Azken eguneratzea: 2012/05/18

Prebentziorako 90.000 liburuxka baino gehiago banatuko dituzte mendizaleen artean mendien magaletan

Eusko Jaurlaritzak, Euskal Mendizaleen Elkartearekin eta Gurutze Gorriarekin batera, mendizaleei zuzendutako prebentzio-kanpaina bat jarriko du abian datorren igandean.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren bidez, datorren maiatzaren 20tik aurrera, mendian ibiltzeko prebentzio-kanpaina bat jarriko du abian. Kanpaina horretan izaera didaktiko eta prebentiboa duten 90.000 liburuxka banatuko dituzte mendizaleen artean, EAEko mendi-magal nagusietan eta kirol proba jendetsuetan.

Liburuxkek, euskaraz eta erdaraz argitaratuta, mendiaren berezko arriskuez ohartarazten dute, eta aldi berean seguru ibiltzeko eta ingurumena errespetatzeko aholkuak eta gomendioak eskaintzen dituzte, ezbehar-tasa txikitzeko asmoz.

Informazio-orriak Gurutze Gorriko boluntarioek banatuko dituzte larunbat eta igandeetan, goizeko 07:00etatik 09:00etara, mendi magaletan, beti aldeko meteorologia dagoenean.

Honako lekuetarako sarbideetan banatuko dira: Gorbeia (Pagomakurreko eta Muruako aldeak), Aitzkorri, Anboto (Urkiolako aldea), Txindoki (Larraizko aldea) eta Aiako Harriak.

Kanpainaren sustatzaileen iritziz, horiek izaten dira, oro har, mendizaleek nahiago dituzten mendiak; eta ondorioz, horietan izaten dira bilatze- eta erreskate-lan gehienak.

Liburuxkak, “Pyrenaica” aldizkari espezializatuarekin batera banatuko dira, eta bidali izan dira Euskal Autonomia Erkidegoko mendi-taldeei eta Euskalerriko Eskautak izeneko elkarteari (Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako “scout” elkartea), horiek bere bazkideei helaraz diezaien.

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimen hau mendian ibiltzeko sentsibilizazio eta prebentzio kanpaina orokor baten barruan dago, eta hemendik gutxira hori osatzeko prestatzeko eta zabaltzeko ekintza gehiago programatuko dira.

Banaketa hasierako egutegia

Ekintza gehiago egingo badira ere, Gurutz Gorriko boluntarioak honako lekuetan hasiko dira liburuxkak banatzen:

  • Zegama-Aitzkorri: 2012-05-20
  • Gorbeia. 2012-05-26
  • Hiru Haundiak, Beasaingo aldean: 2012-06-2/3-
  • Vitoria Gasteizko eraztun berdearen bira: 2012-06-03
  • Aizkorriko Bira: 2012-06-16
  • Vitoria-Gasteizko Gaueko Ibilaldia: 2012-06-30
  • Ehun Milla, Aitzkorri, Aratz, Gorbeia: 2012-07-13/14/15