Euskadik eta Ipar Euskal Herriak akordio bat sinatu dute mugaren bi aldeetako plangintzan elkarrekin lan egiteko

Argitalpen-data: 

Gaur eta bihar Euskal Hiria Kongresuaren 17. edizioa egingo da. 300 aditu inguru bilduko dira Bilboko Bizkaia Aretoan, eta egungo euskal herritar guztiak eta etorkizunean Euskadin biziko direnak eraginpean hartzen dituzten gaiak landuko dituzte. Bi egun hauetan, hiriak, merkataritza, turismoa, klima eta energia, hiri-berroneratzea eta mugikortasuna izango dira mintzagai. Gai horiek guztiek ez dute inolako zerikusirik muga administratiboekin, mugak gainditzen dituzte, "eta aukera egokia eskaintzen dute erronkei elkarrekin eta lankidetzan aurre egiteko eta gure lurraldeetan bizi diren pertsonen bizi-kalitate hobea ekarriko duten sinergiak sortzeko".

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak inaugurazio-ekitaldian adierazitako asmo horiekin eman zaio hasiera kongresuari. Bertan, Euskadiko eta Ipar Euskal Herriko lurralde-plangintzaren arduradunak bilduko dira lehen aldiz. Hori dela eta, kongresurako aukeratutako leloa ‘Euskadi: mugarik gabeko lurraldea’ izan da. Inaugurazio-ekitaldian, Euskal Hirigune Elkargoko presidente Jean René Etchegaray izan da sailburuarekin batera.

Euskal Hiria Kongresuak eguneroko bizitzako funtsezko gai horiei eta garapen jasangarriagoa lortzeko moduari buruzko argibideak emango dizkiguten mugaren bi aldeetako hogei hizlari inguru bilduko ditu, eta kongresuaren amaieran akordio zehatz bat sinatuko da bi eskualdeen artean.

 

Informazio gehiago