Arautegia

Inprimatu

4/2015 LEGEA, ekainaren 25ekoa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 123
  • Hurrenkera-zk.: 2935
  • Xedapen-zk.: 4
  • Xedapen-data: 2015/06/25
  • Argitaratze-data: 2015/07/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Lurzorua, gizateriaren natura-baliabiderik estimagarrienetako bat, funtsezko elementua da, eta pertsonen jarduera gehienen oinarria. Baliabide horren funtzio-aniztasunaren eta eskuragarritasun mugatuaren ondorio garrantzitsuetako bat eta lurzorua andeatuta egotearen zergati nagusietako bat da lurzoru-erabileren arteko lehia gero eta handiagoa dela.

Zenbait urtez modu desegokian erabili eta lehen alarma-zantzuak agertu ondoren, beharrezkoa izan zen zenbait mekanismo abian jartzea, berriztagarria ez den natura-baliabide urri hori arriskuan jarri gabe modu jasangarrian erabili ahal izateko. Izan ere, gero eta kaltetuago dago, gizakion jarduerengatik; jarduera horiek aldatu egiten dituzte lurzoruaren ezaugarri fisiko, kimiko eta biologikoak, eta batzuetan eraldaketa larriak eragitera iristen dira.

Kalteak saihestu eta konpondu ahal izateko irtenbideak bilatzeko, eta arazoa hurrengo belaunaldiei uztea eragozteko, Eusko Legebiltzarrak Lurzorua Ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeko 2005eko otsailaren 4ko 1/2005 Legea onartu zuen.

Lurzoruaren kalitatearen arloan partikularrek eta herri-administrazioek egin beharreko ekintzei legezko estaldura ematea zen legearen xedea, lurzorua babesteko Euskal Autonomia Erkidegoan diseinatutako politikaren oinarri diren hiru helburuak lortzeko: lurzoruetan eraldaketa berriak agertzea saihestu, kasurik premiazkoenak konpondu, eta, azkenik, kutsatutako lurzoru gisa oinordetzan hartutako pasiboa epe ertain eta luzera konpontzeko plangintza egin.

Lurzoruaren kalitatea babesten aurrerapen handiak lortu arren bereziki, natura-baliabide hori babestearen aldagaia partikularren eta oro har herri-administrazioen ekintzetan sartzean, 2005eko otsailaren 4ko 1/2005 Legea praktikan aplikatzean, agerian geratu dira legea aldatzea beharrezkoa dela erakusten duten arazoak. Aldaketaren xedea hau da: arauaren helburua, hots, lurzorua babestea eta lurzoruaren kutsadura garbitzea, bereziki kasurik garrantzitsuenetan betetzea, lurzorua kutsa dezaketen jarduera eta instalazioek egin dezaketen kaltearen arabera.

Legea parametro bikoitz baten arabera aldatzea da xedea: batetik, Administrazioaren esku-hartzea murriztea, administrazio-izapideak sinpletzea eta beharrezkoa ez denean tutoretzarik ez izatearen printzipioa betetzea; eta, bestetik, ingurumen-estandarrak hertsiki mantentzea, aldaketarekin estandar horiek inola ere urritu gabe.

Bestalde, hondakinen eta kutsatutako lurzoruen 2011ko uztailaren 28ko 22/2011 Legea onartzean ere, gomendagarri bihurtu da 2005eko otsailaren 4ko 1/2005 Legean jasotako zenbait gai moldatzea: hala nola kutsatutako eta eraldatutako lurzoruak berreskuratzeko neurriak hartzera behartuta dauden pertsonak zehaztea.

Gai horiek sartzeak, gainera, legearen egituran aldaketak egitea komeni dela erakutsi du, arautzen dituen alderdietan sistematikoagoa izatea lortzeko: lurzoruaren kalitatearen arloko bitartekoak eta prozedurak, ezartzen dituen betebeharrak, lurzoruen politikako bitartekoak eta zehatzeko araubidea.

Bestalde, aldaketa horrekin, araudiaren funtsezko alderdi erabakigarriak ezarriko dituen lege-mailako arau-testu bat onartzea aukeratu da, eta arauaren garapenetarako uztea teknikoagoak edo prozedurazkoak diren alderdiak.

Halaber, beharrezkotzat jo da legean araututako prozedurak kudeatzeagatik tasak ezartzea. Eta hori horrela egin da, uste osoa izanik beharrezkoa dela Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoaren esku-hartze administratiboak eskatzen dituztenei esku-hartze horrek dituen kostuak ordainaraztea, betiere begien bistatik galdu gabe herri-administrazioen ekintzak publikoak izan behar direla. Administrazioaren beste esparru batzuetan gertatzen denarekin egin den alderaketak berresten du uste hori.

Aldaketa horiengatik guztiengatik izan da gomendagarria 2005eko otsailaren 4ko 1/2005 Legea aldatu beharrean lege-testu berri bat idaztea, aurreko legea osorik ordeztu dezan.

Aurretik azaldutakoari jarraiki, lege honek aurrekoaren xedea mantentzen du, hau da, Autonomia Erkidegoko lurzorua babestea eta gizakien ekintzen ondorio den kutsadura saihestea; orobat, lurralde-esparru horretan kutsatuta eta eraldatuta dauden lurzoruei ezartzekoa den araubidea finkatzen du, ingurumena eta pertsonen osasuna zaintzeko.

Bi dira araudi berrian sartzen diren berrikuntza nagusiak. Alde batetik, lurzorua kutsa dezaketen jardueren sailkapen bat ezartzen da. Kutsatzeko ahalmenaren arabera egin da sailkapena, eta, horren bitartez, betebeharrak zehazten dira, arauan xedatutakoaren ondorioetarako: betebehar desberdinak eta ahalmen horri hobeto egokituak. Beste alde batetik, lurzoruaren kutsadura saihestu eta garbitzearen arloko esku-hartze administratiboa bizkortzeko, bi prozedura ezarri dira lurzoruaren kalitatearen arloan ere: lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren prozedura, zeinak proposatutako erabilera lurzorurako egokia den balioztatzeko xedea baitu; eta lurzoruaren erabilera-gaitasuna adierazteko prozedura, zeina prozedura soilagoa baita eta industria-erabilerarako soilik den lurzoruaren gaitasuna balioztatzeko xedea baitu.

Azkenik, legearen kapituluen zehaztasunak aipatu baino lehen, beharrezkoa da aipatzea ezen lege honetan, kontuan izanik kutsadura ez dela lurzoruaren ingurumen-kalitatea kaltetzen duen fenomeno bakarra, aurreikusten dela Jaurlaritzak estrategia bat onestea erosio, materia organikoaren galera, gazitze, trinkotze, bioaniztasunaren galera, zigilatze, luizi eta uholdeen ondorioz degradatu daiteke lurzoruaren funtzio naturalak eta erabilerak babestu, iraunarazi eta leheneratzeko. Era horretan, helburua izango du, lurzoruaren ingurumen-babesa lortzeaz gain, mantentzea, modu iraunkorrean, haren funtzio anbiental, ekonomiko, sozial, zientifiko eta kulturalak.

Legearen I. kapituluan, lurzorua kutsa dezaketen jardueren aipatutako sailkapena finkatzen da, eta, lurzorua kutsa dezaketen jardueratzat jotzeko, lurzorua ukitzen egoteko baldintza gehitzen da jarduera guztietarako.

Gainera, hondakinen gaian indarrean dagoen araudian eta lurzoruaren kutsadura saihesteko araudian jasotako aurreikuspenak batera lantzeko, garrantzi berezia hartzen dute lege berriko xedapenek. Berariaz ezartzen da hau: hondakinak uzteko jarduera bat egin den lekuetan, zigilatzea nahitaezkoa denean edo zigilatzea aurreikusten denean, Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak zuzen zigilatu dela onartzeko eta itxiera osteko aldia hastea erabaki dela adierazteko emandako ebazpenak lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren ondorioak izango ditu, eta, xede horretarako, erabilera bateragarriaren inguruko adierazpena gehituko da. Gainera, arduraz jokatzearen printzipioarekin bat, lurzorua etxebizitzatarako erabiltzeko mugak ezartzen ditu legearen testuak, hondakinak uzteko jarduerak jasan dituzten lekuetarako.

Gainerakoan, Autonomia Erkidegoko lurzoruaren kalitatearen inguruan, herri-administrazioen jokabidearen eredu diren printzipioei eusten die legeak, eta arlo horretako eskumenen diseinuari ere bai, kontuan hartuz udalerriak bihurtu behar direla lehen mailako indar eragile lurzoruaren kutsadura saihestu eta garbitzeko politika ezartzeko.

Legearen II. kapituluan, sistematikoki definitzen dira lurzoruaren kalitatea ezagutzeko eta kontrolatzeko beharrezkoak diren bitartekoak, eta hauexek dira: lurzoruaren kalitatearen arloko deklarazioaren prozedurak, lurzoruaren egoeraren txostenak, lurzoruaren kalitatearen miaketazko ikerketak, lurzoruaren kalitatearen ikerketa xeheak eta lurzoruaren azken egoeraren ikerketak. Ikerketa xeheetan, kasuen arabera, arriskuen analisiak, aukeren azterketak, lurzorua berreskuratzeko planak eta gaika hondeatzeko planak sartuko dira. Alde horretatik, ondoren erregelamendua garatzea aurreikusten bada ere, bitarteko bakoitzak izan behar dituen gutxieneko edukia eta zehaztasun-maila finkatu dira.

Legearen III. kapituluan, lurzoruen edukitzaile eta jabe diren pertsona fisiko edo juridikoen oinarrizko eginkizuntzat jotzen da lurzorua babestea, eta legean jasotako betebeharren bidez beteko da eginkizun hori. Lege honen ondorio diren diru-betebeharren erantzule solidarioak edo subsidiarioak izango dira ingurumen-erantzukizunaren araudian jasotzen diren subjektuak, araudi horrek ezartzen duen bezala.

Mantendu egiten dira betebehar hauek: lege honetako II. eranskinean zerrendatuta dauden eta lurzorua kutsa dezaketen instalazio edo jarduerak dauden lurzoruen inguruko txostenak bidaltzea aldian-aldian Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari; lurzoruan substantzia kutsatzaileak egotea saihesteko edo halako substantzien ondorioak txikiagotzeko jarritako prebentzio- eta babes-neurriak hartzea; eta lurzoruaren edukitzaile diren pertsona fisiko edo juridikoek hura berreskuratzeko eta kontrola eta segimendua egiteko neurriak ezartzea, lurzoru horren kalitatearen bilakaeraren gaineko eta lurzoruaren kutsadurak edo eraldaketak inguruneetan izandako eraginaren gaineko datuak lortzeko.

Lurzoruen egoeraren txostenen inguruan, hau adierazi behar da: industriako isurketen gaineko 2010eko azaroaren 24ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EE Direktiban ezarritakoaren arabera (kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuak), araudi horren mende dauden jarduerei eskatzen zaizkien txosten horien maiztasunak 5 urtekoa izan behar du. Helburua direktiba horretako eskakizunak betetzea da, bai lurzoruak eta bai lur azpiko urak kontrolatzeko.

Aurreko legean bitartekoak jarri ziren, kutsatzaileak izan daitezkeen jarduerak dauden edo egon diren lurzoruak hartzen dituztenek egoera horren berri izateko. Hala ere, beharrezkoa da bitarteko horiek indartzea; horretarako, lurzoru horien erosketa-tituluak edo lurzoru horien gaineko eskubideak eskualdatzeko beste edozein egintza inskribatzeari uko egitea ezartzen da, eskuratzaileari jakinarazpena eman zaiola behar bezala egiaztatu ezean.

  1. kapituluan, lurzoruaren kalitatearen deklarazioen eta erabiltzeko gaitasunaren deklarazioen kasuak arautzen dira, eta finkatu egiten da zein kasutan ez den izango beharrezkoa legean araututako prozedurak hastea. Hori ez da oztopo izango Administrazioak kontrola eramateko; horri esker jakingo du Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak ekintzak nola egin diren, eta egiaztatu egingo du ekintza horiek lurzoruaren kutsadura saihestu eta garbitzearen arloko helburuei egokitzen zaizkien.

    Legearen V. kapituluaren xedea lurzoruaren kalitatearen arloko administrazio-prozeduren inguruko gai orokorrak jasotzea da; horren inguruko erregelamendua garatu egingo dela aurreikusten da.

