Azken eguneratzea: 2012/09/12

'Euskararen Donostia' ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte

Donostia Turismoa sozietatea, Bagera euskara elkartea eta Maramara enpresa Donostiak euskararekin duen lotura estua azaltzeko bisita gidatuak egiten dabiltza abuztuan eta irailean.

Bisiten helburua da hiriko turismo eskaintza handitzea eta Donostiaren alderdi gehiago erakustea, turistei Donostiako hizkuntzaren berri zabala eman eta euskararen historia ezagutaraztea. Antolatzaileen esanetan, ekimen honen bitartez "bisitariek egonaldi labur batean ikusiko ez zuten Donostia ezagutzeko aukera dute".

Bi orduko iraupena duen ibilaldian bisitariek besteak beste turismo bulegoa, udaletxea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kaputxinoen eliza, Antzoki Zaharra, portua, taberna eta jatetxeak bertatik bertara ezagutu ditzakete. Eta, horrekin batera, Donostiako Alde Zaharrarekin estu lotuta egon diren bi sortzaile handiren berri jaso ere bai: Indalecio Bizkarrondo Bilintx eta Mikel Laboa, hain zuzen ere.

Abuztuan jarri zuten egitasmoa martxan, baina irailerako ere antolatu dituzte bisitak. Irailaren 3, 10, 17 eta 24an euskaraz eta gaztelaniaz egingo dituzte; eta irailaren 5, 12, 19 eta 26an katalanez eta gazteleraz. Bisita guztiak Donostia Turismo bulegotik (Boulevard, 8) abiatuko dira; bi orduko iraupena izango dute eta interesatuek 12 euro ordaindu beharko dituzte.

Informazio gehiago: www.bisitagidatuak.com