Euskadi Energia Berriztagarrien LPS bat izapidetzen eta energia eolikoko etorkizun baterako prestatzen hasi da
Argitalpen-data:
Eusko Jaurlaritza Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial (LPS) berri bat lantzeko izapideak hasi ditu, eta, Plan horretan, energia eolikoaren plangintza bat bildu da eta energia fotovoltaikoaren, geotermiaren, biomasaren eta itsas energiaren garapena areagotu da.
Tapia sailburuak energia-arloko euskal agendaren erronka berriak eman ditu ezagutzera Bruselan, eta 2030erako berrikusitako helburuak betetzen lagunduko duten proiektuak daude aurreikusita.
Helburuak energia berriztagarrien sorkuntza % 8tik % 15era igotzea eta guztizko kontsumoaren % 32 energia berriztagarriena izatea izango dira.
Helburu horiek lortzeko zailtasunak kontuan hartuta, sektoreko nazioarteko agenteek eta inplikatuta dauden Bruselako zuzendaritza nagusiek txalotu egin dute ekimen hori.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak, Europar Batasuneko Euskadiren ordezkari Marta Marinek eta Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak Energiaren Europako Astearen inaugurazio-ekitaldian parte hartu dute. Bertan, berritu egin da Europako Batzordeak klima-aldaketari aurre egiteko energia-trantsizio baten alde egindako apustua.
Eusko Jaurlaritzak, halaber, bere agenda eraman du Bruselara, Euskadik administrazioaren politika publikoetan lehentasuna duen erronka handi horrekin duen konpromisoaren erakusgarri.