Intxaurrondoko eta Herrerako geltoki berriak gaur goizean estreinatu dira

2012(e)ko Urriak 04

Eguneko lehen zerbitzuekin, goizeko seiak baina lehenago, Intxaurrondo eta Herrerako geltoki berriak estreinatu dira eta maiztasun gehiago dituen Metro Donostialdeako ordutegi berria abian jarri da, Herrera eta Lugaritz tartean 7,5 minuturo tren bat eskainiz.

Zerbitzuan hobekuntza sartu ahal izateko beharrezkoa izan da Loiola-Herrera trenbide saihesbidea eraikitzeko lanak amaitzea. Bidaiarien trenek erabiliko duten tunel berria eraiki da, eta trazatu zaharra merkantzien garraiorako erabiliko da.

Herrera auzoari goitik behera berriztaturik dagoen geltokia emateaz gain, trena auzo berri batera helduko da, eta, horrela, Intxaurrondoko 16.000 biztanleek Metro Donostialdearekin lotura izango dute.

Hiritar horiek zortzi minututan heldu ahal izango dira Donostia erdialdera (Amarako geltokira) bihartik aurrera, hori baita ibilbide horrek izango duen gehieneko iraupena. Bidaiari gehien dagoen orduetan, trenak 7,5 minutuz behin igaroko dira, izan ere, azken lanak amaitu ondoren, Herrera eta Lugaritz arteko trenen zirkulazioa ere bikoiztu egingo baita.

Bi geltokiak martxan jarri eta gero, gaur sartu da indarrean ordutegi berria. Ordutegi berri horrek 7,5 minutuz behingo maiztasunak eskainiko ditu eskari handieneko orduetan eta ibilbideetan. Maiztasun handiago horiek eskaini ahal izateko ezinbestekoa izan da Loiola-Herrera trenbide saihesbidea amaitzea, baina baita beste toki batzuetan ere amaiturik dauden trenbide bikoizketak ere, Lasarte-Errekalde-Añorga zatiaren bikoizketa, besteak beste. Orokorrean, trenbide azpiegituran egindako lan guztiek hobekuntza nabarmenak ekarriko dituzte zerbitzuetan, eta Lasarte-Hendaia linea Metro Donostialdea bilakatzeko prozesuan aurrera egiteko aukera eskaintzen dute.