Nora Abete: 'Gizarte-bonu elektrikoari buruzko prestakuntza praktikoaren asmoa da bere eskaera tramitatu nahi dutenei informazioa eman eta laguntzea'

Argitalpen-data: 

Gizarte-bonu elektrikoari buruzko tailer praktikoak abian jarriko ditu Kontsumobidek.
Izena emateko epea zabalik dago 2018ko abenduaren 3tik eta eskari-ordenari jarraituta kontuan hartuko dira eskaerak.
Kontsumobideko zuzendari Nora Abetek azaldu duenez, Kontsumoko Euskal Institutuak tailer praktikoak abian jarriko ditu ohiko etxebizitzako elektrizitate-fakturaren gaineko deskontuaren onuradun izateko eskaera tramitatu nahi duten pertsonei laguntzearren.

Egoera zailean, oso zailean edo gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonei zuzenduta dago gizarte-bonua, eta onuradun izateko eskaera egin eta baldintza jakin batzuk bete behar dira, familiaren diru-sarrerak, besteak beste.

Garrantzizkoa da adieraztea lehengo gizarte-bonuaren onuradun zirenek berriro eskatu beharko dutela, eta baldintza berriak betetzen dituztela egiaztatu. 2018ko abenduaren 31 baino lehen eskatzen badute, eta ematen bazaie, atzeraeginezko efektuekin aplikatuko dira deskontuak, joan den urriaren 7tik hasita. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako eskaerek, onartzen badira, deskontuak sorraraziko dituzte fakturazio-zikloaren lehenengo egunetik hasita.

“Gizarte-bonua 3 pausotan nola lortu” prestakuntza-tailerra eskainiko du Kontsumobidek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bertan azalduko da nork eska dezakeen bonu soziala eta nola eskatu.

Prestakuntza, batez ere, familia ugariei, pentsiodunei, errenta baxuko pertsonei edo gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan daudenei dago zuzenduta. Interesekoa izan daiteke baita ere zirkunstantzia berezietan dauden senideekin bizi diren familientzat: guraso bakarrekoak, desgaitasunak dituztenak, II. edo III. mailako menpekotasuna, genero-indarkeriaren edo terrorismoaren biktimak.

Saioa taldean egingo da, ordu 1 iraungo du, eta Bilbon, Gasteizen, Donostian eta talde bat osatzeko behar adina eskaera bildu diren udalerrietan emango da.

Parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea 943-022590 telefonora deituta edo posta elektroniko honetan: kontsumobide.formacion@kontsumobide.eus.

Izena emateko epea zabalik dago 2018ko abenduaren 3tik eta eskari-ordenari jarraituta kontuan hartuko dira eskaerak.

Prestakuntza eta informaziorako jarduera hau “Kontsumobide, zuregandik gertu”, kanpainaren barruan kokatzen da. Programa honen barruan, tailerrak eta eztabaida-saioak eskaintzen ditu Kontsumobidek, besteren artean, gai hauei buruz: erosketak, kontsumoaren oinarrizko nozioak, merkataritza elektronikoa, etiketak eta etxeko hornikuntzak. Horrela, bertaratuek modu zehatzak ezagutu ditzakete eguneroko bizitzako arazoak konpontzeko.

Informazio gehiago Kontsumobide.eus: