Eskizofrenia zer den ulertzea

 

Zer da eskizofrenia?

Igo


Eskizofrenia zergati asko direla-eta sortzen den asaldu mental zorrotza da. Asaldu hori jasatzen duen ertsonarentzat zaila da bereiztea zer den eta zer ez den errealitatea. Horregatik, gizarteegoeretan arraro porta daiteke, memorian eta elkarrizketan arazoak azaltzen baititu.

Eskizofrenia dela-eta hondatuta gera daitezke bai gaixotasunak jotako pertsonak bai bere etxekoak eta gaixoa maite dutenak. Horregatik garrantzizkoa da patologia-mota horrekin kontaktuan dauden etxekoek eta bestelako pertsonek gaixotasun horri buruz zerbait jakin dezatela; izan ere, gaixotasuna zer den ulertzen bada, hobeto lagunduko zaie gaixoei.

Nortzuk dute eskizofrenia?

Igo


Eskizofrenia hala-nola arrunta den gaixotasuna da. 100 pertsonatatik batek izango du gaixotasun hori bere bizitzan zehar. Eskizofrenia 15-25 urte bitartean agertzen da, 12 urtetik beherakoetan agertzea arraro delarik. Proportzio berean jotzen ditu gizonezkoak eta emakumezkoak, azken horietan sintomak beranduago agertzen badira ere.

Zeintzuk dira eskizofreniaren sintomak?

Igo


Eskizofrenia duten pertsonetan modu askotako sintomak agertzen dira. Batzuetan, sintoma horiek bat-batean agertzen dira; baina gehienetan gaixotasuna astiro garatzen da, hileetako eta are gehiago urteetako prozesuan zehar.

Hasieran sintomak ez dira nabaritzen, edo beste arazoren batek sortutako sintomatzat har daitezke. Sarritan, pertsona horiek islaturik sentitzen dira, eta uzkurtu egiten dira, errealitatearen kontrola desagertzen doanean. Arazo horiek direla-eta, lagunak egiteko ezgauza ikusten dute beren burua eta, ondorioz, beren higieneaz eta itxuraz arduragabetu egiten dira. Eskolara joateari edo lan egiteari uztea dira gaixotasunaren beste sintoma goiztiar batzuk.

Gaixotasunak aurrera egiten duen neurrian, beste sintoma batzuk agertzen hasten dira. Pertsona modu arraroan portatzen eta zentzurik gabeko gauzak esaten hasten da. Eskizofrenia duten pertsonek aluzinazioak izan ditzakete, hau da, errealitatean ez dauden gauzak ikusi, sentitu, usaindu edo entzuten dituzte.

Sintomen zorroztasuna aldatu egiten da kasu batetik bestera, eta sintomen garapena ere aldakorra izan daiteke.

Eskizofreniaren Sintoma Arruntak

Igo


Oro har, eskizofreniaren sintomak sailkatzeko bi talde handi erabiliko ditugu: sintoma positiboak eta sintoma negatiboak.

  • Positiboak:
  • Pentsamenduaren Asaldua: Pentsamenduak topiko batetik bestera “saltoka” doaz. Pertsonak zentzurik gabe egiten du hitz, berbak sortuz edo horien ordez soinuak erabiliz.
  • Lilurak: Sinesmen edo pentsamendu faltsuak, errealitatean oinarririk gabekoak. Adibidea: auzoko bat dago eskizofrenia duen pertsonaren pentsamenduak kontrolatzen.
  • Aluzinazioak: Errealak ez diren gauzak ikusi, entzun edo sentitu. Eskizofrenia duten pertsonek beren portaerari buruz hitz egiten ari diren edo aginduak ematen ari zaizkien ahotzak entzun ditzakete.
  • Negatiboak:
  • Afektu kamutsa (edo interesik gabekoa): Beste pertsonekiko erreakzio afektiborik eduki ezina. Eskizofrenia duen pertsonak ez du sentimendurik edo hunkipenik erakusten. Ez du nahi begiradarekin kontakturik izan, eta keinu edo mugimendu gutxi egiten du.
  • Abulia: Berezkotasunik edo iniziatibarik eza.
  • Anhedonia: Inoiz atsegingarriak izan ziren jardueretan atseginik edo interesik ez izatea.
  • Atentzioaren falta: Kontzentrazio mentalarekin arazoak izatea.

Nola diagnostikatzen da eskizofrenia?

Igo


Beste gaixotasun batzuk eragindako antzeko sintomak egon daitezkeenez, garrantzizkoa da azken diagnostikoa psikiatra batek egin dezala. Diagnostikoaren oinarria pertsonarekin eta bere etxekoekin zintzoki egiten den elkarrizketa da. Gaur egun ez dago eskizofrenia diagnostikatzeko froga medikorik.

Zerk eragiten du eskizofrenia?

Igo


Eskizofrenia gaixotasun oso konplexua da. Eskizofreniaren jatorria leporatzen zaien faktore ezberdinen artean hauek daude:

  • Herentzia
    Eskizofrenia eragin dezaketen zergatietariko bat transmisio genetikoa edo herentzia da. Adituek diotenez, eskizofrenia Nola tratatzen da eskizofrenia? izateko joera heredatu egiten da, eta gaixotasuna odolkidetasunaren arabera agertzen da familia afektatu baten kideetan.
    Adibidez, guraso biologiko biek gaixotasuna badute, seme-alabak gaixotasuna izateko arriskua %40koa da. Hori horrela gertatzen da, nahiz eta seme-alaba gurasoak ez diren eta gaixotasuna ez duten pertsonek hazi. Alderantziz, osasun mental sanoko guraso biologikoen seme-alabei dagokienez, gaixotasuna hartzeko arriskua %1ean dago; eta hori horrela da, nahiz eta aita-amaordeek eskizofrenia izan.
    Eskizofrenia ez da transmititzen zuzenean begien edo ilearen kolorea bezala, baizik eta beste faktore batzuen inplikazioa behar da gaixotasuna ager dadin.
  • Ingurugiroa
    Ikertzaile askoren arabera, faktore genetikoen eta ingurugiroko faktoreen konbinaketa konplexu batek eragiten du eskizofrenia. Hau da, batetik faktore genetikoengatik aurretik gertu dauden pertsonetan agertzen da eta, bestetik, faktore horiei infekzioak, traumak edo estresanteak diren faktore psikologiko eta sozialak gehitzen zaizkie.