  1. kapituluan, lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren ondorioak finkatzen dira, eta «kutsadura edo eraldaketa historikoa» eta «kutsadura edo eraldaketa berria» izenekoak bereizten jarraitzen da. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko 3/1998 Legea aipatzen da bi egoeren arteko mugatzat (Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko 1998ko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra); izan ere, gure Autonomia Erkidegoan, lege horrek ezarri zizkien modu argian betebeharrak lehenbiziko aldiz lurzoruaren jabe diren pertsona fisiko edo juridikoei, eta arlo horretako araubide zehatzailea ere ezarri zuen.

    Halaber, kapitulu horretan zehazten dira lurzorua berreskuratzeko neurriak hartu behar dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, eta erantzukizun hori, lehen-lehenik, lurzorua kutsatu dutenei egozten zaie. Zenbait direnean, era solidarioan erantzungo diote betebehar horri. Horien ordez, betebehar hori lurzoruen jabe eta edukitzaileena izango da, hurrenkera horretan.

    Lurzorua berreskuratzeko neurriak ezartzean, ez da baztertzen hondakinen gaian indarrean dagoen araudi sektoriala. Leku batean detektatu diren hondakinak kendu eta egoki kudeatzeko eskakizuna ekar dezake araudi horrek; bereziki, hondakin arriskutsuen inguruan.

  2. kapituluan, lurzoruen politikan herri-administrazioen ardura diren bitartekoak jasotzen dira, arlo horretan egiten dituzten ekintzak gidatzen dituzten printzipioak eraginkor bihurtzeko helburuarekin.

    Aipatutako bitartekoak hauek dira: lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazioak dauden lurzoruen inbentarioa; jarduteko jarraibideak eta lehentasunak finkatuko dituen lurzoruen plana; Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroa, zeinak ingurumen-gaietan informazioa lortzeko eskubideaz baliatzeko bidea emango duen; lurzoruak ikertu eta berreskuratzeko baimendutako entitateak; legean xedatutako eginbeharrak betetzera bultzatzeko diru-laguntzak; eta finantzaketa publikorako mekanismoak. Bitarteko horiei dagokienez, komenigarria da zehaztea Estatuko oinarrizko legerian ezarrita dagoen kutsatutako lurzoruen inbentarioko edukia Lurzoruen Kalitatearen Administrazio Erregistroan dagoela jasota.

  3. kapituluan, zehatzeko araubidea ezartzen da, eta arau-hauste oso larriak, larriak eta arinak bereizten dira, ingurumenean edo pertsonen osasunean sortzen diren arriskuen edo kalteen arabera. Nolanahi ere, arriskuen analisian arrisku onartezin bat dagoela ondorioztatzen denean pertsonentzako, beren ondasunentzako edo ingurumenarentzako arrisku larriak sortzen direla zehazten da. Halaber, arriskua zehazteko arriskuen analisia egitea beharrezkoa bada, arriskua dagoela ulertzen da.

    Arau-hauste horien ondorioak diru-zehapenak eta beste mota bateko zehapen dira, eta lurzorua kutsatu duen jarduera edo instalazioa behin betiko uztea ekar dezakete kasurik larrienetan.

    Kapitulu horrek, ezarritako zehapenak bere hartan direla, egindako arau-hausteen ondorioz lurzoruetan eragindako kalteak konpontzera behartzen du, erantzukizuna dutenen kontura.

    Lehenengo Xedapen Iragankorrak lurzoruaren kalitatearen deklarazioen balioa ematen die 2005eko otsailaren 4ko 1/2005 Legea indarrean jarri aurretik lurzoruaren kalitatearen inguruan egindako ikerketak direla-eta Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak emandako ebazpenei eta ziurtagiriei.

    Bestalde, bigarren xedapen iragankorrean xedatzen denez, lege hau indarrean sartu aurretik lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren prozedura gisa hasitako kasuak lege honetan ezarritakoaren arabera bideratuko dira, baldin eta lege honen arabera lurzorua erabiltzeko gaitasunaren deklarazioaren prozedura gisa bideratu beharrekoak badira edo prozedura horietatik salbuetsi badaitezke, betiere prozedura hasi duen pertsonak hori eskatzen duenean, eta hasitako prozeduran behin betiko ebazpena eman ez bada.

    Hirugarren xedapen iragankorrean, lurzorua erabiltzeko gaitasunaren deklarazioaren prozeduretan hondeaketa-planak eta egoera-txostenak landu ditzaketen entitateak zehazten dira, eta hondeaketa-planak gainbegiratzeko gaitutako entitateak ere bai, entitateak baimentzeko araubidea eguneratzen den bitartean.

    Laugarren xedapen iragankorrean adierazten denez, lurzoruen inbentarioa 2008ko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuaren bidez onartutakoa da.

    Xedapen indargabetzaile bakarrak indargabetu egiten du Lurzorua Ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeko 2005eko otsailaren 4ko 1/2005 Legea eta lege berrian ezarritakoaren aurka doan xedapen oro.

    Halaber, azken xedapenetatik lehenengoan, lurzoruaren kutsadura saihestu eta garbitzearen arloko zerbitzuak emateagatiko tasak ezartzen dira. Horrela, finkatutako tasen arabera kobratuko dira bai lurzoruaren kalitatearen arloko prozeduretan eta lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko entitateak baimentzeko prozeduretan Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak egiten dituen ekintzak eta bai Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroari egindako kontsultak.

    Amaitzeko, I, II eta III. eranskinetan, honako hauek ezartzen dira, hurrenez hurren: lurzorua kutsa dezaketen jarduera eta instalazioen zerrenda, lurzorua kutsa dezaketen jarduera eta instalazioen sailkapena eta ebaluazioko balio adierazleak. Nolanahi ere, aipatutako eranskinak aldatzeko ahalmena du Jaurlaritzak, bigarren xedapen gehigarriak emanda. Lurzorua kutsa dezaketen jarduera eta instalazioen identifikazioa ez da egiten indarrean dagoen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren arabera (2009ko EJSNa), baizik eta 2003an maila txikiagoko eguneratze bat egin zitzaion 1993ko sailkapenaren arabera (1993ko EJSNa, 1. berrikuspena); izan ere, hori erabiltzen da 2005eko urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, zeinak lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda ezartzen baitu eta lurzoruak kutsatuta daudela adierazteko irizpideak eta estandarrak finkatzen baititu.

Lege honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko lurzorua babestea da, eta jatorri antropikoa duten ekintzen ondorioz lurzoruaren ezaugarri kimikoak eraldatzea saihestea.

Horretarako, lurralde-eremu horretan dauden kutsatutako eta eraldatutako lurzoruei aplikatzekoa den araubide juridikoa ezartzen du, ingurumena eta pertsonen osasuna zaintzeko, eta finkatzen ditu bai berariazko betebeharrak lurzorua kutsa dezaketen jarduera eta instalazioentzat eta bai baimentzeko araubidea ere lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko ekintzak egiten dituzten entitateentzat.

  1. Substantzia arriskutsuak erabiltzeagatik edota hondakinak sortzeagatik lurzorua kutsatzeko aukera handiena dutenak dira lurzorua kutsa dezaketen jarduera eta instalazioak. Jarduera eta instalazio horiek lege honen I. eranskinean daude zehaztuta; eta, lege honen ondorioetarako potentzialki kutsatzaileak izateko, beharrezko baldintza da lurzorua ukitzen egotea.

  2. Kutsatzeko ahalmenaren arabera, lurzorua kutsa dezaketen jarduera eta instalazioen hiru kategoria finkatzen dira II. eranskinean. Horien sailkapenaren arabera, eta hartzen duten lurzorua zertarako erabiltzen duten kontuan hartuz, legezko betebehar desberdinak izango dituzte.

Lege honen ondorioetarako, definizio hauek hartuko dira kontuan:

  1. Lurzorua: lurrazalaren zati solidoa da, harri amatik azalerainokoa, zeinak barne hartzen baititu fase likidoak eta gaseosoak eta bertan bizi diren organismoak eta zeina gai baita eginkizun naturalak betetzeko nahiz erabilia izateko. Nolanahi ere, ez da lurzorutzat hartuko lurrazaleko ur-geruza batek etengabe estaltzen duena.

  2. Lurzoru kutsatua: gizakiaren ekintzen eraginez ezaugarri kimikoetan eraldaketaren bat duen lurzoru oro da, baldin eta aldaketa hori, ingurumenerako edo pertsonen osasunerako ezin onartuzko arriskua duelako, bere funtzioekin bateraezina bada bai egungo erabilerarako bai erabilera aldatuz gero hurrengo baterako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak horrela adierazten badu, lege honetan lurzoruaren kalitatea zehazteko araututako prozedurarekin bat etorriz.

  3. Lurzoru eraldatua: eraldatutakotzat joko da edozein lurzoru, detektatutako kutsatzaileen kontzentrazioek ezarrita dauden erreferentziako balioak gainditzen dituztelako arriskuen analisia egitea beharrezkoa denean, eta analisi horrek lurzorua ez dagoela kutsatuta egiaztatzen duenean. Kutsatu gabe dagoen lurzorua ez da eraldatutzat joko, lege honen ondorioetarako, baldin eta antzematen diren TPH edo petrolioaren guztizko hidrokarburoen kontzentrazioak oinarrizko araudian finkatutako erreferentziako balioa baino 50 mg/kg handiagoak badira eta 500 mg/kg baino txikiagoak badira.

  4. Kontrolatu gabeko hondakin-biltegi zaharrak: horrelakotzat joko dira hondakinak biltzeko eremuak, baldin eta jarduna utzia badute hondakin inerteak eta inertizazioaren gai izan direnak kudeatzeko arauak finkatzen dituen 1994ko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretua indarrean sartu aurretik eta ondorioz hondakindegi-izaerarik ez badute. Kontzeptu horretan sartzen dira «hondakindegi» izen orokorra duten lekuak, baldin eta lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazioak dauden edo egon diren lekuen inbentarioan jasota badaude eta aipatutako dekretua indarrean jarri baino lehen utzi bazioten jardunari.

  5. Lurzoruan garatzen diren jarduerak edo lurzoruan dauden instalazioak: garatzen diren edo dauden lekuaren eta lurzoruaren artean tarteko solairurik ez duten jarduerak edo instalazioak.

  6. Ebaluazioko balio adierazleak: lurzoruaren kalitatearen estandarren sistema eratzen duten kimika-substantzien kontzentrazioei dagozkien balioak. Balio horiek lege honen III. eranskinean zehazten direnak dira; eta, eranskinean jasota ez dauden beste kimika-substantzia batzuen kasuan, arautzen den metodoaren arabera lortutakoak. Balio horiek honela daude definituta:

    1. A ebaluazioko balio adierazlea (A-EBA): substantzia jakin batek Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoruetan era naturalean aurkitzen denean duen kontzentrazio-tartearen mailarik gorenarekin bat datorren estandarra. Jatorri antropikoa duten substantzientzat, analisi-metodo normalizatuak aplikatzean detektatzen den mugako balioaren parekoa izango da A-EBA A motako ebaluazioko balio adierazlea. Salbuespen gisa, lurzoru batean dauden substantzia-kontzentrazioak naturalak direla ziurtatzen bada, onartu egin ahal izango da, espediente jakin bakoitzean, toki horretan A-EBA A motako ebaluazioko balio adierazle desberdin bat finkatzea.

    2. B ebaluazioko balio adierazlea (B-EBA): substantzia batek lurzoruan duen kontzentrazioa adierazten du estandar horrek. Estandar horretatik gora, lurzorua eraldatuta dago, eta kutsatuta egoteko aukera ere badago, baina, hori egiaztatzeko, arriskuen analisi bat egin beharko da. Lurzoruaren erabilera desberdinen arabera definitzen da B-EBA balioa.

      Orobat, lur azpiko uren arloan erreferentziakoak diren balioak ezarri eta aldatu ahal izango ditu Administrazio hidrauliko eskudunak, lur azpiko urak kutsadura eta narriaduratik babestearen inguruko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/118/EE Direktiban ezarritakoaren arabera.

  7. Arriskua: lurzoruan dagoen substantzia kutsatzaile bat hartzaileren batekin, zuzenean edo beste bide baten bitartez, kontaktuan jartzean pertsonen osasunerako edo ingurumenerako ondorio kaltegarriak izateko probabilitatea.

