Azken eguneratzea: 2012/05/21

CCOO, UGT, ANPE, STES, CSIF ETA CSIF UNIVERSIDAD Sindikatuek hezkuntzako sektore publikoan maiatzaren 22rako deitu duten grebarako gutxieneko zerbitzuak

CCOO, UGT, ANPE, STES, CSIF eta CSIF UNIVERSIDAD erakunde sindikalek 24 orduko grebarako dei egin dute 2012ko maiatzaren 22rako. Deialdi horrek “Espainiaren esparru geografiko eta juridikoaren barruan hezkuntzaren arloko herri‑administrazioetako langile eta funtzionario publiko guztiek egiten dituzten lan- eta funtzionario-jarduera guztietan eragingo du, atzerriko hezkuntza-administrazioaren mendeko langile kontratatuek eta funtzionarioek —Instituto Cervantes erakundekoak barne— egiten dituzten lan-eta funtzionario‑jarduerak barne; hau da, Estatuko hezkuntza-administrazioaren, tokiko administrazioaren, kanpo-zerbitzuko hezkuntza administrazioaren, Instituto Cervantes erakundearen eta unibertsitatearen mendeko funtzionario eta langile guztiengan du eragina.”

Deitutako lanuztea 2012ko maiatzaren 22an izango da, 0:00etatik 24:00etara.

Horregatik guztiagatik, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, Eusko Jaurlaritza eskuordetuz, 2012ko maiatzaren 18ko Aginduan, honako hau

EBATZI DU:

Lehena.‑ Euskal Autonomia Erkidegoan sektore publikoko langile guztiek 2012ko maiatzaren 22rako, ordu-tarte desberdinetan, deialdia egin zaien grebarako eskubidea balia dezakete, betiere ondoren adierazten diren funtsezko prestazioak eta horien ondoriozko gutxieneko zerbitzuak atxikita:

Ikastetxe publikoetan, unibertsitate-zentroetan eta haurreskoletan, ondoren adieraziko diren zerbitzuak mantenduko dira honako langile hauekin:

a) Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza:

Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro Publiko bakoitzeko: zuzendaritza-taldeko pertsona 1 eta urgazleen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.

b) Haurreskolak Partzuergoa eta udal-titulartasuneko haurtzaindegiak:

Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro bakoitzeko koordinatzaile 1, edo ordezkatuko duen pertsona 1.

c) Euskal Herriko Unibertsitatea:

1)      Zentroetarako eta horiei lotutako eraikinetarako sarrera-kontrola bermatzeko: Zentro bakoitzeko eta/edo lotutako eraikin bakoitzeko atezainen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.

2)      Egutegi Akademikoan planifikatutako azterketak egiteko: azterketa egiteaz arduratuko den irakasle 1.

d) Goi Mailako Musika Ikastegia, MUSIKENE: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, atezainen plantillako pertsona 1 lotutako lau eraikinetako bakoitzarentzat eta goizeko eta arratsaldeko txanda bakoitzerako.

Bigarrena.- Zerbitzu horiek greba egin behar ez duten langileek emango dituzte, ahal izanez gero.

Hirugarrena.‑ Agindu honen aurreko idatz-zatietan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezin dira aldatu horiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketa edo geldialdien ondorioz. Halakorik gertatuz gero, legez kanpokotzat joko dira eta horiek egiten dituztenak erantzule izango dira, eta erantzukizuna eskatuko zaie indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera.

Laugarrena.‑ Aurreko artikuluetan xedaturikoa gorabehera, greba egiten duten langileen eskubideak ez dira inolaz ere murriztuko, ezta grebarako deia egin dutenen eskakizunen izapidetzea eta ondorioak mugatuko ere.

Bosgarrena.‑ Grebaren deialdia egin duten sindikatuei eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari jakinarazi behar zaie Agindu hau, bete dezaten eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan –Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila- argitaratu behar da.

Seigarrena.– Agindu hau aldeei jakinarazten zaien unean jarriko da indarrean.

Agindua, 2012ko maiatzaren 18koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena. Honen bidez bermatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntzaren sektore publikoan 2012ko maiatzaren 22rako deitutako grebak dirauen bitartean erkidegoari eman behar zaizkion funtsezko zerbitzuak beteko direla.