Azken eguneratzea: 2012/07/30

Arriola sailburuak onetsi egin du Azkoitiko Udalaren errekurtsoa eta ez dio diru-laguntza kendu, azkoitiarrei kalterik ez eragiteko

Iñaki Arriola Etxebizitzako sailburuak erabaki du Azkoitiko Udalaren gora jotzeko errekurtsoa onestea. Errekurtso horretan, obrak amaitzeko epea luzatzea eskatzen zen, Hiriber programako diru-laguntzaren % 100 jaso ahal izateko. 2011n gauzatu gabeko obrei dagokien diru-laguntzaren zatia ukatu egin zen, aurreikusitako epea ez betetzeagatik.

Errekurtsoa onestearen arrazoia izan da, obra erabat bukatuta ez bazegoen ere, haren zati handi bat epean eginda zegoela. Hala, udal-ordezkarien iritziak entzun ondoren, eta data honetan obrak guztiz amaituta daudela kontuan izanda, Arriola sailburuak balioetsi egin du diru-laguntzaren gainerakoa kentzeak ekarriko lukeen kalte larria, Udalaren diru-kutxarako ez ezik, Azkoitiko biztanleentzat eta enpresa kontratistarentzat.

2010eko irailean, Etxebizitza Sailak Azkoitiko Udalari 737.434 euroko diru-laguntza eman zion Txalon Eurekako urbanizazio-proiektuko obrarako, Hiriber programaren esparruan, lehentasunez esku-hartzeko beharra duten auzoak eta eremuak hobetzeko. Era berean, obrak gauzatzeko epearen luzapen orokorra eman zen, eta 2011ko abenduaren 31rako finkatu zen epe hori.

Hala eta guztiz, data horretan obra amaituta ez zegoenez, diru-laguntza zati batean kentzea eta haren parte bat itzultzeko betebeharra ezartzea erabaki zen.

Errekurtsoak bi zati hauek ditu: 2011ko abenduaren 31n, onartutakoa baino gauzatutako obraren zati handiagoa aintzatestea eta epea zabaltzea (abenduaren 27an eskatu zen), data horretan gauzatzeke zegoenaren ondorioz diru-laguntza kendu ez zedin. Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztearekin batera, Udalak bilera bat eskatu zuen Etxebizitzako sailburuordearekin. Arrazoiak argudiatu zituen eta, dokumentuak aurkeztuta, gauzatze-maila onartutakoa baino handiagoa zela erakutsi zuen. Beraz, sailburuordeak onartu egin zuen hasierako dokumentazioan kontuan hartutakoa baino obren gauzatze-maila handiagoa.

Udalean guztiz jakitun izanik ere epea 2011ko abenduaren 31n amaitzen zela (Etxebizitza Sailak udal guztiei hala ohartarazi zien), obrak ez ziren abenduaren 31n amaitu. Dena den, data horretan oso aurreratuta zeuden eta joan den ekainaren 22an amaitu ziren, aurkeztutako dokumentazioan egiaztatzen denez.

Hortaz, errekurtsoa ebazteko datan, egoera honako hau da: alde batetik, beteta zegoen Hiriber programaren helburua (auzoak eta hiri-eremuak hobetzeko lehentasunez esku hartzea, horien hiri- eta gizarte-narriaduraren ondorioz eremu marjinatu bihur ez daitezen) eta, bestetik, dagoeneko gauzatutako obraren % 65eko diru-laguntza kentzeak berekin ekarriko luke Azkoitiko Udala oso ondorio lazgarrietako egoera ekonomikoan erortzea.

Gainera, kontuan izanik ez dagoela konparaziozko bidegabekeriarik beste udalerri batekiko (esleitutako 41 proiektuen artean, hasitako eta amaitu gabeko obraren kasu bakarra baita), Arriolaren ustez, emateko dagoen diru-laguntza kentzea neurrigabeko erabakia izango litzateke. Hori dela eta, aparteko neurri gisa, errekurtsoa onetsi egin du, kontuan izanik diru-laguntza kentzeak ekarriko lukeen kalte larria, Udalaren diru-kutxarako ez ezik, Azkoitiko biztanleentzat eta enpresa kontratistarentzat.