireztatu eta freskatu. 
  • Arropa egokiak jantzi, lasaiak, arinak eta kolore argiak dituztenak; oinetako erosoak eta freskoak erabili. 
  • Bero gehien egiten duen orduetan saiatu kalera ez ateratzen. 
  • Nahitaez atera behar izanez gero, burua estali eta eguzkitako betaurrekoak jantzi; saiatu beti itzaletik joaten. 
  • Kirola eginez gero, bero gutxien egiten duen orduetan egin. 
  • Ez utzi inoiz pertsona edo animalia bat edo ez geratu inoiz aparkatutako ibilgailu itxi batean, itzalean egon arren. 
  • Gogoan hartu etxe barruan 35º edo gehiagoko tenperatura baldin badago, haizagailuek ez dituztela saihesten beroak osasunean eragin ditzakeen ondorioak. Freskatzeko beste metodo batzuk erabili behar dira, esaterako dutxa edo bainu hotzak hartzea, edo aire girotua duen gertuko toki batera joatea. 
  • Bereziki zaindu pertsona nagusiek eta haurrek ere gomendio hauek betetzen dituztela. Bakarrik bizi diren pertsonei ere arreta berezia eskaini.

Horrez gain, Herrizaingo Sailak sute arriskuaz ohartarazi nahi du, eta herritar guztiei dei egiten die edozein egoera arriskutsu saihets dezaten. Horren haritik, jokabide jakin batzuk arriskutsuak direla gogorarazi du, besteak beste, mendietan sua piztea (Arabako lurraldean debekatuta dago) edota zigarreta mutxikinak botatzea. 

Euskalmet Euskal Metereologia Agentziaren aholkuak jarraitzea gomendatzen da, http://www.euskalmet.euskadi.net webgunean zein Twitter bidez, @ Euskalmet erabiltzailean.