Ertzaintzak Segurtasun Pribatuaren arloko Dekretu berriko nobedadeak azaldu dizkie sektore horretako enpresei eta prestakuntza-zentroei

01.jpg

2014.eko Azaroak 14

Segurtasun Pribatuko Unitateko arduradunek informazio-bilerak egin ditu segurtasun pribatuko sektorearekin

Ertzaintzako Segurtasun Pribatuko Unitateko arduradunek Dekretuko nobedadeak azaldu dizkiete segurtasun pribatuko sektoreko enpresetako eta prestakuntza-zentroetako arduradunei aste honetan horiekin guztiekin egindako bileretan. Dekretu hori urriaren 21ean onartu zen eta Euskal Autonomia Erkidegoak segurtasun pribatuaren arloan dituen eskumenak arautzen ditu.

Bilera horiek Ertzaintzako Erandioko egoitzan egin dira eta Segurtasun Pribatuko Unitateko arduradunek Dekretuko nobedadeak zehaztu dizkiete bilera horietan. Joan zen asteartean, 11n, bilera segurtasun pribatuko prestakuntza-zentroko pertsonalarekin egin zen. Aldiz, atzo, (osteguna) eta gaur (ostirala) segurtasun pribatuko enpresen txanda izan da. Guztira, berrogeita hamar enpresa eta prestakuntza-zentro baino gehiagotako ehun profesionaletik gora elkartu dira.

Eskumenei buruzko informazio eguneratua

Euskal Autonomia Erkidegoak segurtasun pribatuaren arloan dituen eskumenak arautzen dituen 207/2014 Dekretua urriaren 21ean onartu zuen Gobernu Kontseiluak.

Dekretuak Euskadin 1996. urteaz geroztik indarrean dagoen araudia eguneratu du eta Segurtasun Pribatuari buruzko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen ondorengo arau-esparru berrira egokitu du. Aipatu legeak nabarmen aldatu du sektoreko araudia eta, era berean, euskal agintariek EAEko segurtasun pribatuaren sektorearen gainean duten kontrola berresten du, ikuskatzeko eta zehatzeko duen gaitasuna –bai eta Euskadin diharduten Estatuko Administrazioak baimendutako enpresen kasuan ere–, aitortuz.

Dekretu berriak ez du Estatuko araudia hirugarrenen eskubideak edo betebeharrak arautuz garatzen; aitzitik, Estatuko araudia aplikatuz, euskal eskumenen kudeaketaren barne-antolamendura mugatzen da, eskumen horiek baliatzea Segurtasun Saileko zer organori dagokion zehaztuz. Hortaz, koherentea da Auzitegi Konstituzionalak segurtasun pribatuaren esparruko eskumen-banaketari buruz 2014ko maiatzaren 29an egindako doktrinarekin, Euskadiko Segurtasun Publikoko Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legeari buruzkoarekin.

Oro har, segurtasun pribatuak sortzen duen jarduera administratiboa Ertzaintzako zuzendariari dagokio (baimenak, ardurapeko adierazpenak hartzea eta kontrolatzea, Euskadiko Segurtasun Pribatuko Erregistroa...).

Segurtasuneko sailburuordeari, berriz, zera dagokio:

a) Pertsonen, eraikinen, instalazioen, jardueren eta interes bereziko objektuen segurtasuna planifikatzea eta koordinatzea.

b) Interes publikokoa denean, mehatxua edo jazarpena jasaten duten pertsona edo erakundeak babesteko zerbitzua planifikatzea eta koordinatzea, bai polizia-zerbitzu publikoaren bitartez, bai berariaz horretarako kontratatutako segurtasun-zerbitzu pribatuak erabiliz, horretarako beharrezkoak diren jarraibideak emanez.

c) Autonomia-erkidegoko erakunde komunen eraikin eta instalazio publikoetan babes- eta segurtasun-neurrien ezarpena ebaztea eta organo edo erakunde publikoetan segurtasun-neurrien ezarpena proposatzea eta adostea, horiek menpekoak dituzten erakundeekin aldez aurretik adostuta.

d) Segurtasun pribatuko zerbitzuak eta EAEko Poliziaren zerbitzuak eta Euskadiko segurtasun publikoan parte hartzen duten beste batzuen zerbitzuak koordinatuta egotea bermatzeko antolamendu-neurri egokiak hartzea.

e) Ohorezko aipamenak egitea segurtasun pribatuko langileei, bai eta sektorearekin lotutako pertsona fisiko edo juridikoei ere.

