Lehendakariak eskerrak eman dizkie lehen euskal ordezkaritzen arduradun eta taldeei Eusko Jaurlaritzaren biziraupenari eusteko irmotasunagatik eta ahaleginagatik

Argitalpen-data: 

Iñigo Urkullu Lehendakaria, gaur goizean, Eusko Jaurlaritzako Ordezkaritzei eginiko omenaldi-ekitaldiko buru izan da; ekitaldia Eusko Jaurlaritzak antolatu du, New Yorkeko eta Buenos Aireseko lehen egoitzak ireki zireneko 80. urteurrena ospatzeko. Iñigo Urkulluk nabarmendu du lehen ordezkaritzak “borondate kolektiboaren sinbolo izan” zirela, bai eta arduradun eta talde bakoitzaren “lana, ahalegina eta irmotasuna” ere; horren bidez, bere iritziz, Eusko Jaurlaritza erakundeari eutsi eta harekin jarraitu da, “baldintza zailenetan ere”.

Ekitaldia Lehendakaritzan izan da, eta, bertan, Kanpo Harremanetarako eta ondoz ondoko gobernuen euskal ordezkaritzetako arduradunak izan dira, bai eta ordezkaritza historikoetako arduradunen familiarteko ugari ere. Era berean, Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia izan da eta Legebiltzarreko ordezkaritza bat ere.

Omenaldia Remake Eresoinka emanaldiarekin hasi da (antzinako abesbatza mistoa; erbestean dauden 110 euskal artistek osatzen dute), Samaniago eta Eresargi (haurren abesbatza) abesbatzen eskutik, dantzari eta artistekin batera, Eresoinkako kideek beren familiartekoei zuzendutako zenbait gutuni ahotsa emateko.

Gero, euskal ordezkaritzen iraganari eta orainari buruzko bideo bat jarri da; ondoren, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta José Antonio Agirre Lehendakariaren Gobernuan kanpo-harremanetarako arduradun izan ziren Bruno Mendigurenen, Ixaka López de Mendizabalen eta Francisco Javier Landabururen familiartekoek hitz egin dute.

 

Informazio gehiago