Euskadik % 80 murriztuko ditu berotegi-efektuko gasen isurpenak 2050 urterako

2015_06_02_lhk_gobierno_urdaibai_032.jpg

2015.eko ekainak 02

  • Europako emisio guztien % 0,5 Euskadin isurtzen dira
  • 2050erako Klima-Aldaketaren Euskadiko Estrategiak 9 jomuga eta 24 jarduera-ildo ditu

 

Busturian, 2015/06/02

Euskadi prestatuta dago klimaren erronkei aurre egiteko gobernu-kontseiluak 2050erako Klima-Aldaketaren Euskadiko Estrategia gaur onartu ondotik. Estrategia horren ondoriozko ekintzen bidez isurpenak % 40 murriztu ahalko dira 2030erako, eta % 80 2050erako. Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik gaur goizean aurkeztutako estrategiak barne hartzen ditu etorkizuneko klima-aldaketen ondorioetara egokitzeko eta ondoriook arintzeko Euskadik izango dituen jarduteko ildoak eta bitartekoak.

 

«Estrategia honi esker, Euskadik berariazko bitarteko bat bereganatuko du, bertako errealitate sozial eta ekonomikora eta ingurumenera egokitua. Herrialde-mailako proiektua da, Europak bultzatzen dituen ildoekin lerrokatuta, Jaurlaritzako Sail guztiak barne hartzen dituena, zeharkakoa denez, eta, aldi berean, koherentea hiru lurralde historikoetan eta udalerrietan bultzatutako politikekin», adierazi du Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik.

 

Klima-aldaketaren ekinbideak bi funtsezko ardatz izango ditu; arintzea eta egokitzea, lurraldeak etorkizuneko erronkei aurre egin ahalko diela ziurtatzeko. Euskadiko Biodibertsitate Zentroan –Ingurumenaren Mundu Eguna dela medio– bilduta, Jaurlaritzako gobernu-kontseiluak gaur onartu duen estrategiaren arabera, klima-aldaketaren aldagaia bere egin behar dute sektore-politika guztiek, ikuspegi bateratu baten bidez aurre egin beharreko ingurumen-erronka izaki klima-aldaketarena. Ikuspegi integral hori dela medio, aurreikusitako jarduteko ildo guztiak toki- eta eskualde-esparruan gauzatuko dira, jarduera-sektore guztietan.

 

Estrategia berri horren bidez, Eusko Jaurlaritzak konpromiso sendoa duen euskal gizartea eta ekonomia jasangarri eta lehiakorra egituratu nahi ditu. Aurreikusitako jarduerak bat datoz Europar Batasunak arlo horretara bideratutako ahaleginekin eta aurreikusitako horizonteekin.

 

Egokitzapen-premiak honako sektore hauetarako zehaztu dira batik bat: ingurune naturala, hirigintza-sektorea, lehen sektorea eta itsasertzen babesa. Horretarako, estrategiak 9 jomuga finkatu ditu, tartean, hauek: karbono-kontsumo txikiko energia-ereduaren alde egitea; isurpenik gabeko garraioa; lurraldeko eta natura inguruneko eraginkortasuna eta erresilientzia areagotzea edota berrikuntza, hobekuntza eta ezagutza-transferentzia sustatzea. Horiek guztiak lortzeko, 24 jarduera-ildo abiaraziko dira industrian, garraioan, energian eta hondakinetan, besteak beste.

 

Helburu horiek lortzeak are egoera sendoagoan ipiniko du Euskadi berokuntza globalaren aurrean; gaitasun handiagoa izango du erronka berriei aurre egiteko eta berotegi-efektuko gasen isurpenak murriztuko ditu, egun Europar Batasun osoaren % 0,5 direnak.

 

Zehazki, estrategia abiarazita, espero da Euskadik berotegi-efektuko gasen isurpenak, 2005ekoen aldean, % 80 murriztea 2050erako. Bestalde, energia- eta industria-sektoreek % 50eko murrizketak lortuko dituzte, energia berriztagarriak erabili eta eraginkortasun energetikoko teknologia sortuz. Halaber, energia berriztagarrien kontsumoa kontsumo osoaren % 40 izatea nahi da 2050erako.