    Pertsonen osasuna babesteko, arrisku onargarriko egoera dela onartzen da, substantzia kantzerigenoen kasuan, minbizia agertzeko ohiko maiztasuna ehun mila kasutik bat baino gutxiagokoa izatea substantzia horren eraginpean dagoen biztanlerian. Kantzerigenoak ez diren ondorioetarako, onargarritzat joko da arriskua, identifikatutako substantzia kutsatzaileen kasuan, epe luzeko esposizio-dosien eta gehieneko dosi onargarriaren arteko zatidura unitatea baino txikiagoa denean.

    Ekosistemak babesteko, arrisku onargarriko egoeratzat hartzen da egoera, identifikatutako kutsatzaileetarako, kontzentrazio gisa adierazitako esposizio-mailaren eta atalase ekotoxikologikoaren arteko zatidura unitatea baino txikiagoa denean; atalase hori ekosistemetan ondoriorik espero ez den gehieneko kontzentrazioak definitzen du.

    Kasu guztietan, aintzat hartuko dira bai substantziak banaka agertzearen ondorio diren arriskuak eta bai substantzia batzuk agertzean metaketak dakartzan ondorioak.

  8. Prebentzio-neurriak: lurzorua kutsatzen duen ekintzarik ager ez dadin hartutako neurri guztiak.

  9. Babes-neurriak: ekintza kutsatzaileetatik lurzoruan sortutako ondorioak saihestu edo gutxitzen saiatzen diren neurri guztiak.

  10. Lurzorua berreskuratzeko neurriak: lurzoruan substantzia kutsatzaileen kontzentrazioak gutxitzeko helburuarekin hartutako neurri guztiak eta substantzia horien eraginpean egotea edo substantziak sakabanatzea mugatzeko helburuarekin hartutakoak.

  11. Kontrol- eta segimendu-neurriak: kutsadurak kalte egindako lurzoruaren edo inguruneen kalitateak nahiz lurzoruaren eraldaketak denboran zehar izandako bilakaera balioztatu ahal izateko informazioa lortzeko helburua duten neurri guztiak.

  12. Eskuragarri dagoen teknologiarik onena: aurrerapen teknikoak zein zientifikoak ekarritako teknologia da, kostuak eta onurak kontuan hartuta zentzuzko baldintzetan lor badaiteke.

Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoruen inguruan, herri-administrazioek printzipio hauen arabera jokatuko dute:

  1. Lurzoruaren funtzio naturalei eustea.

  2. Haren funtzio gehienak mantentzea.

  3. Teknologia eskuragarririk onenak erabiliz lurzorua berreskuratzea, izango duen erabileraren arabera.

  4. Leku berean lurzorua berriz erabiltzea dakarten konponbideei lehentasuna ematea.

  5. Lurzorua berreskuratzeko ekintza egoki baten kostuak bere gain hartzea ahalbidetuko duten erabilerak esleitzea lurzoruari.

  6. Kutsatzailea izan daitekeen jarduera bat dagoen edo egon den lurzoruari erabilera bat esleitzerakoan, hirigintza-kudeaketaren esparruan dagoen lurzoru guztiarentzat ingurumenaren aldetik konponbidea eskatzea.

  7. Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoruen kalitatea ezagutzeari eta kontrolatzeari lehentasuna ematea.

  8. Kutsatzen duenak ordaindu egin behar duela eta kaltea eragiten duena erantzun egin behar duela dioen printzipioa aplikatzea.

  1. Zigilatzea nahitaezkoa duten edo zigilatzea aurreikusten den hondakindegien kasuan, zuzen zigilatu dela onartzeko eta itxiera osteko aldia hasten dela xedatzeko ingurumen-organoak ematen duen ebazpenak lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren ondorioak izango ditu, eta, horretarako, bateragarria den azalerako erabileraren inguruko adierazpena jasoko du zigilatzearen osotasuna bermatze aldera.

  2. Kontrolatu gabeko hondakin-biltegi zaharrek, lege honen ondorioetarako, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dauden edo egon diren lurzoruei ezartzen zaien araubide orokorra bete behar dute.

  3. Inoiz ez da ebazpenik egingo adierazteko leku bat erabil daitekeela leku bat erabil daitekeela etxebizitzatarako edo lege honen arabera hiri-erabileraren parekoak diren beste erabilera batzuetarako, kontrolatu gabeko hondakin-biltegi zahar bat edo hondakindegi bat dagoenean eta hondakin arriskutsuak dauzkanean edo, hiri-hondakinek bezala, gasak edo geoteknia-arazoak sor ditzaketen hondakinak dauzkanean.

Lurzoruaren kalitatea ezagutzeko eta kontrolatzeko bitartekoak hauek dira: lurzoruaren kalitatearen arloko deklarazioaren prozedurak, lurzoruaren egoeraren txostenak, lurzoruaren kalitatearen miaketazko ikerketak, lurzoruaren kalitatearen ikerketa xeheak arriskuen analisiak, aukeren azterketak, lurzorua berreskuratzeko planak eta gaika hondeatzeko planak barne, hala dagokionean eta lurzoruaren azken egoeraren ikerketak.

  1. Lurzoruaren kalitatearen arloan deklarazioak egiteko bi prozedura finkatzen dira: lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren prozedura eta lurzorua erabiltzeko gaitasunaren deklarazioaren prozedura.

  2. Lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren prozedura administrazio-prozedura bat da, eta horren bidez balioztatzen du Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak lurzorua uneko edo aurreikusitako erabilerarako egokia den, baimendutako entitate batek egindako lurzoruaren kalitatearen ikerketa-txostenen arabera. Horretarako, nahitaez, ezagutu egin behar da lurzoruan eta kaltetuta egon daitezkeen beste ingurune batzuetan dauden kutsatzaileen kontzentrazioa, eta ikerketa-fase bakoitzari dagozkion irizpideen arabera ebaluatu kontzentrazio hori.

  3. Lurzorua erabiltzeko gaitasunaren deklarazioaren prozedura administrazio-prozedura bat da, eta horren bidez balioztatzen du ingurumen-organoak industria-erabilerarako soilik balio duen lurzoruaren gaitasuna, 24. artikuluan jasotako kasuetan. Ondorio horietarako, industria-erabileratzat hartzen dira B-EBA B ebaluazioko balio adierazleak aplikatzen zaizkien erabilerak. Nahitaez lurzoruaren egoeraren txosten bat lantzea eskatzen du horrek.

  1. Lurzoruaren egoeraren txostenen xedea hau da: lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazioren bat dagoen edo egon den lurzoruan kutsadura garrantzitsuak gertatu ote diren edo gerta daitezkeen balioztatzea.

  2. Balioztatzea honako hauetan oinarrituko da: maneiatutako substantzia arriskutsuak eta sortutako hondakinak; instalazioen ezaugarriak eta ezarritako prebentzio-, babes-, kontrol- eta segimendu-neurri zehatzak; eta jarduera edo instalazioa dagoen ingurunea.

  3. Lurzorua kutsa dezaketen jarduera eta instalazioen kategorien arabera zeinak lege honen II. eranskinean zehazten baitira, zehaztasun-maila, eduki eta maiztasun desberdinak finkatuko dira erregelamenduetan, aurkeztu behar diren lurzoruaren egoeraren txostenetarako, eta administrazio-mailako onurak gehituko dira Europako EMAS erregistroan inskribatutako erakundeen kasuetan.

  1. Miaketazko ikerketaren xedea hau da: lurzorua eraldatuta edo kutsatuta egotea ekar dezakeen substantzia kutsatzaileen kontzentraziorik ba ote den egiaztatzea.

  2. Ikerketa horren barruan honako hauek sartzen dira: lurzoruaren gainean garatutako jardueren inguruko ikerketa historiko bat egitea; ingurune fisikoaren ezaugarri nabarmenen datuak lortzea; eta laginak hartu eta analisiak egitea. Analisiak ikertu beharreko eremu osoko ingurune garrantzitsuetan (lurzoruan, uretan eta airean) dauden substantzia kutsatzaileen zerrenda egitea ahalbidetuko du, horiek espazioan duten banaketa mugatzeko eta azterketa-eremuan bereizitako azpieremu bakoitzean agertutako substantzien kontzentrazioa adierazteko. Ikerketa horren emaitza ikerketaren txostena egitea izango da, eta erregelamendu bidez zehaztuko da edukia.

  3. Kontrolatu gabeko hondakin-biltegi zaharren kasuan, biltegi horiek hartzen duten leku osoa ikertuko da, nahiz eta prozedura hastea eragin duen ekintzak biltegiaren zati bati bakarrik eragin. Kontrolatu gabeko hondakin-biltegi horiei eragiten dieten erabilera publikoko obren kasuan, obra hori egingo den zatia bakarrik ikertzea onartu ahal izango du ingurumen-organoak, salbuespen gisa.

  1. Ikerketa xehatuaren helburua hau da: arrisku onartezina izan dezaketen lurzoruetan, bide eman behar du kutsadurak eraginda egon daitezkeen lurzoruetan eta gainerako inguruneetan dauden substantzia kutsatzaileen motak, kontzentrazioa eta banaketa zuzen zehazteko, baita substantzia kutsatzaileak egoteagatik ingurumenak eta pertsonen osasunak dituen arriskuak kuantifikatzeko ere.

  2. Ikerketa horretan sartuko dira: laginak hartzeko eta kimika-analisiak egiteko kanpaina bat edo gehiago eta ingurune fisikoaren eta giza ingurunearen azterketa sakon bat. Halaber, kasuen arabera, arriskuen analisi bat, lurzorua berreskuratzeko aukeren azterketa bat, berreskuratze-plan bat eta gaika hondeatzeko plan bat egingo dira. Ikerketa horren emaitza ikerketaren txostena egitea izango da, eta erregelamendu bidez zehaztuko da edukia.

  1. Zenbait parametro identifikatu, neurtu eta konparatzeko prozesua da arriskuen analisia; horren bidez, kaltetutako inguruneetan substantzia jakin batzuk egoteak pertsonen osasunerako eta ingurumenerako izan ditzakeen arriskuak aztertu, analizatu eta arriskuon ezaugarriak zehazten dira.

  2. Ikerketa xehearen edukia den aldetik, lurzoruaren kutsadurak eragin diezaiekeen objektu guztiak hartu behar dira kontuan arrisku-analisian. Aintzat hartuko da ea ondorio kaltegarriak sor daitezkeen, lurzoruaren eta kaltetutako beste ingurune batzuen kutsaduraren ondorioz, pertsonen osasunean eta, kasuaren arabera, ekosistemen funtzionamenduan; eta, aldi berean, kutsadura beste ingurune batzuen bidez barreiatzeko aukerak ebaluatuko dira (bereziki, uraren bidez), eta kutsadurak produktibitatean eta azpiegituretan izan dezakeen eragina ere bai. Ikerketa xehea egiteko unean lurzoruak duen erabilera edo aurreikusitako erabilera kontuan hartuta balioztatuko da arriskua.

  3. Arriskuen analisiaren gutxieneko edukia erregelamendu bidez zehaztuko da.

  1. Lurzorua berreskuratzeko aukeren azterketa ikerketa xehearen edukiaren zati da, eta azterketa horren helburua ikertutako lurzorua saneatzeko aplika daitezkeen teknikak eta neurriak identifikatu eta horiek konparazioz balioztatzea da. Balioztatze-prozesuan, teknika, ingurumena, ekonomia edo intereseko beste edozein alderdi hartuko da kontuan berreskuratutako lurzorua berrerabiltze aldera.

  2. Lurzorua berreskuratzeko planaren xedea, berriz, erregelamendu bidez zehaztuko den edukiarekin, 39. eta 40. artikuluetan finkatzen diren berreskuratze-helburuak lortzen direla bermatzeko egin beharreko ekintzak diseinatzea da; kasu guztietan, eskuragarri dagoen teknologiarik onena erabiliko da.

  1. Hondeaketa selektiboaren planaren xedea hau da: lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat dagoen edo egon den leku batean edo kutsadura horrek eragin dion leku batean hondeaketa-ekintzak planifikatzeko eta betetzeko beharrezkoak diren alderdiak garatzea, leku horietan A-EBA A ebaluazioko balio adierazleak gainditu direnean. Ingurumenaren aldetik hondeaketaren segimendua eta kontrola bermatu behar ditu planak, erregelamendu bidez zehaztuko den edukiarekin, eta, nolanahi ere, hondeatutako materialak zuzen berrerabiltzea edo kanpoan zuzen kudeatzea optimizatu eta ziurtatuko du.

