Azken eguneratzea: 2012/06/01

Eusko Jaurlaritzak Administrazioan telelanean aritzeko modalitatea arautu du dekretu bidez

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langile publikoentzat, telelanaren formulaz zerbitzua modalitate ez-presentzialaren bidez ematea arautzen duen dekretua onartu du asteartean Jaurlaritzaren Kontseiluak.

Justizia eta Herri Administrazio Sailak iaz 29 langilerekin egin zuen esperientzia pilotuak izandako arrakasta ikusita, Eusko Jaurlaritzak telelana dekretu bidez arautzea erabaki du. Modalitate horretaz 330 langile publiko inguru balia daitezke.

Dekretuak, aplikazio-eremuaz gain, honako hauek arautzen ditu: lan-erregimena, telelanaz baliatzeko baldintzak, modalitate horretarako egokiak diren lanpostu motak eta jarraipena.

Hasieran, langile publiko hauek –funtzionario zein lan legepeko aritu daitezke telelanean: lanpostuan gutxienez bi urtez ari direnak, eta aholkularitza-lanak, txostenak eta itzulpenak egiten dituztenak, dokumentuak idazten dituztenak, sistema informatikoak kudeatzen dituztenak eta antzeko funtzioak egiten dituztenak.

Telelana urtebeterako izango da, gehienez. Urtebete igarotzean, langilea modalitate presentzialera itzuliko da, sei hilabeterako, gutxienez. Horrekin langile publikoak deserrotzea saihestu nahi da.

Telelanean, asteko lanaldia honela banatuko da: astean hiru egunetan, langile publikoak etxean egingo du lana, eta astean bitan, bere lanpostura joango da, daukan lanaldi eta ordutegiaren arabera, koordinazio-bileretara joateko eta proiektu komunetan parte hartzeko.

Sail batean telelanean aritzeko eskabide bat baino gehiago jasotzen bada eta, antolakuntza-arrazoiak tarteko, guztiak baimentzerik ez badago, lehentasuna izango dute ezintasun iraunkor edo iragankor bat duen langile publikoek, genero-indarkeriaren biktima izan direnek, adingabeak edo mendetasuna duten senitartekoak zaindu behar dituztenek edo ikasten ari direnek. Etxebizitzatik lanpostura dagoen distantzia eta joan-etorrietarako garraio publikoaz baliatzeko zailtasuna ere hartuko dira kontuan.

Administrazioak honako hauek emango dizkio telelangileari: ordenagailu eramangarri bat, langilearen saileko aplikazio informatikoetarako sarbidea izango duena; IP telefono-zenbaki bat edo eramangarri korporatibo bat; eta telefono bidezko arreta-zerbitzua, zerbitzuan gorabeheraren bat gertatzen denerako. Telelangileak Interneten sartzeko linea jarri beharko du, Administrazioak zehazten dituen ezaugarrien arabera.

Funtzio Publikoko sailburuorde Juan Carlos Ramosen hitzetan, “telelanak eskaintzen dituen aukerak baliatu nahi ditugu, Administrazio Publikoko lan-prozesuak berrantolatzen aurrera egiteko, langileen autonomia eta konfiantza ardatz dituen kudeaketan oinarrituta; horrekin, langileen motibazioa eta, horrenbestez, errendimendua hobetuko da eta absentismoa gutxituko, eta, besteak beste, emaitzetara, Administrazioaren eraginkortasuna hobetzera eta lana eta familia hobeto uztartzera bideratutako lan-kultura garatuko da”.

“Telelana” proiektu pilotuan parte hartu zuten langile gehienek telenak dakartzan onura hauek balioetsi zituzten: denbora aurreztea edo hobeto kudeatzea (%100), errendimendua eta lanaren kalitatea handiagotzea (% 85) eta motibazioa areagotzea (%61). Halaber, haien hitzetan, telelanari esker segurtasuna handitu egiten da, distantzia handiko joan-etorriak murrizten direlako, eta garraio-gastuak nabarmen murrizten dira.

Telelanari buruzko dekretuaren bidez,Jaurlaritzak helburu hauek lortu nahi ditu:

• Langile publikoen konfiantzan, ekimenean eta autonomian oinarritutako kudeaketa hartzea.

• Lanerako motibazioa hobetzea, eta, ondorioz, lan-errendimendua handitzea eta absentismoa murriztea.

• Emaitzetara bideratutako lan-kultura garatzea.

• Lan- eta familia-erantzukizunak bateratzen laguntzen duten neurriak areagotzea.

• Lan-denborak malgutzea eta banatzea, zerbitzu publikoaren kalitateari eragin gabe, lan presentzialaren kultura gaindituz.

• Mugikortasun-premia bereziak dituzten kolektiboentzako lan-baldintzak hobetzea.

• Administrazioa eraginkorragoa izan dadin lortzea.