Azken eguneratzea: 2008/06/19
140.000 elebidun gehiago daude 1991n baino
IV. Inkesta Soziolinguistikoak adierazten du azken hamarkadotan euskaraz dakiten eta hura baliatzen duenen kopurua nabarmenki hazi dela Euskal Autonomia Erkidegoan. Nafarroan, motelago bada ere, hazkundea gertatzen ari da. Eta Ipar Euskal Herrian, galerak jarraitzen duen arren, joera hori moteltzen ari da, eta ageri dira esperantza zantzuak belaunaldi berrien ekarriaz etorkizunean egoerari itzuri egiteko.

Gaur goizean Donostian aurkeztu dute IV. Inkesta Soziolinguistikoa, zeinaren helburu nagusia hauxe den: Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa aztertzea eta horretarako hizkuntza-gaitasuna, euskararen erabilera eta horiek sustatzearen aldeko jarrerak nolakoak diren eta horien bilakaera nolakoa izaten ari den ezagutzea.

Prentsaurrekoan izan dira: Miren Azkarate, Kultura sailburua, Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Erramun Osa, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Koordinaziorako zuzendaria, Jean-Claude Iriart, Euskararen Erakunde Publikoko zuzendaria, eta Jon Aizpurua, Koordinazio Zuzendaritzako Plangintza eta Azterlanetako zerbitzu burua.

Inkesta hau bost urtean behin egiten da, laginketa bidez, eta emaitzak ere bost urtean behin zabaltzen dira. IV. Inkesta Soziolinguistiko honetan, non 2006. urtean jasotako datuak biltzen diren, nabarmentzen da hamasei urte edo gehiagoko biztanleen artean, 1991n baino 137.200 elebidun gehiago daudela 2006an. Elebidunen hazkundea Nafarroan eta, batez ere, EAEn gertatu da. Iparraldean, aldiz, oraindik ere galerak daude, baina gazte elebidunen kopurua hasi da dagoeneko gora egiten. Aldi berean, hamasei urtetik gorako erdaldun elebakarrak
duela 15 urte baino 133.900 gutxiago dira Euskal Herrian (%70 1991n eta %58,9 2006an). Erdaldun elebakarren ehunekoak behera egin du EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, aldiz, gora egin du bai kopuruak baita ehunekoak ere.

Nahiz eta euskararen erabilera ez den ezagutza beste hazten ari, hori normaltzat hartu daiteke, zeren eta hizkuntzaren erabileran hiztunen hizkuntza-gaitasunak, harreman-sareak eta erabilera-eremuak erabakigarriak dira.

Donostia, 2008ko ekainaren 18an

Miren Azkarate sailburuaren hitzak (pdf, 34,8kb)
Baztarrika sailburuordearen hitzak (pdf, 1,67MB))
IV. Inkesta Soziolinguistikoa osorik (pdf, 1,39MB)
IV. Inkesta Soziolinguistirkoaren grafikoak (pdf, 839kb)