Askoren artean
Hizkuntzen mundua. Munduko hizkuntzei buruzko txostena


Munduko hizkuntzen egoera soziolinguistikoa azaltzen du lan honek. Hizkuntza bakoitzaren egoeraren nondik norakoak ez ezik, gizakien hizkuntza eta kultur ondareari eusten lagunduko dioten gomendio eta jarraibideak ere ematen ditu. Horretarako, hiztunengana beraiengana jo dute egileek, hiztunek, hau da, hizkuntza komunitateek dutelako, hizkuntzek irauteko edo ez irauteko giltza.

Txosten honek munduko egoera soziolinguistikoaren berri ematea du helburu. Batetik, deskribatzailea da lana, hau da, hizkuntza aniztasuna azaltzen du txostenak; horrekin batera, aniztasun horren zati handi bat galtzeko arriskua erakusten duten joerak ere azaltzen ditu. Bestetik, iritzi bilketa ere bada: egileek iritzia eskatu diote hainbat laguni -dela hizkuntz komunitate jakin batekoak direlako, dela ikertzaileak direlako-, hizkuntzen erabilerari eta eboluzioari buruz. Hirugarrenik, etorkizunerako jarraibideak ezarri nahi ditu txostenak: gobernuek, herri mugimenduek, irakasleek, komunikabideek, buru erlijiosoek, gobernuz kanpoko erakundeek, ikerketa zentroek… hizkuntz komunitate bateko bizitzan eragiten duten guztiek hizkuntz politiketan jarraitu beharreko ildoak proposatzen ditu.

Txostenak hamabi atal ditu. Gehienetan, talde teknikoak galdetegi bidez bildutako datuak ageriko dira eta, haien ondoan, adituen lanak eta zenbait eremutako mapak, txostena bera aberasteko asmotan ezarri direnak.

Lehen atalean terminoak argitzen saiatu dira egileak, "hizkuntz komunitate" kontzeptua sakon aztertuz. Besteak beste, Mühlhaüser irakasleak "hizkuntza" kontzeptuaz egiten duen gogoeta aztertuko dute, eta hark hizkuntz ekologiaz duen ikuspegiak hainbat egoera linguistiko azaltzeko balio duela berretsiko dute. Bigarren atalak, berriz, munduan dagoen hizkuntz aniztasunaren ikuspegi orokorra ematen du, bai hiztun kopuruaren arabera, bai hizkuntz adarren arabera eta baita eremuka ere. Atalaren egile den Juan Carlos Moreno Cabrera irakasleak hizkuntza aniztasuna zergatik dagoen arriskuan azaltzen du bertan.

Hirugarren atalak hizkuntzen estatusa aztertu du: hau da, nola dauden hizkuntzak munduan lege aldetik eta ofizialtasun aldetik. Bertan, Annamalai irakasleak harreman eleanitzen aldeko proposamen eta hautua egiten du, Mendebaldeak ezarri duen eredu elebakarra ordezkatzeko asmotan.

Laugarren atalak administrazioko hizkuntz erabilera aztertzen du, administrazioak berak erakusten baitu, inork baino hobeto, hizkuntzak lege aldetik duen estatusa. Bosgarren, seigarren, zazpigarren eta zortzigarren ataletan, erabilera esparruak aztertu dituzte: alegia, idazketa, hezkuntza, komunikabideak eta erlijioa. Ataloi dagokionez, zera esango digu talde egileak: "Hainbeste direnez egoera soziolinguistikoak eta hainbeste haiek ikusteko moduak, ez dago sinplifikatzerik (…) Hainbat arrazoi kontuan hartzen dituzten azterketen bidez heldu behar zaio, beraz, bildutako informazioari, ahalik eta modurik errealistenean aztertuko badugu".

Bederatzigarren atalean, hizkuntza transmisioan eta belaunaldien arteko harremanetan ikusten diren joera linguistikoak aztertu dituzte eta, hamargarrenean, berriz, hizkuntzei buruz dauden jarrerak.

Informatzaileek beren hizkuntzentzat edota komunitateentzat ikusten dituzten arrisku eta mehatxuak laburtu dituzte hamaikagarrenean.

Egileek diotenez, azken hiru atalok ematen dute informaziorik kezkagarriena. Izan ere, oso larriak dira belaunaldien arteko hizkuntz transmisioari buruzko datuak: hizkuntzen %50 ez dira ohi bezala transmititzen. Are kezkagarriago den beste datu bat: komunitateetako belaunaldi gazteek txostenean aztertutako hizkuntzen %30 bakarrik erabiltzen dituzte beren arteko harremanetan (gainerakoetan, nagusi den hizkuntzara jotzen dute, noski). Hamaikagarren atalak, hizkuntzen gaineko mehatxuei buruzkoak, alegia, ez du optimismorik eragiten, nahiz eta gero eta gehiago diren beren hizkuntzek eta, ondorioz, kulturek eta komunitateek beraiek, dituzten arriskuez jabetzen diren komunitateak, hizkuntza galtzeko joeraren aurka altxatzen hasi direnak.

Azken atalak, hamabigarrenak, etorkizunera begiratzen du, eta hizkuntz eta kultur aniztasuna onartzen eta goraipatzen duten hizkuntz ereduak sortu beharra azpimarratzen du. Hori ez ezik, dio garrantzizkoa dela hedapen handiko hizkuntza batzuk irakastera mugatzen ez den heziketa eleanitza zabaltzea mundu osoan. Era berean, baieztatuko du aurrerapausoak egin beharra dagoela hizkuntz eskubideen alorrean; hizkuntz komunitate ertain eta txikiek informazioaren teknologia berriak eskura izan behar dituztela; komunitateak garapen ekonomikoaren partetzat jo behar duela hizkuntza… Zenbait proposamen ere egiten ditu atalak, ukipen linguistikoak eta aniztasunaren eboluzio bizkorra hobeto aztertzeko.

Azken atalaren amaieran, liburuaren bukaeran, beraz, hizkuntzak eta bakea lotuz XXI. mendean sortuko diren hizkuntzei ongietorria egiten diete egileek.

Aurkibidea:

Sarrera

  1.  Hizkuntz komunitateak
  2.  Hizkuntz ondarea
  3.  Hizkuntzen ofizialtasuna
  4.  Hizkuntzak administrazioan
  5.  Hizkuntza eta idazketa
  6.  Hizkuntza eta hezkuntza
  7.  Hizkuntzak eta hedabideak
  8.  Hizkuntza eta erlijioa
  9.  Hizkuntzaren belaunaldiz belaunaldiko transmisioa eta erabilera
  10.  Hizkuntz jarrerak
  11.  Hizkuntzek dituzten mehatxuak
  12.  Hizkuntzen etorkizuna
Erreferentzia bibliografikoak
Interneteko erreferentziak
  1.  eranskina: Erabilitako galdetegia
  2.  eranskina: Kolaborazioen aurkibidea
  3.  eranskina: Informatzaileen zerrenda
  4.  eranskina: Hizkuntzen, familien eta aldaeren aurkibidea

Liburuaren ezaugarriak:

Azken eguneratzea: 2007/05/14