Nora Abetek: 'Gabonetan ere izan behar dugu gogoan Kontsumo arduratsua'

Argitalpen-data: 

Erosi aurretik ondo pentsatzea eta bero-beroan ez erostea gomendatu du Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendari Nora Abetek.

Abetek gogora ekarri duenez, 'Gabonetan handitu egiten da janarien, oparien, jostailuen, bideo-jokoen, dekorazioko gaien kontsumoa, eta gastuek eragina dute gure poltsikoan. Gure esku dago gure ohiturak aldatzea, ondo pentsatuta erostea eta presak edo publizitateak bultzatuta ez jokatzea'.

Murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea dira kontsumo arduratsu baterako gakoak. Horregatik, Gabonetako apaingarriak, zuhaitza eta jaiotza behin baino gehiagotan erabiltzea gomendatzen da Kontsumobidetik. Erabiltzeari utzitako jostailuek beste pertsona batzuentzako balio izango dute. Hortaz, erabilitako jostailuak ematea eta trukatzea gomendatzen da, zaborretara bota beharrean. 

Kontuan hartu behar da hurbileko eta sasoiko produktuak aukeratzea komeni dela, baita ingurumenean eragin txikiena duten materialekin fabrikatuak ere (zura, kartoia). Menuak prestatzeko garaian, doituta antolatu behar dira errazioak, eta soberakinak aprobetxatu; janaria alferrik ez galtzea, azken batean. 

Gainera, Gabonetarako egingo ditugun erosketei aurre egiteko garaian, hauek dira gomendioetako batzuk kontsumo arduratsu eta seguru baterako: 

  1. Erosketak planifikatzea eta dena batera ez erostea; ez itzazu erosketak utzi azken ordurako. Behar duzunaren zerrenda bat egitea komeni da.
  2. Aurrekontu bat egitea gehiegizko eta azaleko gastuak kontrolatzeko. Erabilgarri dugun aurrekontura premiak egokitzea.
  3. Txartelak buruarekin jokatuz erabiltzea.
  4. Janaria aldez aurretik erostea, eskaintzak aprobetxatuz eta Gabonak gertu daudenean garestitu ohi diren elikagaiak (mariskoa, haragia eta arraina) izozkailuan sartuz.
  5. Jostailuak aukeratzean, haurraren adina kontuan hartu behar da, eta sexismoa saihestu. Beti aintzat hartu behar da segurtasuna, eta horretarako ziurtatu egin behar da produktuak etiketatuta daudela, segurtasuneko oharrak eta erabilerarako jarraibideak dituztela, baita CE marka ere.
  6. Bideo-jokoetan arretaz begiratu behar da PEGI Kodearen(Pan European Game Information) piktogramen esanahia. Logo horiek jokoa erabiltzeko gomendatzen den gutxieneko adinari eta edukiari buruzko informazioa biltzen dute.
  7. Behatu egin behar da Gabonetako apaingarrien segurtasuna. Argizko girlandak erabiltzen badira, ziurtatu egin behar dugu konexioak egoera onean daudela.
  8. Saltokiko itzulketa-politikari buruzko informazioa izan behar dugu: itzulketak onartzen ote dituzten, zer epetan eta zer baldintzatan. Produktua akastuna baldin bada edo tararen bat baldin badu, Legeak orduan bakarrik behartzen ditu saltokiak produktua itzultzera.
  9. Erosketaren tiketa edo faktura eskatzea eta gordetzea, eskatu egingo baitzaigu produktua itzultzerakoan, erreklamazio bat aurkezterakoan edo bermearen onurak jasotzean.
  10. Gordeitzazu publizitate-foiletoak, loteslea baita publizitatea.
  11. Gatazkaren bat sortuz gero, erreklamazio-orri bat eskatu behar da saltokian.
  12. Aukeratu ezazu kontsumoko arbitraje-sistemako kide ikurra erakusten duen enpresa, berme plus bat baita