Azken eguneratzea: 2008/03/04
Aurkituak bou motako ontzi baten aztarnak Matxitxako itsasaurrean

AZTI-Tecnalia Fundazioak itsas hondoen kartografia lanak egiten ari zen bitartean  aurkitu du eta udaberrian jakin ahal izango da zein ontzirenak diren. Aztarnak Nabarra ontziarenak izan daitezkeela uste dute adituek.

Multimedia edukietara sartzeko ataria

Azti-Tecnalia Fundazioak bou motako itsasontzi baten aztarna aurkitu duela jakitera eman du. Aurkitutako aztarna horiek Euskadiko Itsas Armadaren ontzi batenak izan daitezke. 

Adituek aztarnak Nabarra ontziarenak izan daitezkeela uste dute, Eusko Jaurlaritzak ezin du hori ziurtatu, datorren udaberrian, urpekariek bertara jaitsi eta lehorrera laginak ekarri ondoren jakin ahal izango da xehetasun osoarekin zein ontzia den.

Argi da bou motako ontzi baten aztarnak direla, hala ere ezin da guztiz ziurtatu zein ontzia den eta zuhurtziaz jokatu behar da, besteak beste litekeelako aztarna horiek Gerran zibilean matxinatu frankisten aurka borrokatu zuen Euskadiko Itsas Armadaren ontzi batenak izatea litekeelako. Ontzi horretan 30 marinel galdu ziren.

Horregatik eta horrela balitz aurkikuntza honek duen garrantzia kontuan izanda, zuhurtziaz jokatu behar da.

Aurkitutakoari buruz, Eusko Jaurlaritzak estekan bildu diren  txosten eta dokumentazio du eta  AZTI-Tecnalia Fundazioari agindu dio ikerketarekin jarraitzea ziurtasun osoarekin jakiteko zein ontzia den Matxitxako itsasertzean aurkitu den ontzi hondoratua.

Eusko Jaurlaritzak egun dituen informazioak hor aurkitutakoa bou motako itsasontzi bati dagozkiola erakusten dute. Ontziaren neurriak,  ditugun irudiak eta bere kokapenak Euskadiko Babeserako Itsas Armadaren bou batenak izan daitezkeela  usteko aukera ematen dute.     

Aurkikuntzaren historia

Eusko Jaurlaritzak aginduta, ingurumena ezagutzeko xedearekin,  AZTI-Tecnalia Fundazioak euskal itsasertzeko plataforma kontinentalaren kartografia egiten ari da. Planografia hau bereizmen handiko soinu-zunda  erabiliz egiten ari dira. 2007ko abuztuan Billano eta Matxitxako lurmuturren arteko itsas hondoen kartografiarako landa lana egin zen eta iazko azaroan adituek bildutako informazioaren azterketa egin zuten, horren barruan hondoratutako ontzi bat sumatu zuten Matxitxako lurmuturraren ondoko uretan, ontzia 100 metroetara itsas azpian hondoratuta eta nahiko osorik azaldu zen.

Zundak bildutako informazioaren azterketa zehatzak, hondoratutako ontziaren neurriak ateratzeko aukera eman zuen eta berauek erroldaren datuekin alderatu ziren. Ontzia bitan zatituta da, eta horrek ontziaren luzera zehazteko zailtasuna dakar, badirudi haren luzera 65 eta 70 metro bitartekoa izango zela.

Aldiz, ez da izan inongo arazorik hondoratutako ontziaren zabalera neurtzeko, honek karel arteko zabalenean 10,40 metro neurtzen du. Itsasertz  hartan hondoratu diren ontzien artean Nabarra ontziak zuen zabalera zehatz hori. Ontzi honen luzera 65,40 metrokoa zen, horretan ere bat dator aurkitutakoarekin, nahiz horren luzera ezin zehaztu izan bitan puskaturik dagoelako.      
 
Hori bera, txopa aldetik bitan zatituta egotea, bat dator garaiko informazioekin, guztietan esaten baitzen Nabarra ontzia txopatik hondoratu zela. Horrek, ontziak hondoa jo zuenean bitan zatitu zela zubiaren atzealdetik eta bitan puskatuta geratu zela itsas hondoan usteko aukera zabaltzen du.

Datu hauek erkatu dira itsasertz hartan hondoratutako beste ontzien datuekin, aztarna horiek bestelako ontziren batenak izan daitezkeen jakiteko. Egun dakigunaren arabera, Nabarra ontziaz gain, ez da gisa eta neurri horietako beste itsasontzirik ur haietan hondoraturik.

Soinu-zundak emandako informazioa gehitzeko asmoz, hondoratutako ontziaren irudiak grabatzeko lanari ekin zitzaion, honen nortasuna ziurtatze aldera. Ontziaren aztarnak 100 metro  ur azpian daude eta horrek urpekarien bitartez egindako identifikazioa zaildu eta garestitu egiten du. Horrexegatik irudi horiek lortzeko, urrutitik gidatutako ur azpiko gailua erabili zen.

Otsailaren 15ean egin zen ikuskapena  eta ontziaren branka aldera luzatu zen, hori sumatu baitzen izan zitekeela hobekien gordetako ontzi zatia.

Azterketa lau orduz luzatu zen eta hondoratutako ontziaren irudiak hartu ziren ondoren hauek Nabarra ontziaren jatorrizko plano eta argazkiekin erkatzeko. Planoak Vendaval izeneko bakailao-ontziarenak dira, izen hori eman baitzion Pasaiako PYSBE enpresak atoan binaka arrantza egiten zuen bou motako ontzi honi bakailao arrantzarako egin zuenean. Gerra hasi ondoren, ontzi honi, beste arrantza ontzi batzuei bezala, kanoiak ipini zitzaizkion, hala moduz blindatu zen eta Euskadiko Babeserako Itsas Armadaren zerbitzura jarri zen Nabarra izenarekin.

Hartutako irudietan azaltzen diren elementuak (makina txikia, baranda, aingurak, atetilak, eta abar), bat datoz Nabarra ontziaren ezaugarriekin, hala ere ez da azaldu brankako kanoiaren aztarnarik. Hori jasotzen zuen gunea oso kaltetua da, agian leku horretara zuzenduko zirelako Canarias kruzeroaren kanoikadak. Garaiko kronikak Nabarra ontziak 200 inpaktu baino gehiago jaso zituela diote eta itsas azpian jasotako irudietan horietako batzuen berri ematen zaigu.

Aurkituta aztarnak Nabarra ontziarenak dirudite, hala ere hori ehuneko ehunean ziurtatzeko  itsaspekariek  itsas hondora jaitsi eta lehorrera aztarna erabakigarriak (ontziaren kanpaia edo bestelakoak) jasotzea eskatzen du.

Itsas gudaldia 1937ko martxoaren 5ean gertatu zen, Matxitxako lur muturraren aurrean, egun hartan Francoren matxinatuen aldeko Canarias kruzeroak Bilboko bidean zen eta Euskadiko Itsas Armadako bouen babesean zetorren  konboi bati eraso egin zion. Nabarra ontziak hiru orduz Canarias kruzeroari aurre egin zion baina azkenean galdu egin zen hondoratuta Matxitxako aurrean. Itsas gudaldian Nabarra bouaren eskifaia osatzen zuten 49 marineletik 30 hil ziren.