  2. Hondeaketa selektiboaren plana beharrezkoa izan daiteke, bai hondeatzea eraikuntza-proiektuaren beharrek arrazoitzen dutenean eta bai aurreko artikuluan araututako aukera-azterketaren ostean proposatutako berreskuratze-plana hondeatzea denean.

  1. Ikerketa haren xedea hau da: eraikuntza-arrazoiengatik lurzorua berreskuratzeko edo hondeatzeko neurriak hartu ondoren, behar adina datu ematea, datu horiekin bermatuz lurzorua berreskuratzeko aplikatutako teknikarekin edo egindako hondeaketarekin lortu egin ahal izan direla geratzen den lurzoruaren kalitatea berreskuratzeko ingurumen-organoak eskatzen dituen helburuak. Ikerketa hori egin ondoren lantzen den agirian oinarrituta ziurtatuko da hondeaketaren ostean geratzen den lurzorua berreskuratu den eta zer kalitate duen.

  2. Lurzorua berreskuratzeko neurriak bete osteko ikerketa egingo duen baimendutako entitatea ez da izango berreskuratze-planean ezarriko den metodologiaren araberako neurriak diseinatu, gainbegiratu edo bete dituen entitate bera.

Lurzoruen edukitzaile edo jabe diren pertsona fisiko edo juridikoen oinarrizko betebeharra da lurzorua zaintzea, eta betebehar horretan sartzen da lurzoruaren kalitatea ezagutu eta kontrolatzea, bai eta lege honetan zehaztutako kasuetan neurriak hartzea ere prebentzio-, babes-, berreskuratze- eta kontrol- eta segimendu-neurriak.

  1. Lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazio berriak jarri nahi dituzten pertsona fisiko edo juridikoek lurzoruaren egoeraren txosten bat bidali beharko dute, jarduera edo instalazioa jartzeko egin behar den baimen-eskaerarekin edo jakinarazpenarekin batera, ingurumen-organo eskudunak, hala badagokio, lurzoruaren inguruko neurriak sar ditzan.

  2. Orobat, lurzoruaren egoeraren txostenak aldian-aldian eguneratzea eskatu ahal izango du ingurumen-organoak, erregelamendu bidez ezartzen denaren arabera. Edozelan ere, kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuen araudiaren mende dauden instalazioek gutxienez 5 urtean behin aurkeztu beharko dituzte txosten horiek.

    23. eta 24. artikuluetan jasotako kasuetan, IV. kapituluan arautzen diren lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren prozedurari edo lurzorua erabiltzeko gaitasunaren deklarazioaren prozedurari hasiera eman beharko diote artikulu horietan jasotako ekintzak sustatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek.

  1. Lurzoruen jabe diren pertsona fisiko edo juridikoak, bizien arteko eskualdaketen kasuan, behartuta daude adieraztera ea eremu horietan badauden edo egon diren lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazioetako batzuk.

  2. Notarioek ez dute baimenduko lurzoru-eskualdaketaren eskritura publikorik hartan jasota utzi gabe aurreko puntuan aipatzen den adierazpena.

  3. Jabetza-erregistratzaileek ez dute egingo lurzoru-eskualdaketaren tituluen inskripziorik lehenengo puntuan aipatutako adierazpena jasota utzi gabe.

    Era berean, jasotzen baldin bada lurzoru horretan badagoela edo egon dela lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazioren bat, bazterreko oharra jarriko da dagokion finkan.

  4. Goian azaldu diren betebeharrak aplikatuko dira, orobat, hirigintza-plangintza betetzeko ekintzetan, finkak ematen eta ondoriozko lursailak esleitzen diren eragiketen kasuan.

  1. Lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazioen titular diren pertsona fisiko edo juridikoak edo, hala dagokionean, ingurumen-erantzukizunaren araudiaren arabera jarduera edo instalazio horien arduradun diren beste pertsona batzuk behartuta daude hartzera beharrezko prebentzio- eta babes-neurriak eta, nolanahi ere, ingurumen-organo eskudunak ezarri eta ekintza kutsatzaileak agertzea saihesteko eta ekintza horiek lurzoruan dituzten ondorioak saihesteko edo txikiagotzeko behar diren neurriak.

  2. Prebentzio- eta babes-neurri horiek, oro har, honako hauetan sartuko dira: ingurumen-baimen bateratuan, sailkatutako jardueren lizentziak emateko prozeduran egindako neurri zuzentzaileen nahitaezko txostenean, ingurumen-inpaktuaren adierazpenean, araudi sektorialetan jasotako baimenetan, eta, hala dagokionean, lurzoruaren kalitatea edo aurreikusitako erabilerarako gaitasuna nolakoa den adierazten duen ebazpenean.

  1. Lurzorua kutsatu edo eraldatzen duten jarduera edo instalazioen titular diren pertsona fisiko edo juridikoak edo, hala dagokionean, ingurumen-erantzukizunaren araudiaren arabera jarduera edo instalazio horien arduradun diren beste pertsona batzuk behartuta daude lurzorua berreskuratzeko Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak ezartzen dituen neurriak hartzera. Betebehar hori, aurreko pertsona horien ordez, lurzoruaren jabe edo edukitzaileei ere badagokie.

  2. Lurzorua berreskuratzeko neurriak, oro har, lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren ebazpenetan sartuko dira.

  1. Lurzorua kutsatu edo eraldatzen duten jarduera edo instalazioen titular diren pertsona fisiko edo juridikoak edo, hala dagokionean, ingurumen-erantzukizunaren araudiaren arabera jarduera edo instalazio horien arduradun diren beste pertsona batzuk behartuta daude Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak ezartzen dituen kontrol- eta segimendu-neurriak hartzera. Horrelako pertsonarik egon ezean, lurzoruaren jabe edo edukitzaileei dagokie betebehar hori.

  2. Kontrol- eta segimendu-neurri horiek, oro har, honako hauetan sartuko dira: ingurumen-baimen bateratuan, sailkatutako jardueren lizentziak emateko prozeduran egiten den neurri zuzentzaileen nahitaezko txostenean, ingurumen-inpaktuaren adierazpenean, araudi sektorialetan jasotako baimenetan, eta, hala dagokionean, lurzoruaren kalitatea edo aurreikusitako erabilerarako gaitasuna nolakoa den adierazten duen ebazpenean.

Osasunaren babeserako eta ingurumenaren babeserako kalteak berehala gertatzeko edo kalte berriak sortzeko mehatxu bat dagoelako presazko eta salbuespenezko arrazoiak daudenean, prebentzio- eta babes-neurriak, kontrol- eta segimendu-neurriak eta lurzorua berreskuratzeko neurriak hartzeko agindu ahal izango du Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak. Aldez aurretik, pertsona interesdunei entzunaldia eskainiko die, eta ebazpen arrazoituaren bidez aginduko du neurriak hartzeko, arduradunak nortzuk diren zehaztuta. Horrek ez du baztertzen aurreko artikuluetan ezarritako prozedurak betetzea. Neurri horiek hartzeko eskakizuna egiteak ez du baztertuko zehatzeko araubidean ezarritakoa.

  1. Dela denboran luzatu den kutsatze lauso baten ondorioz, dela istripu batek edo beste gorabehera batek eraginda, substantzia kutsatzaileen eraginpean dauden lurzoruen edukitzaile edo jabe diren pertsona fisiko edo juridikoek, eragin hori detektatu eta berehala eman behar diote horren berri Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari, organo horrek hartu behar diren neurriak ezar ditzan eta neurriok betetzera behartuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak zehaztu ditzan, Ingurumen Erantzukizunaren 2007ko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 17. artikuluan ezarritakoa alde batera utzi gabe.

    Informazio hori Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari eman beharko zaio, lurzoruetan lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazioak egon zein ez.

  2. Lur-hondeaketak edo lur-mugimenduak egiten direnean lurzorua kutsatuta dagoela adierazten duen zantzurik detektatzen bada, ekintza horien arduraduna behartuta egongo da horren berri berehala tokian tokiko udalari eta Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari ematera, organo horrek zer neurri hartu behar diren eta neurriok zein pertsona fisiko edo juridikoak bete behar dituen zehaztu dezan.

  3. Beren eskumenen esparruan lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat utzi edo jarri dela dakiten herri-administrazioek berehala jakinarazi beharko diote hori Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari.

  4. Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak, bere aldetik, lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren eta lurzorua erabiltzeko gaitasunaren deklarazioaren prozedurak hasteko jasotzen dituen eskaeren berri emango die tokian tokiko udalei.

  5. Lege honetan araututako prozedura eta ekintzetan, Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak administrazio hidrauliko eskudunari jakinaraziko dio lur azpiko urak kutsatuta egoteko adierazleak edo aztarnak daudela edo kaltea eragin dela, zuzenean nahiz kutsatutako lur azpiko ura migratzean, interes hidrogeologikoko lekuetan, jabari publiko hidraulikoan eta itsas-lehorrekoan eta hidrologia-planetako babestutako eremuen erregistroko tokietan.

  1. Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari dagokio lurzoruaren kalitatearen deklarazioa egitea, honako hauetakoren bat gertatzen denean:

    1. Kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat dagoen edo egon den lurzoru batean, jarduera bat jarri edo handitzea.

    2. Lur-mugimenduak egitea lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat egon den leku batean, gaur egun jardunean ez dagoenean.

    3. Lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat behin betiko uztea.

    4. Kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat dagoen edo egon den lurzoru baten erabilera aldatzea.

    5. Arriskua eragin ahal izateko adinako kontzentrazioetan lurzoruan substantzia kutsatzaileak daudelako zantzu oinarrituak.

    6. Lurzoruaren jabe edo edukitzaile diren pertsona fisiko edo juridikoek eskatzea.

  2. Aurreko artikulu-zatian jasotako ekintzaren baten ondorioz egin behar diren lur-mugimenduak egiteko, gaika hondeatzeko plan bat onartu beharko du aldez aurretik Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak, kasu horretako lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren prozeduran.

Aurreko artikuluko lehen zatiko a) edo c) letretan jasotako kasuetan bakarrik, Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari dagokio lurzoru bat lege honen ondorioetarako industria-erabilerarako gai den adieraztea, baldin eta prozedura horretako lurzoruan egon den jarduera, lege honen II. eranskinaren arabera, kutsatzeko ahalmen ertaina duen jarduera gisa sailkatuta badago.

  1. Ez da beharrezkoa izango lurzoruaren kalitatearen arloko deklarazioaren prozedurak hastea, 23. artikuluko kasuren bat jazo arren aldi berean honako egoera hauetakoren bat gertatzen denean:

    1. Lurzorua industria-erabilerarako edo giza osasuna babesteko arau honetan jasotzen diren VIE-B balioak aplikatu beharreko beste erabilera batzuetarako denean, eta 23. artikuluko lehen zatiko a) edo c) letretan jasotako kasuetan bakarrik, baldin eta lurzoru horretan egon den jarduera lege honen II. eranskinean adierazitakoaren arabera kutsatzeko ahalmen txikiko jardueratzat sailkatuta badago eta ez bada aurreikusten leku horretan lurra mugitzerik edo zolata kentzerik.

    2. Lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat dagoen edo egon den leku baten zati bat okupatzen denean, komunikazio-azpiegituretarako zutabeak eraikitzeko lur-mugimenduen ondorioz edo argia, ura, gasa nahiz telekomunikazioak bezalako zerbitzu orokorrak jarri edo aldatzearen ondorioz.

    3. Lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat handitu edo aldatzean, handitu edo aldatu nahi den jarduera edo instalazioak hartzen duen lursailaren mugen barruan egiten bada.

      1. artikulu-zatian ezarritakoaz gain, Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak salbuetsi egin ahal izango du lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren prozeduretatik, interesdunak hala eskatuta, baldin eta 23. artikuluko lehen zatiko c) letran deskribatutako egoera gertatzen bada eta jarduera edo instalazioaren zati bat utzi egiten bada, eta artikulu bereko a) letran deskribatutako egoera gertatzen bada eta jarduerak garatzeko behin-behineko instalazioak baldin badira.

      23. artikuluko lehen zatiko a) edo d) letretan jasotako kasuak gertatzen direnean eta aldez aurretik lurzoruaren kalitatearen deklarazio bat badagoenean, Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoan egin beharko da kontsulta, ebazpen arrazoituaren bidez adierazpen horren balioaz irizpena eman dezan eta, behar izanez gero, balio horri eusteko baldintzak ezar ditzan.

