Azken eguneratzea: 2012/07/30

Internet bidezko bidaia-agentziak

Modu seguruan kontratatzeko gomendioak

Gero eta bidaia gehiago eskaintzen eta kontratatzen dira Internet bidez. Online kontratatzeak sekulako eskaintzak aurkitzeko aukera ematen digu, eta dirua aurreztekoa. Hala ere, kontuz ibili behar dugu, batzuetan, merkea dena larrutik ordaintzen baitugu azkenean.

Leku liluragarriak erdi prezioan, hotelak prezio oso onean, hegaldi eskaintzak eta bidaia-bonuak... Fidagarriak al dira? Garbi dago guztiak ez direla fidagarriak. Urtero, bidaia-kontuetan iruzur egiteko modu berriak asmatzen dituzte. Batetik, Internetek aukera eta eskaintza onak ematen dizkigu bidaiatzeko, baina, bestetik, iruzur egitea ere erraztu egiten du.

Iruzur egiteko modu ohikoenetako bat da bidaiak eta zerbitzuak saltzea dagokien baino kalitate hobea izango balute bezala. Kontratatu ez ditugun kontzeptuengatik ere zenbatekoak zordunduko dizkigute. Beste batzuetan, norakora iristean, egindako erreserba ezeztatu egin dutela jabetzen gara, bitartekari gisa aritu den agentziak (Internet bidez kontratatu dugu) ez duelako ordaindu bidaia-agentzia handizkariari ordaindu beharreko diru kopurua, nahiz eta guk bidaia osoa ordaindua dugun.

Horrelako kasuetan, oso zaila da erreklamazioak egitea, baina komeni da gure eskubideak babestea, ohiko agentziekin egingo genukeen moduan. Jarraian, bidaiak Internet bidez modu seguruan kontratatzeko eta iruzur eginez gero zer egin behar dugun jakiteko gomendioak azalduko ditugu:

  • Internet bidezko agentziari buruzko informazioa bilatzea. Jendeak bere iritzia azaltzen duen bidaia-foroak edo beste web orrialde batzuk irakurrita, agentziari buruzko ikuspegi orokorra izan dezakegu.

  • Agentziak ordaintzeko modu segurua darabilela ziurtatzea; datu pertsonalak eta banku-datuak agertzen dira ordainketa egitean. URL helbidearen hasieran “https://” ageri behar du ordainketa egiten ari garenean.

  • Atzerriko enpresa batek iruzur eginez gero: kontuan izan behar dugu ez dugula lege-babesik Espainiaz kanpoko enpresa baten aurka egiteko, baina atzerriko herrialdeko autoritateek haren aurka egin dezaketela. Hori dela eta, komeni da gertatutakoa Espainiak atzerriko herrialdean duen enbaxadan aurkeztea, herrialde horretako autoritateak estutu ahal izateko eta irtenbide egokia emateko.

Enbaxadan, komeni da NANa edo pasaportea eskaneatuta aurkeztea, eta gure erreklamazioa babesten duten agiri guztiak aurkeztea.

Dena den, kontuan izan behar dugu enbaxadak atzerriko herrialdean zuzemen ofizialak egin ditzakeela, baina ezin dituela herritarrak ordezkatu prozesu judizialetan.

  • Kreditu-txartelarekin ordaindutako diru kopurua itzultzen saiatzea, gure banketxean erreklamazioa eginez. Kreditu-txartela eman digun bankuak adieraziko digu zein den bide egokiena aipatutako zuzemenak egiteko.

 

Gai honekin lotutako informazioa:

- Kontsumobide. Kontsumoko gaiak: Bidaia konbinatuak

- Kontsumobide. Kontsumoko gaiak: Merkataritza elektronikoa