Europako Kontseiluak UPV/EHUren parte hartzea duen PROEM Sarearen lana aipatu du

Argitalpen-data: 

Europako Kontseiluaren Gizarte Gaien, Osasunaren eta Garapen Jasangarriaren Batzordeak nerabe europarren osasun beharrak jorratzeko txostena sortu du, “Addressing the health needs of adolescents in Europe” izenekoa. Dokumentu horretan jasota dago gazteen osasun mentala eta ongizate emozionala sustatzeko diziplinarteko PROEM Sareak egindako lana. Jaengo Unibertsitatea buru duen PROEM Sarean Maite Garaigordobil Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Ebaluazio Psikologikoko katedradunak parte hartzen du.

Aipatutako dokumentuan Europa osoko gazteek izaten dituzten osasun arazo nagusiak aztertzen dira sakon; hala nola, antsietatea eta depresioa, elikadura nahasmenduak, haurdunaldi goiztiarrak, sexu transmisiozko gaixotasunak, nork bere burua zauritzeko joerak, jokabide aktiboak edo indarkeriazkoak, eta suizidioari lotutako pentsamenduak. Ildo horretatik, Doreen Massey egileak azaldu duenez, "behar duten unean nahi duten laguntza jasotzen ez dutela sentitzen dute gazteek eta, sarritan, demonizatu eta medikalizatu egiten ditugu”.

Joan den maiatzaren 24an Europako Kontseiluko Batzar Parlamentarioko Batzorde Iraunkorrak aurkeztu eta ebazpen gisa onartutako dokumentu horren asmoa da Europan gizarte eta ikerkuntza arloko politiken gaineko erabakiak hartzeko gidalerroak proposatzea. Hain zuzen ere, ikerkuntza eta osasun publikoko sistemak babestearen alde agertzen da, komunikabideek zein hezkuntza sistemak jardunbide egokien gaineko kontzientzia har dezaten lortzea du helburu, eta gazteen osasunean inbertsioa handitzearen aldeko apustua egiten du, etorkizuneko gizarte eta belaunaldien ongizatea bermatze aldera. Europa mailan argitaratutako gomendio hauek Diputatuen Kongresuan, PROEM Sareak babestuta, aurkeztu berri diren legez besteko proposamenen lerro berean datoz.

  Informazio gehiago