      1. Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak salbuetsi egin ahal izango du, halaber, lurzoruaren kalitatearen arloko deklarazioaren prozeduretatik, baldin eta artikulu bereko e) letran deskribatutako egoera gertatzen bada eta premiazko arrazoiengatik lurzorua berreskuratzeko neurriak berehala hartzea gomendatzen bada. Nolanahi ere, erabakiaren berri eragindako pertsonei eman beharko zaie.

      2. Hondeatu beharra sortzen duten aurreko kasu horietan guztietan, hondeatzen amaitutakoan, hondeatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla, aldez aurretik materialak behar bezala bereizita, ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan. Hondeaketa horrek gainditzen dituenean ingurumen-organoak material hondeatuen kopuruari dagokionez erregelamendu bidez ezarrita dauzkan atalaseak, gaika hondeatzeko plan baten arabera egingo da hondeatzekoak diren materialen karakterizazioa. Planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plana, betetzen hasi aurretik.

  1. Erabat deusezak izango dira organo substantiboak emandako lizentziak, baimenak eta gainerako ebazpenak, baldin eta Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak aldeko erabakia eman ez badu lurzoruaren kalitatearen arloko deklarazioaren prozeduretan prozedura horiek beharrezkoak diren kasuetan edo hurrengo kapituluan arautzen denaren arabera prozedura horiek ebazteko gehienezko epea igaro ez bada.

  2. Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera aldez aurreko komunikazioaren erregimen juridikoaren menpean dauden jarduera sailkatuen sustatzaileek lurzoruaren kalitatearen arloko dagokion ebazpena eskuratuta eduki beharko dute, delako ebazpena aginduzkoa bada, komunikazio hori dagokion udalerriaren aurrean formalizatzeko unean.

Aurreko kapituluan ezarritako lurzoruaren kalitatearen arloko prozeduraren bat sustatzen duten pertsona fisiko edo juridikoek aurretiazko kontsulta bat egin ahal izango dute Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoan, honako hauek eskuratzeko: prozedura horien eskakizun tekniko eta juridikoen gaineko informazioa, prozedura hasteko eman beharreko datuen zehaztasuna edo beste edozein alderdi aipagarri.

Kontsulta egin ondorengo hiru hilabeteen barruan ebatzi beharko da.

  1. Lurzoruaren kalitatearen deklarazioak eta lurzorua erabiltzeko gaitasunaren deklarazioak bazterreko oharrean jasoko dira Jabetzaren Erregistroan, Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoaren ekimenez.

  2. Era berean, lege honetako 48. artikuluan aipatzen den administrazio-erregistroan sartuko dira ebazpen horiek, oinarri izan den dokumentazioarekin batera.

  1. Erregelamendu bidez ezarriko dira lurzoruaren kalitatearen arloan deklarazioaren prozeduretan aplikatuko diren arauak, eta kontuan izango dira 4. artikuluan finkatutako printzipioak eta ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, parte-hartze publikoa izateko eta justizia erabiltzeko eskubideak jasotzen dituen araudian ezarritako informaziorako eta parte-hartzerako bermeak.

  2. Arautu egingo dira bai lurzoruaren kalitatea eta gaitasuna zein den adierazteko prozedurak eta bai kutsatu edo eraldatutakotzat jotako lurzorua gero berreskuratu egingo dela ziurtatzeko prozedura, eta araudi horretan sartuko dira izapideak sinpletzeko neurriak, Europako EMAS erregistroan inskribatutako erakundeen kasuetan.

Lankidetza instituzionalerako behar diren bitartekoak ezarriko dira udalek izan dezaten beren udal-mugarteko espedienteen ebazpen-epeen bukaeraren berri.

BIGARREN ATALA

LURZORUAREN KALITATEAREN DEKLARAZIOAREN PROZEDURA

1. 23. artikuluko lehen zatiko a) letran jasotako kasuetan, lurzoruaren kalitatearen deklarazioa egin beharko du Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak, jarduera jartzeko edo handitzeko gaitzen duten lizentziak edo baimenak eman aurretik.

2. 23. artikuluko lehen zatiko b) letran jasotako kasuetan, hondeaketa baimentzeko ebazpena eman beharko du Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak, lur-mugimenduak egiteko gaitzen duten lizentziak edo baimenak eman aurretik.

3. 23. artikuluko lehen zatiko c) letran jasotako kasuan, jarduera edo instalazioa behin betiko uzten denetik gehienez bi hilabeteko epean, uzte horren berri eman beharko dio titularrak Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari. Ohar horrekin batera, lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako egingo dituen ekintzen proposamena aurkeztuko da, edo, desjabetze-ekintza baten ondorioz utzi bada jarduera edo instalazioa, gertaera hori egiaztatzen duen dokumentazioa. Aurkeztutako oharra ikusita, jarduera edo instalazioa utzi duenak zein betebehar dituen ezarriko du ingurumen-organoak, eta, hala dagokionean, prozedura hasteko ematen den gehienezko epea ere bai.

Jarduera uztea konkurtso-prozedura baten ondorio denean, agintaritza judizialak izendatutako konkurtso-administratzaileek bete beharko dute betebehar hori.

4. 23. artikuluko lehen zatiko d) letran jasotako kasuan, honako hauek egin baino lehen eman beharko du lurzoruaren kalitatearen deklarazioa ingurumen-organoak: lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat dagoen edo egon den lursailaren edo lursailen antolamendu xehea jasotzen duten hirigintza-bitartekoak behin betiko onartu baino lehen, edo bitarteko horiek aldatu baino lehen, eta, ahal dela, prozedura horien hasierako faseetan.

Hala ere, leku horretan guztian edo zati batean lurzoruaren kalitatea ikertzea eragozten duten egoerak gertatzen badira, kasuan kasuko antolamendu-bitartekoa behin betiko onartu ahal izango da, lurzoruaren kalitatearen deklaraziorik gabe. Kasu horretan, Hirigintzako Ekintzen Programari hasierako onespena eman aurretik egin beharko da deklarazio hori; edo, horrelako programarik ezean, lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio eta urbanizazio proiektuei hasierako onespena eman aurretik.

5. 23. artikuluko lehen zatiko e) letran jasotako kasuan, prozedura hastea eskatzeko aurretiazko ebazpena emango du Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak, eta hor zehaztuko dira prozedura hasteko epea eta hori egin behar duen pertsona edo pertsonak.

Lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren prozeduraren mende dauden ekintzak sustatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek prozedura hastea eskatu beharko diote Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari, eta baimendutako entitate batek egindako ikerketa miaketazko eta, hala badagokio, xehearen txostena.

  1. Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak parte-hartze publikoaren izapidea egingo du prozeduran, baldin eta arriskuen analisian arriskua onartezina dela ondorioztatzen bada edo baldin eta lurzoruaren kalitatea ikertzeko azterlanetan B-EBA B ebaluazioko balio adierazleak analizatutako parametroren batean 100 bider baino gehiagotan gainditzen direla egiaztatzen bada.

    Halaber, prozeduran jendaurreko informazioaren izapidea betetzea erabaki ahal izango du Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak, hori gomendatzen duten arrazoi justifikatuak daudenean.

  2. Aurreko artikulu-zatian ezartzen den parte-hartze publikoaren izapidea egiteko, iragarkia jarriko da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan.

  1. Lurzoruaren kalitatearen inguruko deklarazioaren ebazpenean adieraziko da lege honek ezarritakoaren arabera lurzorua kutsatuta, eraldatuta edo eraldatu gabe dagoen.

    Lurzoru bat kutsatuta dagoela adierazten bada, eten egin ahal izango da eraikitzeko eskubideak eta lurzoruaren beste aprobetxamendu batzuk erabiltzeko eskumena, baldin eta horiek bateraezinak badira lurzorua berreskuratzeko ezartzen diren neurriekin, harik eta neurri horiek bete arte edo lurzorua ez dagoela kutsatuta adierazi arte.

  2. Beharrezkotzat joz gero, xede horretarako behar adinako abalak, fidantzak edo beste berme batzuk eratzea eskatu ahal izango da, ezarritako neurriak beteko direla bermatzeko.

1. 23. artikuluko lehen zatiko a), b) eta d) letretako kasuetan, prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea ezin daiteke izan sei hilabete baino gehiagokoa; eman egin ahal izango dira lurzoruetarako aurreikusitako ekintzak egiteko gaitzen duten eskumenak, lizentziak eta baimenak, baldin eta ez bada eman berariazko ebazpenik aipatutako epean, baldintza hori bete egiten dela egiaztatu ondoren.

Horretarako, jarduerak baimentzeko lizentziak edo baimenak eman behar dituzten administrazioek ingurumen-organoari eskaera zehatz bat egin behar izango diote berariazko ebazpena eskatuz. Nolanahi ere, baimenak edo lizentziak eman behar duten administrazioek ez dute gerora erantzukizunik edukiko, lurzorua erabiltzeko gaitasunaren deklarazioaren ebazpenaren ondorioengatik.

Berreskuratze-plana lurzoruaren kalitatearen deklarazioa eman ondoren aurkezten denean, ingurumen-organoak gehienez 3 hilabeteko epean eman beharko du plana onartzeko dagokion ebazpena, aldez aurretik interesdunei 15 egunez entzunaldia eskaini ondoren.

Lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren prozeduran gaika hondeatzeko plan bat onartu behar denean, plan hori onartzeko epea, gehienez, 5 hilabetekoa izango da; eta hilabete bateko epea egongo da lurzoruaren kalitatearen deklarazioa egiteko azken txostena aurkezten denetik. Txosten horretan egiaztatuko dira baimendutako ekintzak eta lurzoruaren azken egoeraren ikerketa.

  1. Bestalde, 23. artikuluko lehen zatiko c) eta f) letretako kasuetan, prozeduraren hasieratik sei hilabete igaro eta lurzoruaren kalitatearen deklaraziorik egin ez bada, iraungi egingo da prozedura.

    HIRUGARREN ATALA

    LURZORUA ERABILTZEKO GAITASUNAREN DEKLARAZIOAREN PROZEDURA

Lurzorua erabiltzeko gaitasunaren deklarazioaren prozeduren mende dauden ekintzak sustatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek prozedura hastea eskatu beharko diote ingurumen-organoari, eta baimendutako entitate batek landutako lurzoruaren egoeraren txostena bidali.

Lurzorua erabiltzeko gaitasunaren deklarazioaren prozedura ebazteko epea ezin daiteke izan hiru hilabete baino gehiagokoa; aipatutako epean berariazko ebazpenik eman ezean, aurreikusitako ekintzak egiteko gaitzen duten eskumenak, lizentziak eta baimenak eman egin ahal izango dira.

Horretarako, jarduerak baimentzeko lizentziak edo baimenak eman behar duten administrazioek ingurumen-organoari eskaera zehatz bat egin behar izango diote berariazko ebazpena eskatuz. Edozein kasutan, baimenak edo lizentziak eman behar duten administrazioek ez dute gerora erantzukizunik edukiko, lurzorua erabiltzeko gaitasunaren deklarazioaren ebazpenaren ondorioengatik.

LAUGARREN ATALA

SALBUESTEKO PROZEDURA

  1. artikuluko 1. zatian jasotako ekintzak sustatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek aldez aurretik ohar bat bidali beharko dute ingurumen-organora, erregelamendu bidez ezartzen den informazioarekin batera, eta, hala dagokionean, zer azalera eta bolumen hondeatuko den adieraziko dute; ingurumen-organoak ez du eman beharko ohar horren inguruko berariazko erabakirik.

1. 25. artikuluaren 2. eta 3. zatietan jasotako ekintzak sustatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek jakinarazi egin beharko diote ingurumen-organoari zein ekintza zehatzetarako eskatzen den salbuespena. Jakinarazpen horrekin batera, erregelamendu bidez ezartzen den informazioa bidali beharko da.

  1. Jakinarazpen horren inguruko erabaki bat eman beharko du ingurumen-organoak, gehienez hilabeteko epean, eta aldekoa dela ulertuko da epe horretan ematen ez badu.

