Gizarteratze Aktiboko Euskal Plan berriak 500 milioi gaindituko ditu urtean pobreziaren aurka borrokatzeko

2012(e)ko Ekainak 12

Eusko Jaurlaritzak gaur onartu duen Gizarteratze Aktiboko Euskal Plan berriak 500 milioi euro bideratuko ditu urtean euskal biztanle kalteberenen pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzeko. Proiektu horrek gizarte-bazterkeriaren prebentzioan eta tratamenduan gainditu beharreko erronkak eta lehentasunak ezartzen ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoan gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuak ahalbidetu eta antolatzeko egin beharko diren aldaketak eta jardunak jorratzen ditu.

Plana indarrean egongo da 2016. urtera arte, eta ekitaldi bakoitzean, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 500 milioi eurotik gorako aurrekontua bideratuko du, gutxi gorabehera. Inbertsio ekonomiko horrek, enplegu-politika aktiboez gain (prestakuntza, lan-orientazioa, kontratazioaren sustapena...), prestazio ekonomikoak bilduko ditu, hala nola Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitza Prestazio Osagarria.

"Pairatzen ari garen krisi ekonomiko gogorraren testuinguruak ezinbestekoa egiten du babesa are gehiago bermatzea, baina baita horren eraginkortasuna eta efizientzia hobetzea ere, gizarteratzea inbertsio gisa ikusiz, hazkunde ekonomikorako eta enpleguaren hazkunderako aukera gisa", azpimarratu du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak.

Gizarteratze Aktiboko Euskal Plana bederatzi ildo eta helburu estrategikotan egituratzen da, eta horietatik bost ildo jardun-sistemekin daude lotuak, hau da, Enplegu, Gizarte Zerbitzu, Hezkuntza, Osasun eta Etxebizitzarekin. Planaren beste lau helburu estrategikoek zeharkako elementuetan garatzen dituzte jardunak, hala nola jardun-sistemen eta erakunde eta agenteen arteko koordinazioa eta lankidetza, Hirugarren Sektore gisa ezagutzen denaren gizarte-ekintzako erakundeen kontribuzioa; azterlanak eta ikerketak egitea pobreziari eta gizarte-bazterkeriari buruz, eta, azkenik, legezko arau-esparruaren garapena.

Ildo estrategikoak, era berean, 26 helburu orokorretan banatzen dira, eta horiek, beren aldetik, 146 neurrietan edo jardunetan. Neurri horiek xede-biztanlerian duten egikaritze-maila, emaitza eta eragina ebaluatu ahal izateko, planaren ebaluazioko 180 adierazle baino gehiagoko proposamen bat gaineratu da.


Krisiaren aurreko mailak

Halaber, planak helburu kuantitatibo bat aurreikusten du 2016. urterako pobrezia krisi ekonomikoaren aurreko mailetaraino jaisteko, era horretan krisialdiak Euskadin bizi-baldintzen txartze nabarmena eragitea saihesteko.

Helburu hori ezartzeko kontuan hartu dira aurreikusitako eszenatoki makroekonomikoa, langabeziaren inpaktua, langabeziako prestazioetarako sarbidea, langabeziaren iraupena, dinamika demografikoa, etab. Era berean, horietatik goranzko joera ondorioztatzen da hurrengo urteetarako gabezia-arazoen inpaktuan, neurri batean biztanleria langabearen egoera okerragotzearen ondorioz, baita 2013tik aurrera aurreikusitako langabeziaren azken beherakadaren testuinguruan ere.

Pobrezia-tasa eta gizarte-bazterkeria murrizteko helburua betetzeko beharrezko jardun-ildoen artean honako hauek nabarmentzen dira: alde batetik, egungo babes-mailari eustea funtsezko alderdietan, prestazio ekonomikoak barnean hartuta; eta, bestetik, hautaketa-ekintza bat txertatzea enplegurako laneratze-prozesuetan. Hau da, helburua da prestazio ekonomikoen onuradunen artean inpaktu diferentzia bat lortzea, kolektiboaren zati bat enplegurantz bideratzeko aukera emanez.

 

Hartzaileak

Planaren hartzaileak dira harremanetarako, gizarteratzeko eta/edo laneratzeko premiak dituzten pertsonak, aldi berean premia ekonomikoak, osasun-arlokoak, hezkuntzazkoak edo etxebizitza-premiak ere izan ditzaketenak, eta, azken batean, gizarte-bazterkeriako egoeran edo arriskuan egon daitezkeenak. Zehazki, pobrezia-tasa handiena pairatzen duten biztanle-taldeak dira 35 urtetik beherako gazteak buru dituzten etxekoen unitateak, emakume bat buru duten guraso bakarreko unitateak, lan-prekarietatea pairatzen dutenak, eta etorkin bat buru dutenak.

Aurreko gizarteratze-planari dagokionez, honako elementu diferentzial hauek bereiz daitezke:

- Iraupenaren hazkundea 3tik 5 urtera.

- Jardunen kopurua handitzea

- Enplegagarritasuna eta enplegurako sarrera dira neurri handiagoan gizarteratzeko ardatz nagusia.
- Enfasi handiagoa inplikaturiko sistemen eta erakundeen arteko koordinazioan eta ebaluazioan, baita enplegu-politika aktiboen Euskadirako transferentzian ere, eta prestazio ekonomikoen kudeaketa zentralizatuan eta lan-aktibazioko zerbitzuekiko duten loturan.

Horrela, planak oinarriak jartzen ditu babes-sistemen zerbitzuen prestazioa (enplegua, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza, osasuna eta etxebizitza) modu koordinatuan egin dadin sistemen eta erakundeen artean, hain zuzen ere sinergiak sortzeko jardunen artean, eta pertsonen arazo eta zailtasun espezifikoetara mugatzeko.


Urteko ebaluazioa

Plana onartu ondoren jarriko da martxan, eta bere egikaritzea eta emaitzak urtean behin ebaluatuko dira. Eusko Jaurlaritza da plana onartu eta egikaritzearen erakunde arduraduna, nagusiki Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren bitartez. Planak bere kontribuzioaren berri eman behar du, eta, hala, Diru-sarrerak bermatzeko eta Gizarteratzeko 18/2008 Legeak Planaren egikaritzearen jarraipeneko eta ebaluazioko urteko txostenak idazteko betebeharra ezarri du.

Planak hainbat jardun-printzipio ditu, honako hauek alegia: bazterkeria- eta gizarteratze-prozesuen ikusmolde multidimentsionala, gutxieneko diru-sarrerak izateko eta gizarteratzeko eskubide bikoitzaren bermea, pobreziako eta gizarte-bazterkeriako egoeren arteko aldea, gizarteratze aktiboaren esku hartzeko metodoa gizarteratzeko banako ibilbideen gaineko erantzukidetasuneko idatzizko akordioen bitartez, besteak beste.