Azken eguneratzea: 2012/05/03

Eusko Jaurlaritzak Open Data Eguna Euskadin ospatuko du datorren maiatzaren 8an

Eusko Jaurlaritzak, bere Justizia eta Herri Administrazio Sailaren ekimenez, Open Data Eguna Euskadin ospatuko du datorren maiatzaren 8an.Donostiako Kursaalean, maiatzaren 8an eta 9an, Jaurlaritzak berak lagunduta izango den Hiritar Digitalen Nazioarteko Bigarren Kongresuaren baitan egingo du.

Gertaerak agerian jarriko ditu alor publikoko datuen irekieran eta horien berrerabileran eginkizunen bat beren gain hartzen dutenen lana eta lorpenak, eta datuen irekierarako politikak Euskadin eta, noizbait, Espainian eta Europan berbideratzeko ekarpenak bildu nahi ditu. Lau lan-bileren bitartez egingo du eta azaldutako helburuen inguruko emaitzak irekian zabalduko dira. Helburu horien artean honakoak egongo dira: ekonomiaren berrerabilerarako, gardentasunerako eta kontuak azaltzeko berezko balioa izango luketen dataset delakoen zerrenda bat adostea; berrerabilerarako interesgarriak izan daitezkeen bestelako alderdiak batzea (formatuak, lizentziak, etab.); lankidetza publiko-pribatua sustatzea, alderdi teknologikoei dagokienez; eta, datu-gizarte bati begira, Batxilerrean, Lanbide Heziketan eta Unibertsitatean gehitzeko prestakuntza-edukien zerrenda bat zehaztea.

Lantaldeetan, infomediario-alorreko enpresek eta ekintzaileek, kazetariek, teknologia garatzaile eta ikertzaileek eta hezkuntza-edukien diseinatzaileek parte hartuko dute.

“Datu publikoen atarien sorreraren hasierako une baten ondoren, heldu da hobeto definitzeko eta administrazio guztien estrategiak amankomunean jartzeko garaia. Horretako, gizartearen eta enpresen premiak ezagutu behar ditugu, bete-betean asmatuko duten politikak diseina ditzagun. Bestalde, datuei etekin sozial edo ekonomikoa ateratzen dakiten pertsonen jakintza-oinarria zabalduko dituzten heziketa- eta sustapen-politiketan lan egin behar dugu”, azaldu du Alberto Ortiz de Záratek, Eusko Jaurlaritzako Herritarrei Arreta Emateko zuzendariak.