Eusko Jaurlaritzak, Bruselan, migrazio erronkari erantzuteko eta garapen jasangarrirako helburuak ezartzeko jardunbide egokiak aurkeztuko ditu

Argitalpen-data: 

Marian Elorzak Share proposamena eta Babes Komunitarioa aurkeztuko ditu.

Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritza ordezkatuko du, EBko Europako Eskualdeetako Lantaldearen osoko bilkuraren saioan, egunotan, Bruselan.

Saioan, Eskualdeetako Lantaldeak «Hiriak eta eskualdeak migratzaileen integrazioaren alde: elkarrekin lan egitea, Europa inklusiboagoa lortzeko» ekimena abiaraziko du, migrazioaren inguruko iritzi positiboa sustatu eta hurrengo Europako Parlamentuari eta hurrengo Europako Batzordeari integrazioak lehentasunezkoa izaten jarraitzeko mezua bidaltzeko. Eztabaidan, Dimitris Avramopoulos Migrazioko, Barne Arazoetako eta Herritartasuneko komisarioak hitz egingo du eta, bertan, Marian Elorzak Eusko Jaurlaritza migrazio-erronkari erantzun egokia ematea sustatzeko abian dituen lanak azalduko ditu, besteak beste, Share proposamena eta Babes Komunitarioa.

Era berean, aurreikusten da beste bi eztabaida egitea: lehenengoa, EBren etorkizuneko aurrekontuari buruzkoa eta, bigarrena, EBko funtsezko eskubide eta balioei buruzkoa. Bestalde, Koen Lenaerts Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko presidenteak eta Frans Timmermans Europako Batzordeko lehen presidenteordeak ere hitz egingo dute.

Oraingoan, Euskadik «EBko baso-estrategiaren aplikazioa» irizpen-proiektuaren 5 zuzenketa-proposamen aurkeztu ditu; horietan desertifikatzeko arriskuan dauden eremuak basoberritzeko eta baso-kudeaketa jasangarriaren eta basoen funtzio aniztasunaren garrantziaren inguruko komunikazioa hobetzeko behar estrategikoa jasotzeko aldarrikatzen du.

Apirilaren 11n, Marian Elorzak “GJHak errealitate egitea: hiri eta eskualdeen eginkizuna” izeneko mintegian parte hartzea aurreikusten da; mintegia Eskualdeetako Lantaldeak, Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak eta Eurocitiesek antolatu dute. Bertan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Euskadi Basque Country 2030 agenda aurkeztuko du, Eusko Jaurlaritzak Nazio Batuen 2030erako Agenda eta Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak ezartzeko jardunbide egoki gisa.

 

  Informazio gehiago