Emakumeen eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Europako Eguna. Eusko Jaurlaritzaren Adierazpen instituzionala

Argitalpen-data: 

Datorren otsailaren 22an, ostirala, Emakumeen eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Europako Eguna ospatuko dela eta, Eusko Jaurlaritzak berretsi egin nahi du lan-ingurunean emakumeen eta gizonen benetako berdintasunarekin hartu duen konpromisoa eta soldata-desberdintasunaren arazoari erantzun integral bat emateko egindako apustua.

Soldata-arrakala gizonen eta emakumeen arteko egitura-desberdintasunari lotutako ordainsari-arazoaren adierazpena da. Arrakalak erreproduzitu eta iraunarazi egiten du emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna gure gizartean, eta faktore askoren ondorioa da. Faktore horien artean, honako hauek azpimarra daitezke: sexuaren araberako lan-segregazioa eta emakumeek egindako lanaren balorazio sozial eta ekonomiko txikiagoa; emakumeek eta gizonek lan-merkatuan duten posizio desberdina (jenero-harremanek eta estereotipoek baldintzatuak); eta erantzunkidetasunik eza zainketa-lanetan.

Soldata-desberdintasunaren ondorioen artean, honako hauek aipa daitezke: emakumeen autonomia ekonomiko txikiagoa, pobrezia-indize handiagoak eta horren zuzeneko eragina gizarte-segurantzarako kotizazioetan, eta, beraz, pentsioetan.

Administrazioen erantzukizuna da soldata-arrakala desagerrarazten laguntzea, jakinik arazo konplexua dela, hainbat dimentsiotatik ekin behar zaiola eta inplikatutako agente guztien parte-hartzearekin lortuko dela.

Eusko Jaurlaritzak soldata-arrakala murrizteko hartu duen konpromisoa XI. Legegintzaldirako Gobernu Programan, Estrategia 2030ean eta, bereziki, Euskadin Soldata Arrakala Murrizteko Estrategian eta Ekintza Plan Eragilean islatu da. Estrategia eta ekintza-plan hori joan den azaroaren 27an onartu zuen Gobernu Kontseiluak, eta Euskadi 2030. urterako soldata-desberdintasunik txikieneko Europako bost herrialdeen artean kokatzea du helburu.

Eusko Jaurlaritza era koordinatuan ari da Plan hori lantzen. Izan ere, gure ustez, emakumeen eta gizonen soldata-berdintasunerantz aurrera egitea, bidezkoa izateaz gain, onuragarria da gizarte osoarentzat, hazkunde ekonomikoan, produktibitatearen gehikuntzan eta familia-bizitzaren, bizitza pertsonalaren eta lan-bizitzaren kontziliazioan laguntzen baitu.

Lehentasunezko helburua da, eta lan koordinatu bat egin behar da jardun-arlo guztien artean, Euskadin emakumeen eta gizonen arteko soldata-berdintasuna bermatzeko. Hori da gure helburua, eta hori da gure zeregina.

Horretarako, eta Euskadin Soldata Arrakala Murrizteko Estrategian eta Ekintza Plan Eragilean hartutako konpromisoei jarraikiz, Eusko Jaurlaritza honako ekimen hauek lantzen ari da (erantsitako dokumentuan daude zehaztuta), eta 2019ko lehen hiruhileko honetan jarriko ditu abian:

1.- Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea aldatzeko Legearen Aurreproiektuan soldata-arrakala murrizteko neurriak txertatzea.

2.- Ordainsari-berdintasuna ikuskatzeko plan espezifikoaren onarpena, Ikuskatzailetzak indarrean dauden legeen kontrakoak diren eta soldata-arrakala sortzen duten ekintzen aurka egiten duen lana sendotzeko.

3.- Elkarrizketa Sozialerako Mahaian lantalde espezifiko bat abian jartzea, lan-harremanen eremuan emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerantz aurrera egiteko.

4.- “Kontratu publikoetan, dirulaguntza publikoetan, hitzarmenetan eta itun sozialetan jenero-ikuspegia txertatzeko gida” eguneratzea, eta kontratazio publikoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak eta soldata-arrakalaren aurkako neurriak txertatzeko instrukzio espezifiko bat onartzea; instrukzio horrek lan-baldintzei dagokienez emakumeen eta gizonen berdintasuna erraztuko duten eta emakumeen eta gizonen soldata-berdintasuna bultzatuko duten klausula sozialak jasoko ditu, besteak beste, eta Administrazio Orokorreko, Administrazio Instituzionaleko eta sektore publikoko gainerako entitateetako kontratazio-organoei zuzenduta egongo da.

5.- 1,2 milioi euro gehigarriren gaikuntza, hainbat partidatan, soldata-arrakala murriztera bideratutako jardunak sendotzeko.

 

  Informazio gehiago