Segurtasuneko sailburuak sektorearen funtzionamenduaren berri eman behar dio urtero Eusko Legebiltzarrari, eta gaitasuna dauka, batetik, autonomia-erkidego barruan zaintza- eta babes-zerbitzuak emateari buruz erabakitzeko Segurtasun Pribatuari buruzko Legearen 41.3 artikuluko kasuetan, polizia-ekintzaren zerbitzu osagarriei buruzkoetan, eta, bestetik, establezimendu edo instalazioetako titularrei edo ekitaldi-antolatzaileei Segurtasun Pribatuari buruzko Legearen beraren 51. artikuluan aurreikusitako ex lege exiji ezin daitezkeen zenbait segurtasun-neurri eduki behar izatea arrazoi bidez agintzeko.

Euskadiko segurtasun pribatuko jardueren ikuskaritza eta kontrola Ertzaintzari dagokio, eta horren barruan, Segurtasun Pribatuko Unitateari. Bestalde, zehapen-eskumenen banaketa sinplifikatuko da. Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari dagokio espedienteak hastea eta izapidetzea; Ertzaintzako zuzendariari, berriz, arau-hauste larri eta arinak egiteagatik zehapenak ezartzea; Segurtasuneko sailburuordeari, aldiz, arau-hauste oso larriengatiko zehapenak; eta azkenik, Segurtasuneko sailburuari habilitazioak, baimenak eta ardurapeko adierazpenak amaitzea dakarten arau-hauste oso larriengatiko zehapenak.

Dekretuak Ertzaintzaren eta segurtasun pribatuaren sektorearen arteko lankidetza-mekanismoak egituratzen ditu arriskuen balorazioari buruzko informazioa trukatzeko eta ondoriozko babes-neurriak ezartzeko, legegintzaldi honetan Euskadiko Segurtasun Pribatua Koordinatzeko Batzorde Mistoa sortzearekin hasitako lankidetza-lerroan sakonduz.

Dekretuaren bidez, gainera, Euskadiko Segurtasun Pribatuko Erregistroa sortuko da; horretan, bada, honako hauek emango dute izena, ardurapeko adierazpena baimendu edo egin ondoren: segurtasun-enpresak eta beren ordezkaritzak; detektibe pribatuen bulegoak eta beren sukurtsalak; segurtasun pribatuko langileak prestatzeko zentroak; eta norberaren erabilerako alarmak jasotzeko zentralak. Honako hauek ere erregistratuko dira: segurtasun informatikoko jarduerak egiten dituzten enpresak, segurtasun pribatuaren arloan jarritako zehapenak, kontratuen eta horien aldaketan jakinarazpenak, eta segurtasun pribatua kontrolatzeko eta kudeatzeko jardueretarako behar beste datu.

Erregistroari dagokionez, zenbait jakinarazpen Egoitza Elektronikoaren helbide elektronikoaren bitartez (https:// euskadi.net) baino ez egitea aurreikusten du Dekretuak, sektorearen ezaugarriak direla eta, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat. Segurtasuneko sailburuaren agindu bidez, betebehar hauek noiztik aurrera exijituko diren zehaztuko da.

Beren betebeharrak gainditu dituzten segurtasun pribatuko langileei ematen zaizkien ohorezko aipamenak ere arautuko dira, bai eta segurtasun pribatuaren sektore edo jarduerekin lotutako pertsona fisikoei edo juridikoei ematen zaizkienak ere.