Euskadik errebindikatzen du, Katowicen, tokiko eta eskualdeetako gobernuek klima-aldaketara egokitzeari begira jokatzen duten rola

Argitalpen-data: 

Euskadi Europako eskualde aktiboenetako bat da klima-aldaketaren aurkako borrokan, eta jarrera horrekin doa aste honetan COP24 klimaren goi bilerara, Katowicen (Polonia), alor horretan hartuta dituen konpromisoak berresteko xedez. Goi bileran parte hartzean, euskal ordezkaritzak tokiko eta eskualdeetako gobernuen rola errebindikatu nahi du, bereziki lurraldea egokitzeko ekintzei dagokienez, Estatuek honelako nazioarteko goi bileretan izaten duten agenda ofizialetik harago joanez.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren burua Elena Moreno da, Ingurumeneko sailburuordea. Gaurtik –asteartea- ostegunera arte egongo da bertan, goi bilerako behatzaile gisa. Goi bileran 190 herrialdek parte hartzen dute, gobernuetako, gobernuz kanpo erakundeetako, komunitate zientifikoko eta enpresaren munduko ordezkariak barne sartuta.

Eusko Jaurlaritzak gaur izan du bere lehenengo topaketa Katowicen, The Climate Groupen bilera batean baitan, zehazki Under2 Koalizioaren gainerako kideekin batera; koalizio horretan ordezkatuta daude tenperatura globalaren igoera 2ºC-tik behera mantentzearekin konprometituta dauden eskualdeetako eta estatuetako gobernuak. Guztira, talde honek 220 administrazio baino gehiago biltzen ditu, eta ekonomia globalaren % 43 hartzen du bere baitan. Katowiceko gaurko topaketaren lema hauxe zen: ‘Elkarrekin Aldaketaren alde’.

 

Informazio gehiago