Monica Castillo eta Johannes Kabatek (ed.)
Las Lenguas de España. Política lingüística, sociología del lenguaje e ideología desde la Transición hasta la actualidad


Espainian diren hizkuntzen egoera aztertzen da argitalpen honetan. Galegoa, euskara, katalana eta asturiera gaur egun zertan diren azaltzen digute hainbat egilek, nork bere ikuspegia erabiliz. Ondorioa, bederatzi lan, bitan bereiz litezkeenak: hizkuntzen sustapena bultzatzen dutenak dira leizearen alde batean; bestean, promozio hori komunikazioaren galeratzat hartzen dutenak.

Bederatzi lan bildu dituzte Monica Castillo eta Johannes Kabatek argitalpenaren arduradun biek liburu honetara. Berez, 2003an Friburgon (Alemania) eta 2004an Parisen egin ziren europar jardunaldietako emaitza dira idazlanok. Denek ere, Francoren diktadura ondoko Trantsiziotik hona espainiar estatuan diren hizkuntzen egoera dute aztergai. Argitaratzaileen irudiko, jardunaldiak Espainiatik kanpo egiteak hainbat lagundu zuen iritzi ezberdinak ez ezik, kontrajarriak dituzten adituek parte har zezaten.

Adibidez, Juan Ramon Lodaresen hitzaldiak, "Espainiaren diagnostiko soziolinguistiko bat" izenburu daramanak, estatuaren hizkuntza politikaren kontra jardungo du. Berak dioenez, ez legoke hizkuntzak normalizatu beharrik, ez luke mereziko, kontuan harturik nazioarteko harremanak gero baino gero handiago direla eta, horrekin batera, unibertsalismo linguistikoa ere hazten ari dela. Lodaresen ustez, aniztasun linguistikoa bultzatzen duten mugimenduetako buruek ez dute beren protagonismoa baizik nahi, elite bat osatzea dute asmo, beste zenbait eliteren aitzi. Egile honek katalanaren egoerara joko du, batik bat, bere tesia non oinarritu bila.

Aurrekoaren antipodetan, Emili Boixek katalanaren, galegoaren eta euskararen lurraldez gaindiko sustapena aldarrikatuko du, Suitzako estatu federalean egiten den maneran. Espainiar Konstituzioaren 25 urte: balantze soziolinguistikoa katalan hiztunetatik" dugu Boixen lanaren izenburua eta katalanaren egungo egoera, espainiar estatuaren hizkuntza aniztasuna eta berau arautzen duten legeak, eta aniztasun horren gaineko ideologiak aztertzen ditu. Egileak hizkuntzen artean dagoen lege ezberdintasuna azpimarratzen du, eta gaztelaniak beste guztien gainetik duen lehentasuna.

Lehentasun hori, jakina denez, 1978ko Konstituzioan idatzirik dago eta, Boixen esanetan betiere, horri eusten diote gaur egun ere eskuineko alderdiek. Aldiz, ezkerrekoek estatu eleanitz baterantz jotzeko keinuak egiten dituzte.

Liburuan bildutako hitzaldietako batzuk balorazioz beteak dira -aurreko biak, adibidez-; beste batzuk, kontrara, deskribatzaileagoak dira. Era honetakoak dira, esaterako, Xose Luis Regueirarena eta Benjamin Tejerinarena. Regueirak galegoaren azken aldiko historia egiten du. XIX. mendeko ekintza erregionalista -hizkuntzari identitate osagai lehenaren balioa ematen diona-, eta aro demokratikoan abiarazitako normalizazioa aztertzen ditu. Bestalde, normalizazioaren gaineko diskurtso ezberdinen azterketa xehea egiten du eta galegoak globalizazio aroan duen lekuaz etorkizunari begirako proposamenak egiten. Benjamin Tejerinaren lanak "Hizkuntza aldaketako prozesuak eta beren egileak.

Euskara sustatzeko hizkuntza politikaren balantzea EAEn" du izenburu eta, bertan, azken hamarkadetan gure erkidegoan gertatu den hizkuntza eboluzioaren azterketa soziologikoa egiten du autoreak; hori ez ezik, garai bateko datuekiko konparazioak egiten ditu, etorkizuna antzemateko lagungarri gerta litezkeelakoan.

