Eusko Jaurlaritzak Madrilen euskal ekosistema teknologikoak zibersegurtasunean dituen ahalmenak aurkeztu dizkie kidego diplomatikoari

Argitalpen-data: 

Basque CyberSecurity Centrek eta Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak lan-topaketa izan dute, Madrilen, zenbait herrialdetako enbaxadetako ordezkariekin, Euskadiko ekosistema teknologikoak zibersegurtasunean dituen ahalmenak aurkezteko.

Topaketa Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen Ordezkaritzan izan da, eta, bertan, Javier Diéguez Basque CyberSecurity Centre-BCSCko zuzendaria eta Leyre Madariaga Kanpo Harremanetarako zuzendaria izan dira, bai eta AEBko, Belgikako, Txileko, Mexikoko, Finlandiako, Frantziako, Italiako, Holandako, Kanadako, Hego Koreako, Malaysiako, Indonesiako, Japoniako, Arabiar Emirerrietako, Brasilgo, Suitzako eta Omaneko enbaxadetako arduradun sektorialak ere.

Lan-topaketaren izenburua honako hau izan da: “Euskadi-Basque Country, industria-arloko zibersegurtasuneko aukeren lurraldea", eta, horren bidez, kidego diplomatikoko kideei Euskadiko ekosistema teknologikoak zibersegurtasunean dituen ahalmenak aurkeztu zaizkie, Estatuan aitzindaria eta Europan erreferente dela aintzat hartuta.

Europako Batzordeak, Europar Batasunean mehatxu berrien eta arriskuen eraginak murrizteko, zibersegurtasuneko estrategia ezartzen du eta horrek honako helburu hauek ditu: Europako askatasunaren eta demokraziaren balioak sustatzea eta ekonomia digitalaren hazkuntza segurua bermatzea. Euskadi ekosistema berezi gisa gailentzen ari da; bertan, zibersegurtasuneko teknologia diseinatzen eta garatzen da, eta Europako Batzordearen aurrean eta zenbait erakunderen aurrean, besteak beste EDA eta ENISAren aurrean, adibide gisa jarri izan dute. Ahalmen horiek oraintsu erakutsi dira, halaber, lehen mailako foroetan Estatu Batuetan, besteak beste MITen edo RSA Conferencen.

 

  Informazio gehiago