Lurralde Historikoen Legea
 


Lurralde Historikoen Legea Autonomia Erkidegoko lege-garapenaren osagai egituratzaileetako bat da, erakunde politiko eta administratibo berria, Euskadi osorako gobernua eta legebiltzarra, arautzen duelako, araubide juridiko pribatiboak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru-aldundien zein batzar nagusien eskumen historikoak errespetatuta. Legeak, hain zuzen ere, bi eskakizunak bateratzea eta orekatzea du helburu nagusi.

Gernikako Estatutuan jasotako erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanak Lurralde Historikoen Legearen bidez arautzen dira. Legearen jatorria euskal lurraldeen eskubide historikoen onespena da, Gernikako Autonomia Estatutuko 3. artikuluan adierazten den bezala. Bertan esandakoaren arabera, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Arabak "autogobernurako dauzkaten instituzio pribatiboak edo euren antolamendua gorde edo, hala badagokio, berriro ezarri eta eguneratu egin ahal izango dituzte". Dena den, Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak Euskadiko administrazioaren nagusitasun politikoa eta instituzionala izango dute.

Horrela, bada, I. tituluan, lurralde historikoen eskumenak agertzen dira, Estatutuan berariaz onetsitako foru-tradizioa kontuan hartuta. Horrez gain, behar besteko mekanismo juridikoak ezartzen dira, eskumenak etorkizunean gertatu daitezkeen egoera berrietara egokitzeko. Bestetik, mekanismo juridikoak ezartzen dira, euren bidez gai berriak transferitu edo eskuordetu egin ahal izango direlako, hiritarrentzako zerbitzu publikoak hobetzeko asmoz. Horiek horrela, ez da herrialdeko bilakaera sozial, ekonomiko eta politikoaren ondorioz desegokia izan daitekeen ikuspegi zurrunik egongo.

II. tituluak Euskadiko Ogasun Orokorra eta lurralde historikoetako foru-ogasunak antolatzen ditu. Bigarren kapituluan, ordea, bi organismoen arteko baliabide-banaketa arautzen da Dirubideen Euskal Kontseiluaren bitartez, lankidetzaren eta elkartasunaren printzipioetan oinarrituta.


Azken eguneratzea: 2009/09/08