    25. artikuluko 4. zatian jasotako salbuespenaren kasuan, salbuespenaren adierazpena ofizioz emango du ingurumen-organoak. Ebazpenean, honako hauek zehaztuko dira: lurzorua berreskuratzeko zein neurri hartuko diren, zein pertsona arduratuko den neurriok betetzeaz, neurriak betetzeko epea zein izango den eta zein agiri aurkeztu beharko diren ingurumen-organoan neurri horiek hartu direla egiaztatzeko.

  1. Baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko 1998ko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra indarrean jarri aurretik gertatu bada ekintza kutsatzailea, kutsatutzat jotako lurzorua berreskuratzeko neurrien helburua lurzoruak duen edo izango duen erabilerako funtzioak betetzeko gaitasuna ematea izango da, eta eskuragarri dagoen teknologiarik onena erabiliko da horretarako.

    Ingurumen-organoak kutsaduraren eragileari eskatu ahal izango dio ezen lurzorua kutsa dezakeen jarduera beren baitan eduki ez arren hark kutsatu dituen lurzoruetan hartu beharreko berreskurapen neurrien xedea izan dadila lurzoru horiek lehengo egoerara bihurtzea, edo, egoera hori ezagutu ezean, lurzoruaren kalitate-estandar batzuk lortzea: gutxienez B ebaluazioko balio adierazleen parekoak (B-EBA) edo petrolioaren guztizko hidrokarburoen baliokideak (TPH) eta, hala dagokionean, urarentzat ezarritakoen parekoak. Horretarako, eskuragarri dagoen teknologiarik onena erabiliko da.

  2. Baldin eta 1998ko otsailaren 27ko 3/1998 Legea indarrean jarri ostean gertatu bada ekintza kutsatzailea, kutsatutzat jotako lurzoru bat berreskuratzeko neurrien xedea lurzorua lehengo egoerara bihurtzea izango da, edo, egoera hori ezagutu ezean, kalitate-estandar batzuk lortzea: gutxienez B-EBA B ebaluazioko balio adierazleen parekoak edo petrolioaren guztizko hidrokarburoen baliokideak (TPH) eta, hala dagokionean, urarentzat ezarritakoen parekoak. Horretarako, eskuragarri dagoen teknologiarik onena erabiliko da.

  1. Eraldatutako lurzoruak berreskuratzeko neurriak ezartzeko, eraldatzea eragin duen ekintza 1998ko otsailaren 27ko 3/1998 Legea indarrean sartu ostekoa izan beharko da.

  2. Eraldatutako lurzoruak berreskuratzeko neurrien xedea lurzorua lehengo egoerara bihurtzea izango da, edo, egoera hori ezagutu ezean, lurzoruaren kalitate-estandar batzuk lortzea: gutxienez B-EBA B ebaluazioko balio adierazleen parekoak edo petrolioaren guztizko hidrokarburoen baliokideak (TPH) eta, hala dagokionean, urarentzat ezarritakoen parekoak. Horretarako, eskuragarri dagoen teknologiarik onena erabiliko da.

Aurreko artikuluetan adierazitako berreskuratze-neurrien norainokoa ezartzean, ez da eragotziko hondakinen arloan indarrean dagoen araudi sektoriala aplikatzea, eta zuzen kudeatu beharko dira bai leku horretan dauden hondakinak eta bai lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazioa eraisteko jardueretan sor daitezkeen hondakinak ere.

Halaber, lurzoruaren kalitatearen ikerketan zehar aurkitu diren eta jatorri antropikoa duten hondakinak kentzeko eta zuzen kudeatzeko eskatu ahal izango du Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak, bereziki hondakin arriskutsuak direnean.

  1. 1998ko otsailaren 27ko 3/1998 Legea indarrean jarri aurretik kutsatutako lurzoruak berreskuratzeko neurriak hartzeko betebeharra kutsadura hori eragin duen pertsona fisiko edo juridikoari dagokio; pertsona bat baino gehiago direnean, betebehar horren erantzukizuna era solidarioan hartuko dute. Horien ordez, betebehar hori lurzoruen jabe eta edukitzaile diren pertsona fisiko edo juridikoena izango da, hurrenkera horretan.

  2. 1998ko otsailaren 27ko 3/1998 Legea indarrean jarri ostean kutsatutako edo eraldatutako lurzoruak berreskuratzeko neurriak hartzeko betebeharra lurzoruaren kutsadura edo eraldaketa hori eragin duen pertsona fisiko edo juridikoari dagokio; pertsona bat baino gehiago direnean, betebehar horren erantzukizuna era solidarioan hartuko dute. Horien ordez, betebehar hori lurzoruen jabe eta edukitzaile diren pertsona fisiko edo juridikoena izango da, hurrenkera horretan.

  3. Hala ere, lurzoruari erabilera berri bat emateko hartu behar badira lurzorua berreskuratzeko neurri osagarriak, eta lurzoruaren erabilera berriak kalitate-maila handiagoak eskatzen baditu kutsadura sortu zen unean lurzoruak zeukan erabilerari dagozkionak baino, neurri horiek hartzea ezingo zaio eskatu kutsadura sortu zuenari. Kasu horretan, erabilera berriaren sustatzaileak hartu beharko ditu lurzorua berreskuratzeko neurri osagarri horiek.

    1. eta 2. artikulu-zatietan xedatzen den bezala kutsatutzat jotako lurzoru bat berreskuratzeko neurriak hartu behar dituena salbuetsi egin ahal izango du ingurumen-organoak neurriok hartzearen kostuak ordaintzeko eginkizunetik, baldin eta betebehar hori duenak frogatzen badu ez dela hutsegiterik edo zabarkeriarik egon eta hauetakoren bat izan dela kutsaduraren eragile:

    1. Organo eskudunak berariaz baimendutako botatze edo gertakari bat, baldin eta dena delako botatzearen edo gertakariaren egunean indarrean zegoen araudiarekin bat etorriz ezarritako baldintzen arabera egin bazen.

    2. Botatze edo jarduera bat, edo jarduera batean produktu bat erabiltzeko edozein modu, baldin eta frogatzen bada botatze edo jarduera hori egin zen uneko ezagutza zientifiko eta teknikoen egoeraren arabera lurzorurako kaltegarritzat hartzerik ez zegoela botatze, jarduera edo erabilera-modu hori.

    3. Giza jarduerari ezin egotzi zaizkion arrazoi naturalak, horiek jatorri antropikoa duen kutsadura eragiten badute.

      1. Aurreko artikulu-zatian jasotako kasuan, eta betiere lurzorua une horretan duen erabilerarako kutsatutzat jo denean, ingurumen-organoak bere gain hartu ahal izango du hura berreskuratzeko neurrien kostua, hurrengo artikulu-zatian ezartzen diren baldintzekin.

      2. Kutsatutako lurzoruak berreskuratzeko neurriak hartzeko, elkarren artean lankidetza-hitzarmenak izenpetu ditzakete neurriok hartu behar dituztenek eta herri-administrazioek, laguntza publikoak ematea barne dela, honako konpromiso honekin: lurzoruak berreskuratu ondoren lurzoruok lor litezkeen gainbalioetatik, horiek berreskuratzea finantzatu duen herri-administrazioari itzuliko zaiola berak jarritako kopurua, lege honetako 50. artikuluan ezarritako moduan.

        Lankidetza-hitzarmenek, nolanahi ere, jaso egin beharko dituzte berreskuratze-lanak egiteko modua eta epeak eta jarraipena egiteko beharko diren mekanismoak.

        Halaber, borondatezko akordioak izenpetu ahal izango dira kutsatutako eta eraldatutako lurzoruak berreskuratzeko neurriak hartzeko, neurri horiek hartzeko betebeharra duten pertsona fisiko eta juridikoen artean, lege honetan xedatutakoaren arabera.

        Akordio horiek izenpetzeak ez du salbuetsiko bere erantzukizunetik lurzoruaren kutsadura edo eraldaketa eragin duena, edo, hala dagokionean, jabea, edukitzailea edo ekintzaren sustatzailea den pertsona fisiko edo juridikoa.

        Borondatezko akordioek, gutxienez ere, hurrengo alderdiak bilduko dituzte:

        1. Egin beharreko berreskuratze-neurrien norainokoa.

        2. Neurri horien arduradunetako bakoitzak bere gain hartutako betebeharrak.

        3. Neurriak ezartzeko epeak.

        4. Aurrekontua eta finantzaketa-iturriak.

      3. Horretara behartuta dauden pertsona fisiko edo juridikoek ez badituzte lurzorua berreskuratzeko neurriak hartzen Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak ezarritako epeetan, gehienez ondoz ondoko behartzeko bost isun jartzea erabaki ahal izango du ingurumen-organoak, eta hartu beharreko neurriek guztira duten kostuaren % 10ekoa izango da gehienez horietako bakoitza. Horretaz gain, betearazte subsidiarioa, behartuaren kontura, ere erabaki ahal izango du, hondakinen eta kutsatutako lurzoruen 2011ko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoa betetzeari utzi gabe eta ingurumenaren arloan indarrean dagoen araudiaren arabera jarri beharreko zehapenak alde batera utzi gabe.

      4. Lege honen ondorio diren diru-betebeharren erantzule solidarioak edo subsidiarioak izango dira Ingurumen Erantzukizunaren 2007ko urriaren 24ko 26/2007 Legearen 13. artikuluan jasotzen diren subjektuak, artikulu horrek ezartzen duen bezala.

        BIGARREN ATALA

        LURZORUAK BERRESKURATU DIRELA EGIAZTATZEKO PROZEDURA

  1. Kutsatutako edo eraldatutako lurzoruak berreskuratzeko neurriak hartzen dituztenek lurzorua berreskuratzearen eraginkortasunaren inguruko txosten bat aurkeztu behar diote Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari, lurzoruak ikertu eta berreskuratzeko baimendutako entitate batek landua.

  2. Kutsatutzat edo eraldatutzat jotako lurzoru bat berreskuratu dela Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoan egiaztatu ondoren, organo horrek ebazpen bat emango du, gehienez bi hilabeteko epean, pertsona interesdunei 15 eguneko entzunaldia eskaini ondoren.

Kutsatutzat jotako lurzoruak berreskuratzea herri-onurakotzat jotzen da desjabetze-ondorioetarako.

  1. Lege honetan ezarritako betebeharrak betetzea errazteko, lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazioak dauden edo egon diren lurzoruen inbentario bat mantenduko du Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak, eta han jasoko da, une oro, osorik eta eguneratuta, lurzoru horien inguruan ingurumen-organoak daukan informazioa.

  2. Inbentariorako sarbidea publikoa eta doakoa izango da, eta osorik berrikusiko da bost urtean behin gutxienez; inbentarioa berrikusteko prozeduran, bermatu egingo da beharrezkoa den herritarren parte-hartzea.

  3. Dena den, lege honetan jasotako betebeharrak lurzoru batean lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat egoteari edo egon izanari zor zaizkio, eta ez inbentario horretan egoteari. Inbentario hori informazio-iturri bat besterik ez da.

  1. Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzak, ingurumen-organoak proposatuta, lurzoruen plana onartuko du, lurzoruaren kutsadura saihestu eta kutsatutakoa garbitzearen arloan jarduteko jarraibideak ezartzeko, lege honetako irizpideekin bat etorriz.

    Plan hori Eusko Legebiltzarrari bidaliko zaio, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

  2. Lurzoruen Planean zehaztuko dira jarraibide estrategikoen garapena, plana indarrean izango den aldian egin beharreko ekintzak eta plana praktikan jartzeko bitarteko egokiak.

    Era berean, plan horretan finkatuko da hurrengo artikuluan azaltzen den Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroan jasotako datuak kontuan hartuta jarduteko lehentasunen zerrenda, kutsadurak ingurumenerako eta pertsonen osasunerako dakarren arriskua aintzat hartuta.

  3. Plana indarrean dagoen aldia amaituta, hura aldatzea edo egokitzea komeni den aztertuko du ingurumen-organoak, eta, nolanahi ere, hartutako erabakiaren berri emango dio Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzari.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren xedea lurzorua babestearen gaian segurtasun juridikoa eta informazio-eskubidea bermatzea da.

  2. Lurzoruaren kalitatearen arloko prozedurak ezartzean lortzen den informazio guztia jasoko du Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroak.

  3. Erregistroan jasotako puntuen ziurtagiriak egingo ditu Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak, ingurumen-gaietan informazioa eskuratzeko eskubidearen gaineko legerian finkatuta dagoen moduan eskatzen bazaizkio, datu pertsonalak babestearen gaineko legerian xedatutakoa alde batera utzi gabe.

