Azken eguneratzea: 2012/08/20

Bihar irekiko ditu Lanbidek etxeko langileak kontratatzeko diru-laguntzak, Estatutuko altuenak

Bihar irekiko du etxeko langileak kontratatzeko diru-laguntzen epea, eta estatuko diru-laguntza altuenak izango dira.Hain zuzen, urtarrilaren 1etik urriaren 31 bitartean Euskadin sinatu diren kontratazio guztietan Gizarte Segurantzari ordaindu beharrekoaren % 30 emango du.

 

Laguntza hau Gizarte Segurantzak dagoeneko ematen duen % 20ari gehituko zaio, eta urtebeteko iraupena izango du, eskatzen den egunetik aurrera.Bi milioi euroko partida jarri du Lanbidek asmo horretarako.

 

Laguntza-multzo honen bidez, betidanik ezkutuko ekonomiari lotuta egon den sektorea normalizatu nahi dugu.  Gainera, etxeko langileen eskubideak ugaritu eta sendotu nahi ditugu, betidanik langile horiek, gehien-gehienak emakumeak, inongo babesik gabe egon direlako”, halaxe dio Javier Ruiz Planifikazio eta Enpleguko sailburuordeak.

 

Atzera-eragina izango dutenez, urtarrilaren 1 eta abuztuaren 20 bitartean etxerako inor kontratatu duten enplegatzaileek hilabeteko epea izango dute Lanbiden laguntza eskatzeko.Epe berbera izango dute bihartik aurrera etxeko langileei alta ematen dietenek ere.

 

Eusko Jaurlaritzak hartutako neurri honek etxeko edozein lanetarako laguntza emateko asmoa du, etxeko langileen lan-baldintzak hobetzeko abiarazi den erregulazio-aldaketaren barruan. Gobernu zentralak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorraren barruan sartu nahi ditu langile horiek ere, eta uztailaren 1etik, Araubide Berezitik kentzeko.   Hemendik aurrera, enplegatzaile bakoitzak Gizarte Segurantzan alta eman beharko dio etxeko langileari, berdin dio zenbat orduz egiten duen lana.

 

Eskatzaileek, diru-laguntzarako eskabidea aurkezteaz gain, Euskadin erroldatuta daudela egiaztatzeko agiria aurkeztu beharko dute, lan-kontratuaren kopia bat eta etxeko langilearen Gizarte Segurantzaren alta. Abuztuaren 20a baino lehenagoko alten kasuan, ordaindutako kuotak ere aurkeztu beharko dituzte. Lanbidek sei hilabeteko epea dauka aurkeztutako eskabide bakoitzari buruz erabakia hartzeko.

 

Euskadiko etxeko langileen hainbat elkarterekin harremana izan eta gero taxutu du Lanbidek laguntza hau.

 

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo Lanbideren web-orri ofizialera: www.lanbide.net