Euskadik, ?Change the Change? konferentzian, klima-aldaketak toki-eremuan dakartzan mehatxuen berri emango du

Argitalpen-data: 

Konferentzia martxoaren 6tik 8ra bitartean izango da, Donostian; urteko hitzordu esanguratsuenetako bat izango da, eta nazioarteko lehen mailako hizlariak izango dira bertan. Halaber, arazoa eskualde-mailan nola bideratzen ari den ezagutuko da

Mende-amaierarako, hiru euskal hiriburuetan tenperatura maximoak 4 eta 5 ºC bitartean igoko dira eta minimoak 3 eta 4 ºC bitartean. Gainera, berrogei udalerritan, non biztanleriaren % 80 bizi baita, kanpoko klima-fenomenoek eragingo dute, besteak beste uholdeek, itsaso-mailaren igoerak eta bero-boladek.

Klima-aldaketa fenomeno globala da, eta Euskadi ere ari da haren eraginak jasaten. Nazioarteko erakunde gehienek gizatasunaren erronka nagusienetakotzat katalogatu dute, eta maila globalean eta toki-eremuan jardun behar da, haren aurrean. Ideia horrekin antolatu da ‘Change the Change’ Nazioarteko Konferentzia; martxoaren 6tik 8ra bitartean izango da, Donostian. Azken nobedadeak gaur eman dituzte ezagutzera erakunde antolatzaileek, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, José Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumena eta Obra Hidraulikoak Departamentuko foru-diputatuak eta Ernesto Gasco Donostiako Udaleko alkateordeak ordezkatuta.

Eskualde eta toki mailako ikuspegitik, Euskadiren egoera, klima-aldaketari dagokionez, dagoeneko oso aztertuta dago. 1971tik egunero ari da horretan lan egiten eta, ondorioz, bereizmen handiko atlas klimatikoa prestatzen ari da eta, horren bidez, aldi berean, XXI. mendean klima-aldaketak ekar dezakeenari aurrea hartzeko proiekzioak egin daitezke, Klima Aldaketaren Gobernuen arteko Panelak (IPCC, ingeleseko siglak) nazioarte-eremuan aztertzen dituen joeren ildotik.

Hitzordu esanguratsua

‘Change the Change’ nazioarteko konferentzian, klima-aldaketan adituak diren 50 pertsona ezagunen hitzaldiak izango dira, ‘planetako heroi’ izenekoez gainera. Bertan, hiru egunez, 600 pertsona batzea aurreikusten da; horrela, eremu horretan urteko hitzordu esanguratsuenetakoa izango da.

Nazioarteko lehen mailako adituak izango dira, esaterako: Nicholas Stern ekonomialari britainiarra, Bunny McDiarmid Greenpeace Internationaleko zuzendarikide exekutiboa, Connie Hedegaard Klimako Europako komisario ohia edo Manuel Pulgar-Vidal Naturarentzako Mundu Fondoko (WWF International) Klimako eta Energiako liderra, beste askoren artean.

Programan sartu diren azkenen artean aipatzekoak dira, halaber, Sylvia Earle National Geographic-eko ozeanografoa eta oraintsu Konkordiaren Asturiasko Printzesaren saria jaso duena, eta Mónica López RTVEko meteorologia-arloko zuzendaria eta ACOMET Meteorologiako Komunikatzaileen Elkarteko presidentea.

 

  Informazio gehiago