Aurrekoen bide berean, Johannes Kabatek irakasleak asturieraren egoera du aztergai: "dialekto aniztasuna, hizkuntza kontzientzia eza, hiztunen ehuneko txikia, biztanleriak hizkuntza kontuei eman izan dion garrantzi eskasa, eta estandar baten prestigio eta hedadura ezak, zaildu egiten dute asturiera nagusi dadin, gaztelaniaren ondoan, bertako hizkuntza bezala".

Hurrengo artikuluan, Miquel Nicolas valentzieraren egoera gaitzaz ari da. Honek botere sozial eta politikoek erabili dituzten elementu sinboliko zenbaiten karga pisuaz -hizkuntza beraren izena ei da deigarriena-, jardungo du, elementuok katalanaren kontrako erreakzioak eragin baitituzte eta, ondorioz, katalan hizkuntza Valentzian bazter uztea ekarri.

Christian Lagardek euskararen eta katalanaren konparazioa egiten digu espainiar eta frantses estatuetan. Irakasleak bi estatuetan diren hizkuntza politika ezberdinen ondorioak azaltzen ditu.
"Atzerakada, galera, atzentzea…" eta gisakoak dira frantses estatuko egoera hobekien adierazten duten hitzak. "Frantziako estatuaren eredu elebakarrak kinkan jartzen ditu katalanaren eta euskararen jarraipena lurralde hartan". Horixe Lagarderen esana.

Merce Pujolek 90eko hamarkadatik hona Espainian gertatu den emigrazio berriari begira egin du azterketa. Madril eta Katalunia dira atzerritar gehien jasotzen dituzten komunitateak. Madrilen, latinoamerikarrak dira batik bat, hangoa komunitate elebakarra izanik integrazioa errazagoa dutelako.

Katalunian, marokoarrak nagusi; poliglotak izanik, Kataluniako elebitasuna ez zaie arraro gertatzen.

Liburuko azken lana Monica Castillorena da: "Kataluniako soziolinguistika eskuliburuetako diskurtsoak eta normalizazioa: 80ko urteetatik gaur egun arteko azterketa" du izenburu. Castillok bertan dioenez, 80ko hamarkadan hizkuntz gatazkaren teoria zen nagusi Kataluniako soziolinguistika eskuliburuetan: gaztelania Kataluniatik kanporatzea zen hizkuntz normalizazioaren bidea, eta independentzia eta erabateko burujabetasuna, berriz, hartu beharreko neurri politikoak. Egun, aldiz, soziolinguistikaren eduki zientifikoak lantzen dira eskuliburuetan, kutsu politikoko kontsiderazio asko bazter uzteko joera dago, nahiz eta hizkuntz gatazkaren teoriak bizirik irauten duen oraindik ere, zenbait argitalpenetan bederen.

Bederatzi lan, beraz, diskurtso soziolinguistikoak ez ezik, hizkuntzen egoerari dagozkion errealitateak ezagutzeko balio dutenak.


AURKIBIDEA

  • Mónica Castillo y Johannes Kabatek
    Introducción
  • Juan Ramon Lodares
    Un diagnóstico sociolingüístico de España
  • Emili Boix
    25 años de la Constitución española: un balance sociolingüístico desde los (y las) catalanohablantes
  • Xosé Luis Regueira
    Política y lengua en Galicia: la "normalización" de la lengua gallega
  • Benjamín Tejerina
    Los procesos de cambio lingüístico y sus agentes. Un balance de la política lingüística de promoción del euskera en la Comunidad Autónoma Vasca
  • Johannes Kabatek
    Requisitos para ser lengua: el caso del asturiano y de otras modalidades lingüísticas de España
  • Miquel Nicolás
    Competencias, actitudes y prácticas lingüísticas de la sociedad valenciana contemporánea
  • Christian Lagarde
    La influencia del marco estatal en el porvenir de las lenguas: balance contrastado España-Francia en las zonas catalanohablantes y vascohablantes
  • Mercè Pujol
    Política lingüística en España y población extranjera
  • Mónica Castillo
    Los discursos de los manuales de sociolingüística catalanes y la normalización: análisis desde los años 80 a la actualidad
  • Direcciones de los autores


Argitalpenaren ezaugarriak:

  • Argitaratzailea: Ed. Iberoamericana, Madrid
  • Hizkuntza: gaztelania 
  • Urtea: 2006
  • Orriak: 244
  • ISBN: 84-8489-216-6
Azken eguneratzea: 2007/07/20