  1. Baimena nahitaezko baldintza izango da, honako hauek egin ahal izateko: miaketazko ikerketak, ikerketa xeheak eta lurzoruaren kalitatearen azken egoeraren ikerketak diseinatu eta egin; lurzorua erabiltzeko gaitasunaren deklarazioak lortzeko lurzoruaren egoeraren txostenak landu; lurzorua berreskuratzeko neurriak diseinatu, gainbegiratu eta, hala badagokio, bete; gaika hondeatzeko planak landu eta gainbegiratu; kontrol- eta segimendu-neurriak diseinatu eta bete; prebentzio- eta babes-neurriak diseinatu eta nola betetzen diren gainbegiratu. Era berean, nahitaezkoa izango da baimena, Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak lege honen arabera bere esku dituen eginkizunetan administrazioarekin elkarlanean aritzeko.

  2. Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak baimenduko ditu baimentzea eskatzen duten entitateak, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzen eta prozeduraren arabera. Alderdi hauek arautuko dira:

    1. Eskatutako eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren antolamendua, instalazioak, langileak eta tresneria edukitzea.

    2. Berme bat eratzea sor daitekeen erantzukizunerako.

    3. Ebaluatu eta aztertu beharreko enpresekin dauden bateraezintasun komertzialak zehaztea.

    4. Langileek beharrezko lanbide-prestakuntza izatea beren eginkizunak betetzeko.

    5. Baimenaren eskaera eta prozedura.

    6. Baimentzeko betekizunak mantentzea.

    7. Baimendutako entitateen erregistroa.

    8. Europako EMAS erregistroan inskribatutako erakundeen kasuan administrazio-izapideak sinpletzeko neurriak.

  1. Lege honetan xedatutako eginbeharrak betetzeko, pizgarri gisa, diru-laguntzak eta mailegu pribilegiatuak eman ahal izango dira, eta onura fiskalak ezarri. Pizgarri horiek ezingo zaizkio eman lurzorua kutsatu edo eraldatu duenari, 43. artikuluan xedatutako kasuetan izan ezik.

  2. Nolanahi ere, eginbehar horiek, osorik edo zati batean, finantzaketa publikoaz baliatuz betetzen badira, aldez aurretik berme bat eratu beharko da laguntzak jaso ahal izateko. Berme horren helburua honako hau ziurtatzea da: eginbeharrok betetzean lurzoruek lortutako gainbalioetatik, horiek berreskuratzea finantzatu duen herri-administrazioari itzuliko zaiola diru-laguntza gisa emandako kopurua.

  1. Lege honetan ezarritako ekintzak finantzatzeko, Autonomia Erkidegoko Administrazioak baliabide hauek erabiliko ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako diru-hornidurak, Estatuaren eta Europar Batasunaren ekarpenak eta aurrekontu-araubidearen gaian indarrean dagoen legeriaren arabera lege hau aplikatzeko jar daitezkeen gainerako baliabideak.

  2. Administrazioak ezarritako zehapenetatik lortzen diren ekonomia-funtsak ingurumena hobetzeko neurrietara bideratu behar dira osorik.

  1. Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari dagokio EAEko lurzoruaren babesaren arloan lurzoruak zaindu, ikuskatu eta kontrolatzeko ahalmenak erabiltzea.

  2. Zaindu, ikuskatu eta kontrolatzeko lan horiek zuzenean Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak egin ahal izango ditu, bere kabuz edo Ihobe sozietate publikoaren bitartez; edo, bestela, lege honen 49. artikuluan aipatzen diren baimendutako entitateen bidez egin ahal izango dira.

    Zaindu, ikuskatu eta kontrolatzeko lanei lehentasuna emango zaie, edozelan ere, kutsatutako edo eraldatutako lurzoruak berreskuratzeko neurriak hartu diren tokietako lurzoruetan eta eraldatutako lurzoruak mugitzea dakarten ekintzetan.

  3. Ikuskatze-lanak egiten dituzten ingurumen-organoko langileak, eginkizun hori betetzean, agintaritzaren agente izango dira.

  4. Agintaritza eskudunarekin eta hark baimendutako entitateekin elkarlanean aritzera behartuta daude: lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazioen titularrak, jarduera edo instalazio horiek dauden edo egon diren lurzoruen edukitzaileak edo jabeak eta jarduera edo instalazio horien ondorioak jasan dituzten lurzoruen edukitzaileak edo jabeak. Horiek guztiek aukera emango dute azterketak, kontrolak, laginketak eta informazio-bilketak egiteko edo lege honetan eskatzen den beste edozein ekintza egiteko.

  1. Kapitulu honetan jasotako arau-hauste administratiboei dagokienez, arau-hauste horiek egiten dituzten pertsona fisiko eta juridikoak zehatu ahal izango dira, lege honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, horrek berekin ekar litzakeen erantzukizun zibilen, penalen eta ingurumenekoen kaltez izan gabe.

  2. Lege honetan ezarritakoa bete beharra pertsona bati baino gehiagori batera dagokienean, era solidarioan hartuko dute diru-zehapenen erantzukizuna, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 130.3 artikuluak aginduaren arabera.

  3. Erantzukizuna solidariotzat hartuko da, betiere, arau-haustea egin dutenak bat baino gehiago izan eta arau-haustean bakoitzaren erantzukizun-maila zehazterik ez denean.

Lege honen arabera arau-hausteak hurrengo artikuluetan ezarritakoak izango dira, eta oso larri, larri eta arin gisa sailkatuko dira.

  1. Ondorengo gertakariak arau-hauste oso larriak dira, pertsonei, beren ondasunei edo ingurumenari arrisku edo kalte larriak eragiten dizkietenean:

    1. Lurzoruan objektuak, produktuak, hondakinak edo substantziak kontrolik gabe uztea, isurtzea edo ezabatzea.

    2. Kautela-, prebentzio-, babes- edo kontrol- eta segimendu-neurririk ez hartzea edo neurri horiek hartzeko eragozpenak jartzea.

    3. Kutsatutzat jotako lurzoruetan horiek berreskuratzeko neurririk ez hartzea edo neurri horiek hartzeko eragozpenak jartzea.

    4. Lege honetan xedatutakoaren arabera nahitaezkoa izan arren, miaketazko ikerketak, ikerketa xeheak edo lurzoruaren azken egoeraren ikerketak ez egitea.

    5. Kutsatutzat jotako lurzoruetan, lurzorua berreskuratzeko neurririk hartu gabe, obrak edo jarduerak egitea edo lurzorua erabiltzea.

    6. Lurzoruaren kalitatearen deklarazioa aldez aurretik eduki gabe, obrak edo jarduerak egitea edo lurzorua erabiltzea, lege honetan xedatutakoaren arabera deklarazio hori beharrezkoa izan arren.

    7. Hondeatzeko onespena aldez aurretik eduki gabe lur-mugimenduak egitea, lege honetan xedatutakoaren arabera onespen hori beharrezkoa izan arren.

    8. Lege honetan araututako prozeduretan Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak emandako ebazpenetan jarritako baldintzak ez betetzea.

    9. Lurzorua berreskuratzeko neurriak hartzera behartuta dauden pertsona fisiko edo juridikoen eta herri-administrazioen artean izenpetutako lankidetza-hitzarmenen ondorio diren eginbeharrak ez betetzea.

    10. Baimendutako entitateei eskatzen zaizkien baldintzak ez betetzea eta entitate horiek lege honetan xedatutakoaren eta erregelamendu bidez ezarritakoaren aurkako jarduerak egitea.

    11. Lurzoruaren kalitatea ezagutzeko eta kontrolatzeko edozein bitartekotan lortutako datuak ezkutatu edo aldatzea.

    12. Kutsadura-zantzuak detektatu direla Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari jakinarazteko betebeharra ez betetzea.

  2. Nolanahi ere, pertsonei, beren ondasunei edo ingurumenari arrisku larriak eragiten zaizkiela ulertzen da, arriskuen analisian arrisku onartezin bat dagoela ondorioztatzen denean.

  1. Arau-hauste larriak dira aurreko artikuluan aipatutakoak, pertsonei, beren ondasunei edo ingurumenari arrisku edo kalte larriak eragiten ez dizkietenean.

  2. Arau-hauste larriak dira, halaber, hauek:

    1. Eraldatutzat jotako lurzoruetan horiek berreskuratzeko neurririk ez hartzea edo neurri horiek hartzeko eragozpenak jartzea, neurriok hartzeko agindu izan arren.

    2. Eraldatutzat jotako lurzoruetan, lurzorua berreskuratzeko neurririk hartu gabe, obrak edo jarduerak egitea edo lurzorua erabiltzea, neurriok hartzeko agindu izan arren.

    3. Lurzorua erabiltzeko gaitasunaren deklarazioa aldez aurretik eduki gabe, lurzoru horretan obrak edo jarduerak egitea edo lurzorua erabiltzea, lege honetan xedatutakoaren arabera deklarazio hori beharrezkoa izan arren.

    4. Datuak isilean gordetzea edo emateari uko egitea, lege honek edo legea garatzen duen araudiak hori eskatzen duenean; edo agintaritza eskudunak datu horiek eskatu dizkienean bai lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazioen titular edo arduradun diren pertsona fisiko edo juridikoei edo bai jarduera edo instalazio horiek dauden edo egon diren lurzoruen edukitzaile edo jabe direnei.

    5. Modu aktibo edo pasiboan Administrazioaren ikuskaritza-lana oztopatzea.

  3. Nolanahi ere, arau-hauste larriak dira aurreko artikulu-zatietan adierazitako ekintzak, arriskuen garrantzia balioztatzeko, gainditu egiten direlako B-EBA B ebaluazioko balio adierazleak, arriskuen analisia egin behar denean.

  1. Arau-hauste arinak dira aurreko artikuluan jasotako arau-hausteak, baldin eta beren kopurua edo garrantzia txikia delako larritzat sailkatzea merezi ez badu.

  2. Era berean, arau-hauste arina da, baldin eta arau-hauste larritzat edo oso larritzat jo ez bada, xedapen hauetan ezarritakoa ez betetzea: lege hau eta legea garatzen duten arauak, lurzoruaren kalitatearen edo lurzorua erabiltzeko gaitasunaren deklarazioa edo lege honetako prozeduretan Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak emandako beste edozein ebazpen.

  1. Arau-hauste arinak urtebetera preskribatuko dira; larriak hiru urtera, eta oso larriak bost urtera.

  2. Arau-hausteen preskripzio-epea arau-haustea egin zen egunetik hasiko da zenbatzen.

  3. Arau-hauste jarraituen kasuetan, preskripzio-epea zenbatzen hasiko da jarduera amaitzen den unetik edo arau-haustea burutzen duen azken egintzaren unetik.

  4. Arau-haustea eragin duten gertakari edo jarduerak ezezagunak badira kanpoko zantzurik ez dagoelako, zantzuak agertzen direnetik hasiko da epe hori kontatzen.

  5. Zehapen-prozedura hasteak, interesatua jakinaren gainean egonda, eten egingo du preskripzio-epea, baina preskripzio-epea berriro hasiko da, zehapen-espedientea hilabetetik gora geldi badago erantzukizuna omen duenari leporatu ezin zaizkion arrazoiengatik.

  1. Lege honetan aipatutako arau-hausteengatiko zehapenak mailakatu egingo dira, eta, horretarako, kontuan hartuko dira: eragindako arriskua edo kaltea, arau-hausle izan den pertsona fisiko edo juridikoak lortutako etekina, nahita egin izana eta berriz egitea, eta inguruabar aringarriak edo astungarriak.

  2. Inguruabar astungarritzat eta aringarritzat joko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko 1998ko apirilaren 27ko 3/1998 Lege Orokorreko 113. artikuluan ezarritakoak, aplikatzekoak direnean.

Lege honetan xedatutako arau-hauste administratiboak egiteagatik, honako zehapen hauek ezarri ahal izango dira:

  1. Arau-hauste arinengatik:

    400 eurotik 30.000 eurorainoko isuna.

    Ohartarazpena.

  2. Arau-hauste larriengatik:

    001 eurotik 300.000 eurorainoko isuna.

    Instalazio osoak edo instalazioen zati bat aldi baterako ixtea: gehienez, hiru urterako.

    Jarduerak aldi baterako geraraztea: gehienez, hiru urterako.

    Baimendutako entitate izaera aldi baterako galtzea: gehienez, hiru urterako.