Nola tratatzen da eskizofrenia?

Igo


Eskizofrenia farmako antipsikotikoekin tratatzen da normalean, batzuetan, fase akutuan ospitalizazioa beharrezkoa izaten delarik. Tratamenduaren helburua fase akutuan sintomak murriztea da, bai eta berrerortzeak prebenitzea ere. Gaur egun ez dago eskizofreniarentzako behin-betiko sendaketarik.

Medikamentu antipsikotikoak oso eraginkorrak dira eskizofreniaren sintomak kotrolatzeko. Medikamentu horiek berrogeita hamar urtearen bueltan agertu ziren, eta ordutik hona eskizofreniak jotako milioika pertsonen bizitza-kalitatea hobetu dute, komunitatean bizitzeko laguntza izan baitira.

Eskizofreniaren konplexutasuna dela-eta, eta sintomen barietate indibiduala dela-eta, ez dago pertsona guztietan emaitza berberak sor ditzakeen medikaziorik. Pertsona batentzako onena den medikazioa ez da behar bada beste batentzako aukerarik onena.

Zoritxarrez, eskizofreniak jotako pertsona asko ez daude behar dituzten medikamentuak hartzen. Eskizofrenia kontrolatzeko medikazioak duen garrantzia ulertzea oinarrizkoa da pazienteentzat, etxekoentzat eta komunitatearentzat.

Errehabilitazioko programak laguntza izan daitezke eskizofrenia duten pertsonentzat; izan ere, eguneroko jarduerak egiteko behar diren gaitasunak garatzen lagunduko diete (dirua erabiltzen, janaria prestatzen, zainketa pertsonalak eta abar egiten…).

Psikoterapia indibidualak (zenbaitetan hitzaren bidezko terapia deitzen zaionak) eskizofrenia duen pertsonari mundu erreala eta irreala bereizten lagunduko dio.

Taldeko terapia laguntza izan daiteke eskizofrenia duten pertsonentzako; izan ere, terapia horrekin beren portaera-moduak eta beste pertsonekiko erlazio-moduak ikas ditzakete.

Autolaguntzako taldeek informazioa banatzen dute eta pazienteei eta beren etxekoei laguntza ematen diete, beste pertsona batzuk arazo berbera konpartitzen dutela uler dezaten.

Familia-talde psikoedukatiboak laguntza handikoak izan daitezke, familiako kideek eskizofrenia duen pertsona zaintzen zeregin aktiboa dutelako. Garrantzizkoa da etxekoek uler dezatela zer den gaixotasuna eta zein bere tratamendua, pazienteak ospitaleko alta hartu ondoren behar duen laguntza izan dezan. Familiako kideek erne egon behar dute berrerortze bat adierazten duten zeinuak ikusteko; horrela izanez gero, berehala laguntza medikoa bilatu behar dute, berrerortzearen zorroztasuna gutxitzeko eta berriz ospitalera eraman beharra prebenitzeko.

Noiz utzi dakioke medikazioak hartzeari?

Igo


Eskizofrenia normalean diabetesa eta arterietako hipertentsioa bezala bizitza guztirako gaixotasuna da. Eskizofrenia duten pertsonek gehienetan atentzio mediko espezializatua behar izango dute, eta bizitza osoan medikazioa hartu beharko dute. Antipsikotikoak ez dute Eskizofrenia sendatzen; sintomak kontrolatzen dituzte bakarrik.

Beren medikazioa hartzeari uzten dioten pertsona askok berrerortze bat izaten dute lehenengo urtean; fase akutuaren ezaugarri diren sintomei dagokienez, berriz, sarriago gertatzen da sintomok estabilitatea lortu eta 2 edo 3 hilabetera berriro agertzea.

Oso inportantea da Eskizofrenia duten pertsonek beren medikazioa etenik gabe har dezatela, krisi berriak prebenitzeko; eta inportantea ere bada, beren medikuarengana jo dezatela, tratamenduarekin edota gaixotasunarekin zerikusia duen edozelako zalantza kontsultatzeko.

Nola prebenitu berrerortzeak?

Igo


Eskizofrenia duten pertsonek zenbait arrazoirengatik uzten diote medikazioak hartzeari. Arrazoi horien artean garrantzitzuena, behar bada, antipsikotikoek eragindako efektu sekundarioak egotea da. Oso zaila da gaixoentzako efektu sekundarioak luzaro toleratzea, eta batez ere ondo sentitzen direnean. Horregatik garrantzi handikoa da medikazio aproposa eta beharrezko dosia aurkitzea, efektu sekundariorik sortu gabe sintomak kontrolatzeko.

Laburbilduz: Berrerortzeak prebenitzeko eta ospitalizaziorik ez izateko modurik onena medikazioa erregularki hartzea da, bai eta tratamendupauta egokiak mantentzea ere.

Jaitsi dokumentua PDF formatuan

Igo



 

Donostia-San Sebastian, 1. 01010 - Vitoria-Gasteiz. Tfnoa. 945 019201
Faxa: 945 019192 e-mail: dirsalud-san@ej-gv.es

Azken eguneratzea: 2008/02/25