Euskadik ekonomia zirkularraren arloan duen buruzagitza erakutsi du Madrilen, Europako Batzordearekin batera antolaturiko jardunaldi batean

Argitalpen-data: 

Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordeak Eusko Jaurlaritza Euskadin ezartzen ari den ekonomia zirkularraren eredua aurkeztu du gaur Madrilen, Espainia osoko 200 bat enpresa eta erakunderen aurrean. Morenoren arabera, “Euskal Autonomia Erkidegoan 2000. urtetik aplikatu izan diren politikek eta tresnek euskal ekonomia % 26 haztea eragin dute; materialen kontsumoa, berriz, % 25 murriztu da eta zabortegian amaitzen duen hiri-hondakinen bolumena % 56 murriztu da.

elena_moren__erek.jpg

Sailburuordeak ekonomia zirkularraren arloan Euskadik lortu dituen aurrerapenen inguruko argazki xehatu bat atera du Madrilen egin den topaketa batean. Topaketa hori Eusko Jaurlaritzaren Ihobe sozietate publikoak eta Baliabideen Eraginkortasunean Ezagutzaren Europar Zentroak (EREK) antolatu dute, Europar Batzordearen Ingurumen Zuzendaritza Nagusi, Ekologi Trantsiziorako Ministerio eta Iraunkortasunaren aldeko Bikaintasunaren Klubaren laguntzaz.

Morenok ekonomia zirkularraren diagnostiko berrian eskuraturiko datuak nabarmendu ditu. Diagnostiko horretan ondorioztatzen denaren arabera, “Euskadiko industria-sektorea ekonomia zirkularrago baterako eraldaketa artikulatzeko baliagarria den pilarea da”. “Sektore horrek Euskadiko BPGaren ia % 25 ematen du eta sektorerik intentsiboena da materialen (gehienak, inportatuak) kontsumoan eta hondakinen sorreran.  Ekodiseinuarekin, birmanufakturarekin eta konponketa aurreratuarekin, zerbitizazioarekin eta funtsezko metalen eta plastikoen berreskuratzearekin loturiko hobekuntza-aukerak dituen sektore bat da”, gaineratu du Ingurumeneko sailburuordeak. Era berean, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Ekonomia Zirkularraren 2030eko Estrategia noiz onartuko duen iragarri du. Estrategia horren partaidetza-prozesua orain dela gutxi amaitu da.

Europar Batzordearen “Industry Days” delakoaren baitan egin den topaketa Hugo Moránek inauguratu du, Espainiako Gobernuko Ekologi Trantsiziorako Ministerioko estatu-idazkariak. Topaketan parte hartu dute, bestalde, Ulla Engelmannek, Europar Batzordeko Teknologia Aurreratu, Kluster eta Ekonomia Sozialaren Unitateko buruak; eta Juan Alfarok, Iraunkortasunaren aldeko Bikaintasunaren Klubeko idazkari nagusiak.

Enpresen esperientziak

Jardunaldian zehar, hamar bat enpresa handi, ertain eta txikik beren esperientzia arrakastatsuak azaldu dituzte. Horien artean, honako hauek nabarmendu dira: A&B Laboratorios de Biotecnología, Cegasa eta Urola kooperatiba. Enpresa hauen kasuak ere ezagutu ahal izan dira: Cemex, Edp, Mahou San Miguel edo Saint Gobain Placo. Horiek guztiek negozio zirkularrago bihurtzeko jarraitu dituzten urratsak deskribatu dituzte.

Gaur egun enpresek erronka nagusi bati aurre egin behar diote, hain zuzen, lehengaiak urriak izateari. Azkeneko estimazioekin bat, biztanleko materialen munduko kontsumoa bikoiztu egin da, lehen mailako energiaren kontsumoa hirukoiztu egin den bitartean. Testuinguru honetan, Europar Batasunean baliabideak % 1eko eraginkortasun handiagoz erabiliko balira, enpresetarako 23.000 milioi euro leudeke eta 200.000 enplegu sortuko lirateke.

Gainera, azterlan desberdinak kontuan hartuta, europar enpresak produkzio-ikuspegi zirkularrez baliatuz gero, 600.000 milioi euro garbi aurreztuko lituzkete, hau da, egungo negozioari dagokion bolumen guztiaren % 8. (Iturria: Ekonomia Zirkularra. 2030erako EBren ardatz estrategikoa, Europar Batasuna, 2017).