HABE eta NABOren arteko hitzarmena

habe_nabo_hitzarmena.jpg

2013(e)ko Abenduak 23

HABEko zuzendari nagusia den Joseba Erkiziak eta NABOko (North American Basque Organizations) euskara chairman-a den Martin Goikoetxeak Ipar Amerikan emango diren euskara eskolak babesteko hitzarmena sinatu dute. 2013-14 ikasturte honetan 16 ikastalde arituko dira euskara ikasten AEBn, beste  horrenbeste klubetan. Guztira 205 ikasle eta 2000 eskola ordu ematea aurreikusten da. Horrez gain, HABE eta NABOk sinatu duten hitzarmen honetan, AEBtako irakasleen prestakuntza plana eta beren jardunerako beharrezkoak dituzten ikas-materialez hornitzeaz arduratuko da HABE. Irakasleen prestakuntzari dagokionez 2013-14 ikasturtean 2010ean hasi zen irakasle taldea prestatzen jarraituko du Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntze Erakundeak.

Bi eratako trebakuntza aurreikusten da 2014rako, hitzarmenari esker. Batetik, otsailaren 21 eta 22an Boisen, gaur egun eskolak ematen ari diren irakasleen topaketa izango da. Bertan, irakasle horiek eguneroko jardunean dituzten zailtasunak partekatu eta arintzen ahaleginduko da HABE, bai eta beren jarduna ahalik eta bateratuena izan dadin ere. Bestalde, 2010eko irailean hutsetik hasi zen irakasle berrien trebakuntzarekin jarraituko dugu. Bai on-line, urte osoan zehar, bai aurrez-aurre urtero ekainean egiten den barnetegian elkartuz. Ikas-materialei dagokienean ere, hasierako hiru urratsak, euskara /ingelesez emateko material ugari helarazi diegu, bai aurrez-aurrerako, bai on-line egiteko.

Hitzarmen hau HABEren Euskara Munduan programaren baitan kokatu behar da. 2013/14 ikasturterako 19.000 eskola ordu baino gehiago emango dira HABE eta Euskal Etxeen Federakuntzen artean sinatuko diren 30 hitzarmenen baitan. Ikasturte honetan, bi Euskal Etxe gehitu dira programara: Fundación Centro de la cultura Vasca Gure Mendietakoak (Kolonbia) eta Bruselako Euskal Etxea. Horiekin, munduko 80 bat Euskal Etxetan emango dira eskolak eta 2400 bat ikasle heldu arituko dira.