DEL VALLE, J. (ed.)
La lengua, ¿patria común? Ideas e ideologías del español


Zenbat buru, hainbat aburu. Makina bat diskurtso ezberdin dira indarrean espainierari dagokionez eta haien guztien artean osatzen dute hizkuntza horrek egun munduan duen irudia. José del Valle irakasleak Espainia garaikidean diseinatu diren proiektu politiko-linguistikoen azterketari jarri dio arreta. Haren eskariz, gaiaren inguruan gogoeta egin dute liburu honetan hamaika adituk.

2004an, La batalla del idioma (Hizkuntzaren gatazka) liburua kaleratu zuten José del Valle eta Luís Gabriel-Stheeman irakasleek, hau da, milurteko berriaren atarian espainieraren sustapena sustengatzen zuten diskurtsoen azterketa kritikoa egiten zuen lana. Hark jaso zituen kritikek -aldekoak batzuk, kontrakoak beste batzuk-, ildo berean saiatzeko adorea eman zioten del Valleri. Lehenengo, bera bakarrik abiatu zen ikerketan baina, laster, batarekin eta bestearekin zituen harremanak baliatuz, elkarlanean osatu zuen proiektua. Liburua horren emaitza da.

Bertan, hainbat azterketa eta gogoeta bildu ditu argitaratzaileak eta, denak ere, gaur egun espainiera bultzatzeko gauzatu ohi diren politiken dimentsio ideologikoari buruzkoak. Hizkuntza-ideologiaz ari dira, beraz. Del Valleren aburuz, liburuan parte hartu dutenek, «nazionalismoak eta globalizazioak marrazten duen hodeiertzaren aurrean», espainieraren estatus sinbolikoa sendotzeko proiektua babesten duten diskurtsoen bi alderdi lantzen dituzte batik bat: «espainiera baieztatzea -hispanofoniaren oinarri denez-, eta hura hizkuntza globaltzat behin eta betiko ezartzea».

Liburuan kolaboratu dutenek era ezberdinean egin dute gogoeta. Batzuek, espainiar agentzien inguruan -Espainiaren Errege Akademia (RAE) eta Cervantes Institutua, adibidez-, garatu den diskurtsoa aztertu dute: espainiera, hizkuntza osoa, bilgune-hizkuntza, aktibo estrategikoa, hizkuntza mestizoa, edota hizkuntza globala... denetarik da hizkuntza. Beste batzuek, hizkuntza-ideologia kontzeptuak duen balio analitikoa aztertzera jo dute (Woolard-ek, del Vallek eta Fernandezek, esaterako), eta hizkuntzaz egin ohi diren eztabaida publikoen azterketan duen aplikazioa erakusten dute. Badira, hala ere, bestelako azterketak egiten dituzten egileen ekarpenak ere, liburuan lantzen den ikusmolde nagusia ez beste bat dutenak. Del Valleren esanetan, horiek «keinu kritiko estimulagarria dira», lan honetako zenbait premisa teorikoekiko ezadostasun jarrera dutelako, alegia.

Hamaika galdera dira liburuan. Gogoeta abiaraztea da helburu. Zein tratamendu ematen zaie, mundu hispanikoan espainierarekin harremanetan bizi diren hizkuntzei? Zein hizkuntza-ideologia azaleratzen dira hizkuntza haien inguruan? Zein eragin politiko dituzte espainieraren aldeko sustapen-politikek lurralde eleanitzetan? Nola negoziatu espainieraren eta Espainiaren estatusak Europako Batasunean? Zenbateraino sustraitzen dira ikusmolde instituzionalok erakundeetatik landa, hau da, "jendartean"? Zein garrantzi dute hizkuntza-ideologiek zenbait leku jakinetan, Puerto Ricon, esaterako? Zein hizkuntza-politika eta ideologia garatu dira espainieraz mintzo diren beste lurraldeetan? Nolako babes instituzionala jaso dute?... Espainian ari diren akademikoek ez ezik, AEBetan, Mexikon eta Alemanian ari direnek ere parte hartu dute lan honetan, era guztietako ahotsak bildu guran.

Zenbat buru, hainbat aburu. Hizkuntza-ideologiaren defentsan batzuk -liburuaren leif motiv-a baita-, kontra, aldiz, beste batzuk, baina gai horixe ardatz harturik. Hori, eta espainiera eta espainieraren mundua, lan-ildo politiko-linguistikoak aztertzeko asmotan.

Aurkibidea:

  • Agradecimientos
    Prefacio
  • José del Valle
    Glotopolítica, ideología y discurso: categorías para el estudio del estatus simbólico del español
  • José del Valle
    La lengua, patria común: la hispanofonía y el nacionalismo panhispánico
  • Mauro Fernández
    De la lengua del mestizaje al mestizaje de la lengua: reflexiones sobre los límites de una nueva estrategia discursiva
  • José del Valle
    La RAE y el español total. ¿Esfera pública o comunidad discursiva?
  • José del Valle y Laura Villa
    La lengua como recurso económico: Español S.A. y sus operaciones en Brasil
  • Kathryn A. Woolard
    La autoridad lingüística del español y las ideologías de la autenticidad y el anonimato
  • Ángel López García
    Ideologías de la lengua española: realidad y ficción
  • Luis Fernando Lara
    Por una reconstrucción de la idea de la lengua española
  • Obras citadas
    Sobre los colaboradores

Liburuaren ezaugarriak:

  • Argitaratzailea: Vervuert - Iberoamericana, Madrid
  • Hizkuntza: Gaztelania
  • Urtea: 2007
  • Orrialdeak: 144
  • ISBN: 978-84-8489-306-6
Azken eguneratzea: 2008/05/30