Azken eguneratzea: 2012/08/20

Adinekoen aurkako tratu txarrei aurrea hartzeko kanpaina berria abiarazi du Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak

Adinekoen tratu txarren aurkako sentikortze-kanpaina berria abiaraziko du Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak irailaren 17an, eta urriaren 19ra arte garatuko da markesinetan kartelak jarrita eta irratian eta idatzizko prentsan iragarkiak argitaratuta. Ez horrelakorik onartu kanpainaren helburua da patologia fisiko eta psikiko larriak eragin ditzakeen -egiaztatuta dago- gaitz horren aurka borrokatzea, eta sailak iazko urritik azarora bitartean burutu zuenaren jarraipena izango da.

Honela dio europar erakundeek tratu txarraz emandako definizioa: "adinekoren baten aurka egindako ekintza edo ez egitea, bere bizitzaren, segurtasun ekonomikoaren, osotasun fisikoaren eta bere askatasunaren aurkakoa denean edo bere nortasunaren garapena arrisku larrian jartzen duenean". Sailak gai honen inguruan egindako azken azterlanak (honen emaitzak 2010ean aurkeztu ziren) ohartarazten du Euskadin 60 urtetik gorako 13.000 pertsona inguru egon litezkeela tratu txarren bat jasaten. Pertsona horiek antsietate- eta depresio-egoeran, higienerik gabe, eta beren etxeetan bizigarritasunik ezarekin biziko lirateke, eta are gehiago, bere zaintzaileek eragindako tratu txar fisiko eta psikikoen arriskupean.

Euskadin arazo hau orokortuta ez badago ere, gizartearen aurrean ikusgai egiteko komenigarritasuna azpimarratu du Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, “gure herritarren, eta bereziki, adinekoen kasuan bezala, egoerarik ahulenean daudenen eskubideak eta duintasuna babesteko beharrezko neurriak hartuta”.

Tratu txarren ikuskera klasikoari ez ezik (indarkeria fisikoa eta ahozkoa), hainbatetan gizarteak horrelakotzat ulertzen ez dituen eta egon dauden tratu txarren beste alderdi bati ere ekingo dio kanpainak. Esaterako, tratu txarren kategoriaren barruan barne hartuta daude adinekoen sentimenduek duten garrantziaz jabetuta ez egotea, beren iritzia aintzat ez hartzea edo beren parte-hartzea ez sustatzea bezalako alderdiak. Hau da, aldi berean tratu ona bultzatzea da kontua.

Jaurlaritza legegintzaldi honetan adinekoentzat garatzen ari den ekintza-planaren lehentasunezko helburuetako bat, tratu txarraren aurkako borroka da. Planak martxan jarritako hainbat neurri barne hartzen ditu, hala nola, Berrikuntza soziosanitariorako zentroa, adinekoak etxean zaintzeko Etxean Ondo esperientzia pilotua edo BetiON telelaguntza-zerbitzua abian jarri izana. Adinekoen segurtasuna bermatzea dute guztiek ere xede.

Orobat, martxan da tratu txarren biktima izan daitezkeen adinekoei laguntzeko 900 855 001 salaketa-telefonoa. Libre eta doakoa da eta BetiON telelaguntza-zerbitzuko profesionalek artatzen dute, salaketak entzun eta horien diagnostikoa egin ondoren, zerbitzu berezietara bideratuz.