Parisko COPa miran duen estrategia

 

Eusko Jaurlaritzak klima-aldaketari buruzko estrategia garai onean onartu du, sei hilabete barru egingo delako Klima-aldaketari buruzko Munduko Konferentzia Parisen (COP21). Mundu osoko herrialdeak bilduko dira klima-aldaketaren arloko nazioarteko konpromiso berria ezartzeko, Kyotoko protokoloaren indarraldia agortuta. Euskadik aurrez egindako bitarteko batekin hartuko du parte, ingurumeneko helburuak eta horiek betetzeko beharrezkoak diren jarduteko ildoak jasota daudena.

 

 

 

2050erako Klima-Aldaketaren Euskadiko Estrategia: jomugak eta jarduera-ildoak

 

1. jomuga: Karbono gutxiko energia-eredu baten alde egitea.

 

            Jarduera-ildoak:

-          Eraginkortasun energetikoa hobetzea eta energia-eskaera kudeatzea.

-          Energia berriztagarriak bultzatzea.

-          Eraginkortasun energetikoaren eta energia berriztagarrien arloko irizpideak sustatzea hiri-ingurunean, «zero isurpeneko eraikuntzak» lortzearren.

 

2. jomuga: Emisiorik gabeko garraio baterantz aurrera egitea.

 

Jarduera-ildoak:

-          Intermodalitatea eta BEG emisio txikiagoak dituzten garraiobideak bultzatzea.

-          Petrolioaren eratorrien kontsumoa ordeztea.

-          Garraio-azpiegituretan urrakortasun-irizpideak eta moldaera-irizpideak txertatzea.

 

3. jomuga: Lurraldearen eraginkortasuna eta erresilientzia areagotzea.

                       

Jarduera-ildoak:

-          Klima-aldaketarekiko erresilientea, konpaktua eta erabileran mistoa den hiri-egitura bultzatzea.

-          Lurralde-plangintzan urrakortasunaren analisia eta klima-aldaketarako moldaera txertatzea.

 

4. jomuga: Ingurune naturalaren erresilientzia handitzea.

 

            Jarduera-ildoak:

-          Ekosistemen multifuntzionaltasuna sustatzea prozesu biologikoen eta geologikoen erregulatzaile gisa.

-          Klima-aldaketaren aldagaia txertatzea kostaldeko eremuen kudeaketan.

 

5. jomuga: Lehen sektorearen erresilientzia handitzea eta haren emisioak murriztea

 

Jarduera-ildoak:

-          Nekazaritza-ekoizpen integratua, ekologikoa, tokikoa eta BEG emisio gutxiagokoa sustatzea.

-          Euskadik karbono-hustuleku gisa duen indarra areagotzea.

-          Lehen sektoreko praktikak eta kudeaketa klima-baldintza berrietara moldatzea.

 

6. jomuga: Hiri-hondakinen sorrera murriztea eta zero isuria lortzea trataerarik gabe.

 

Jarduera-ildoak:

-          Hiri-hondakinen sorrera murriztea.

-          Bilketaren eta gaikako bereizketaren ratioak areagotzea eta ondoren berrerabiltzea, birziklatzea eta balorizatzea.

 

7. jomuga: Arriskuei aurre hartzea.

           

Jarduera-ildoak:

-          Epe luzera begira bermatzea ur-hornidura hainbat erabileratarako.

-          Eraikitako ingurunearen eta azpiegitura kritikoen (energia, ura, elikadura, osasuna eta IKTak) erresilientzia bermatzea muturreko gertaeren aurrean.

 

8. jomuga: Berrikuntza, hobekuntza eta ezagutzaren transferentzia bultzatzea.

 

Jarduera-ildoak:

-          Berrikuntza sustatzea eta ezagutza zientifikoa hobetzea eta transferitzea.

-          Klima-aldaketaren efektuen monitoretza- eta jarraipen-sistema bat ezartzea.

 

9. jomuga: Euskal administrazio publikoa arduraduna, eredua eta erreferentea da klima-aldaketaren arloan.

 

            Jarduera-ildoak:

-          Klima-aldaketaren arloan trebetasunak eta gaitasunak eskuratzeko prestakuntza-jarduerak garatzea.

-          Klima-aldaketaren arloan biztanleak sentsibilizatzea, prestatzea eta informatzea.

-          Zero emisio maila duen administrazio publikoa.

-          Klimaren arloko ekintzarako erakundeen arteko koordinazio mekanismoak finkatzea.

-          Euskadi nazioarteko mailan kokatzea klima-aldaketaren arloan.