  3. Arau-hauste oso larriengatik:

    001 eurotik 1.900.000 eurorainoko isuna.

    Instalazio osoak edo instalazioen zati bat behin betiko ixtea.

    Jarduerak behin betiko geraraztea.

    Instalazioak aldi baterako ixtea: gehienez, sei urterako.

    Jarduerak aldi baterako geraraztea: gehienez, sei urterako.

    Baimendutako entitate-izaera aldi baterako galtzea: gehienez, sei urterako.

    Baimendutako entitate-izaera behin betiko galtzea.

Salbuespenez, eta zehapen-espedientea hasi aurretik, neurriak hartu ahal izango dituzte herri-administrazioek, edo lege honetan arau-hauste gisa tipifikatutako edozein gertakariren ustezko arduradunari ezarri ahal izango dizkiote neurriok, entzunaldia eskaini ondoren: obrak edo jarduerak bertan behera utzi ahal izango dituzte, edo ingurumeneko kaltea zabaltzea saihestuko duen beste edozein zuzenketa-, segurtasun- edo kontrol-neurri hartu ahal izango dute. Neurri horiek ez dute zehapen-izaerarik izango.

Zehapen-prozedura ebazteko zeregina honako hauek izango dute:

  1. Arau-hauste arinen kasuan, ingurumenaren arloan eskumena duen sailburuordeak.

  2. Arau-hauste larrien kasuan, ingurumenaren arloan eskumena duen saileko titularrak.

  3. Arau-hauste oso larrien kasuan, Gobernu Kontseiluak.

  1. Arau-hauste arinengatik ezarritako zehapenak urtebetera preskribatuko dira, arau-hauste larriengatikoak bi urtera, eta arau-hauste oso larriengatikoak hiru urtera.

  2. Zehapenen preskripzio-epea zehapena ezartzeko erabili den administrazio-bideko ebazpena irmo egiten den egunaren biharamunetik hasiko da kontatzen.

  3. Betearazpen-prozedura hasteak, interesatua jakinaren gainean egonda, eten egingo du preskripzio-epea, baina preskripzio-epea berriz ere abian jarriko da, arau-hausleari leporatu ezin zaizkion arrazoiengatik prozedura hilabetetik gora geldi badago.

  1. Zehapenak ezartzeari utzi gabe, araua hausten dutenak behartuta daude eragindako kalteak konpontzera, hondatutako ondasunak berreskuratzeko eta lehengo egoerara ekartzeko.

  2. Araua hausten duenak aurreko artikulu-zatian ezarritako eginbeharra betetzen ez duenean edo erabat betetzen ez duenean, eta egin zaion errekerimenduan adierazitako epea igaro bada, administrazio instrukzio-egileak erabaki ahal izango du behartzeko isunak edo betearazte subsidiarioa ezartzea. Behartzeko isun bakoitzaren zenbatekoa ez da arau-hauste bakoitzarentzat zehaztutako isunaren herena baino handiagoa izango.

    Era berean, kasu horietan eta baldin eta lurzoru kutsatuak berreskuratzeko neurriak hartzen ez badira, betearaztea subsidiarioki egin ahal izango da arau-hauslearen kontura eta haren kostuz.

  3. Behartzeko isunak ipiniko badira, ezinbestekoa izango da errekerimenduan adieraztea zer epe dagoen eginbeharra betetzeko eta zenbatekoa izango den ezarri ahal den isuna. Epeak eginbeharra betetzeko behar adinakoa izan beharko du beti. Baldin eta, behartzeko isuna ipini ondoren, isun hori ezartzea eragin duen ez-betetzeak irauten badu, agindutakoa betetzeko behar adinako denbora-tarteetarako errepikatu ahal izango da.

  4. Behartzeko isunak independiente izango dira, eta bateragarriak egin den arau-hausteagatik zehapen gisa ipini diren edo ipin daitezkeen isunekin.

  5. Kaltea elementuan bertan edo puntu geografikoan bertan konpondu ezin denean, baliokidea den konponketa bat agindu dezake organo eskudunak.

Kapitulu honetan xedatu ez direnetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko 1998ko otsailaren 20ko 2/1998 Legean jasotako arauak aplikatuko dira.

Zehatzeko ahalmena egikaritzen duten organoek, interes publikoko arrazoiak daudela uste izanez gero, erabaki ahal izango dute, arau bidez zehaztuko duten prozeduraren bitartez, argitara daitezela arau-hauste larriak eta oso larriak egiteagatik ezarritako zehapenak eta erantzule diren pertsona fisiko edo juridikoen izen-abizenak edo izen soziala Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean, eta egoki iritzitako gizarte-hedabideen bitartez, behin zehapen horiek irmoak direnean.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Jaurlaritzari dagokio diru-zehapenen zenbatekoa eguneratzea, urteko kontsumo-prezioen indizearen arabera.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ahalmena ematen zaio Jaurlaritzari, lege honetako eranskinak aldatzeko eta III. eranskinean sartu gabeko substantzia kutsatzaileentzat ebaluazioko balio adierazle berriak onartzeko.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Lege honetan zehar beste arau batzuetara bidaltzen denean, horietara edo, hala dagokionean, horien ordezkoetara bidaltzen dela ulertzen da.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Lege hau onartu eta urte betera, lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazioak dauden edo egon diren lurzoruen inbentarioa berriztu egingo da ingurumenaren arloan eskumena duen saileko titularraren aginduaren bidez.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzak, arau honetan arautzen den lurzoruen planaz gainera, bi urteko epean, lege hau indarrean sartzen denetik, eta ingurumen-organoak proposatuta, estrategia bat onetsiko du erosio, materia organikoaren galera, gazitze, trinkotze, bioaniztasunaren galera, zigilatze, luizi eta uholdeen ondorioz degradatu daiteke lurzoruaren funtzio naturalak eta erabilerak babestu, iraunarazi eta leheneratzeko.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Lurzoruaren kalitatearen deklaraziotzat joko dira 2005eko otsailaren 4ko 1/2005 Legea indarrean sartu aurretik lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen inguruan Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak emandako ebazpenak eta ziurtagiriak.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Lege hau indarrean sartu aurretik lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren prozedura bezala hasitako kasuak lege honetan ezarritakoaren arabera bideratu ahal izango dira, baldin eta lege honen arabera lurzorua erabiltzeko gaitasunaren deklarazioaren prozedura gisa bideratu beharrekoak badira edo prozedura horietatik salbuetsi badaitezke, betiere prozedura hastea eskatu duenaren eskariz, eta hasitako prozeduraren behin betiko ebazpena eman ez bada.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Araubidea eguneratzen den bitartean, lurzorua ikertu eta berreskuratzeko entitateak baimentzeko eta lurzoruaren kalitatearen ikerketen edukia eta zehaztasun-maila finkatzeko, xedapen honi jarraituko zaio: 2006ko urriaren 10eko 199/2006 Dekretua, zeinak lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen baitu eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten baititu.

Aurreko xedapenean aipatzen den entitateak baimentzeko araubidea eguneratzen den bitartean, 2006ko urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren 3. artikuluko 1.a letran xedatutako ekintzak egiteko baimenduta dauden entitateek hondeaketa-planak eta egoeraren txostenak egin ahal izango dituzte, arau honetan xedatutako lurzorua erabiltzeko gaitasunaren deklarazioaren prozeduretan.

Orobat, aipatutako hondeaketa-planak gainbegiratzeko lanak egin ahal izango dituzte 2006ko urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren 3. artikuluko 1.c letran xedatutako ekintzak egiteko baimenduta dauden entitateek.

LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioa, eguneratzen den bitartean, 2008ko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuaren bidez onartutakoa da.

Indargabetu egiten dira Lurzorua Ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeko 2005eko otsailaren 4ko 1/2005 Legea eta lege honetan ezarritakoaren aurka doan xedapen oro.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Lurzoruaren kutsadura saihestu eta garbitzearen arloko tasa.

  1. kapitulu berri bat gehitzen da 2011ko irailaren 11ko 1/2007 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Tasei eta Prezio Publikoei buruzko Legearen Testu Bateginean, IX. tituluan. Hauxe da:

191 quater artikulua. Zergapeko egitatea.

Lurzoruaren kutsadura saihestu eta garbitzearen arloan ingurumen-organoak zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituenean ezarriko da tasa hori. Honako kasu hauetan ezarriko da zerga:

  1. Lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren prozeduran, ingurumen-organoak honako erabaki hauek ematean:

    1. Lurzoruaren kalitatearen ikerketetako balioztatze-txostenak, aurkeztutako ikerketa-txostenak nahikoa ez izateagatik.

    2. Hondeaketa baimentzen duten ebazpenak.

    3. Lurzoruaren kalitatearen deklarazioak.

    4. Lurzorua berreskuratzeko plana onartzeko ebazpenak.

    5. Lurzorua berreskuratu dela ziurtatzen duten ebazpenak.

  2. Lurzoruaren erabilera-gaitasuna adierazten duen ebazpena ematean.

  3. Salbuespenaren ebazpena ematea.

  4. Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko entitate izateko baimena ematean.

  5. Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko entitate izateko emandako baimenak aldatzeko eskaerak bideratzean, baimenaren irismena handitzeagatik eta/edo proiektuaren buruak eta arrisku-aztertzaileak gehitzeagatik, horien gaitasuna aldez aurretik balioztatu ez bada.

  6. Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroan egindako kontsulten inguruko erabakia ematean.

    191 quinquies artikulua. Subjektu pasiboa.

    Zerga ezartzea dagokion kasuko zerbitzuak edo jarduerak eskatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak dira tasa horren subjektu pasiboak.

    191 sexies artikulua. Noiz sortzen den tasa ordaintzeko betebeharra.

    Zergapeko egitatea den zerbitzua eman edo jarduera egiten denean sortuko da tasa ordaintzeko betebeharra. Hala ere, dagokion ekintza eskatzen den unean bertan ordaintzea eskatu ahal izango da.

    191 septies artikulua. Kuota.

  1. Tasa horren kuota honako tarifaren arabera eskatuko da (euroak):

    1. Lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren prozeduran:

      Lurzoruaren kalitatearen ikerketetako balioztatze-txostenak ematea: 150.

      Hondeaketa baimentzen duten ebazpenak ematea: 200.

      Lurzoruaren kalitatearen deklara-zioak ematea: 200.

      Lurzorua berreskuratzeko plana onartzeko ebazpena ematea: 200.

      Lurzorua berreskuratu dela ziurtatzen duten ebazpenak ematea: 150.

    2. Lurzoruaren erabilera-gaitasuna adierazten duen ebazpena ematea: 150.

    3. Salbuespenaren ebazpena ematea: 100.

    4. Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko entitate izateko baimena ematea: 400.

    5. Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko entitate izateko baimena aldatzea: 100.

    6. Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroan egindako kontsulta: 50.

  2. Lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren prozeduretan, ordaindu beharreko tasaren kuota zenbatekoa den prozedura horretan ematen diren erabakien kopuruaren arabera kalkulatuko da.

    191 octies artikulua. Hobariak.

  1. Aurreko artikuluan oinarrituta kalkulatutako kuotei, hobari hauek aplikatuko zaizkie, eta metatu egin ahal izango dira:

    1. kuotaren % 10, enpresa txiki eta ertainen kasuan, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioko definizioaren arabera.

    2. kuotaren % 20, mikroenpresen kasuan, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioko definizioaren arabera.

    3. kuotaren % 50, subjektu pasiboek Europako EMAS erregistroan inskribatuta daudela egiaztatzen badute.

  2. Aurreko artikulu-zatian ezarritako hobariren bat aplikatzeko baldintzak betetzen dituzten subjektu pasiboek baldintza horiek betetzen dituztela dioen erantzukizunezko adierazpen bat aurkeztu beharko dute prozedura hasteko eskaerarekin batera.

    191. nonies artikulua. Tasa likidatzea.

  1. Dagokion ekintza eskatzen duten unean zehaztu eta ordaindu beharko dute zor duten zerga subjektu pasiboek, autolikidazioaren bitartez.

  2. Hala ere, lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren prozeduretan, ingurumenaren arloan eskumenak dituen organoak erabakiko du tasa zenbatekoa den, eta prozedura amaitzen duen ebazpena emandakoan likidatuko da tasa.

    AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Indarrean jartzea.

    Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

    Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 26a.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    (Ikus .PDF)