Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2019ko irailaren 23koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Donostiako Goienetxe IB 09 hirigintza-eremuko b.20.1 lurzatiaren xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 192
  • Hurrenkera-zk.: 4616
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/09/23
  • Argitaratze-data: 2019/10/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko apirilaren 3an, Donostiako Udalak eskaera egin zuen Goienetxe IB 09 hirigintza-eremuko b.20.1 lurzatiaren xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoaren prozedurari hasiera emateko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.

Eskabide horri atxiki zitzaizkion planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat. Gainera, dokumentu horretan, dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iruditzen zitzaizkien oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, eta, beharrezko ikusiko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko.

Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza; Ura-Uraren Euskal Agentzia; Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia, eta elkarte hauei: Gipuzkoako Ekologistak Martxan, Eguzkizaleak elkartea eta Parkeen Lagunak «Haritzalde» elkarte naturalista.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, txostenak jaso dira, eta espedientean jasota dago horien emaitza.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko ondorioen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Donostiako Goienetxe IB 09 hirigintza-eremuko b.20.1 lurzatiaren xehetasun-azterketa (aurrerantzean, xehetasun-azterketa), abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera. Ingurumen-arloko alderdiak xehetasun-azterketaren proposamenean sartzearen alde egiten du txostenak, eta xehetasun-azterketa aplikatzearen inpaktu esanguratsuen gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Donostiako Goienetxe IB 09 hirigintza-eremuko b.20.1 lurzatiaren xehetasun-azterketaren gaineko ingurumen-txosten estrategikoa egitea (aurrerantzean, xehetasun-azterketa), zeina Donostiako Udalak sustatu baitu, jarraian jasotzen diren baldintzetan:

  1. Xehetasun-azterketaren deskribapena. Helburuak eta jarduketak.

    Jardueraren beharrizan berriei erantzuteko, erakunde sustatzaileak adierazten du beharrezkoa dela Gureak Lanean SA sozietatearen instalazioetako biltegiak banatzea eta zabaltzea, baita ekoizpen-gunea eta langileentzako zerbitzuen gunea zabaltzea ere. Helburu hori betetzeko, xehetasun-azterketak aldaketa bat proposatzen du ordenamenduan: g.000.1/3 gunearen azaleraren zati bat g.000.1/2 gunera lekualdatzea, eta bi guneak erabilera xehatuko ekipamendu komunitario asistentzialak izatea. Aldaketa honek, halaber, beste aldaketa bat eragiten du bideko ekipamendu komunitario asistentzialera bideratutako g.000.1/7 gunean eta espazio libre pribatuetara bideratutako g.000.1/8 gunean.

    Eraginpeko lurzatia Ibaeta auzoko b.20.1 lurzatian dago, Igeldo-Mendizorrotz mendiaren magalean, eta Goienetxe fundazioari atxikitako eraikin eta urbanizatu multzoari dagokio. Ingurumen-balio nagusi gisa, lurzatiaren iparraldean, Goienetxeko putzua dago, zeina Hegoaldeko Zuhaitz-igelaren (Hyla meridionalis) Kudeaketa Plana onartzeko eta hura babesteko arau osagarriak ezartzeko 1999ko azaroaren 10eko Foru Aginduaren onartutako espeziearen kudeaketa planean ezarritako putzuen sarearen parte baita. Gainera, harizti azidofilo-baso misto atlantikoko masa bat dago lurzatian.

  2. Xehetasun-azterketaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

    1. Xehetasun-azterketaren ezaugarriak, bereziki honako alderdi hauek kontuan hartuta:

      1. Xehetasun-azterketak zer neurritan ezartzen duen proiektu edo beste jarduera batzuetarako esparrua: Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, xehetasun-azterketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Xehetasun-azterketak zenbaterainoko eragina duen beste plan edo programa batzuetan. Proposatutako jarduketak aurrera eramateko, aintzat hartu beharko da, besteak beste, Hegoaldeko Zuhaitz-igelaren (Hyla meridionalis) Kudeaketa Plana onartu eta hura babesteko arau osagarriak ezartzeko 1999ko azaroaren 10eko Foru Araua eta aplikatzekoa den gainerako araudia.

      3. Xehetasun-azterketaren egokitasuna ingurumen-gaiak integratzeko, batez ere garapen jasangarria sustatzearren: energia-efizientziako irizpideei jarraituko die xehetasun-azterketaren bidez garatuko den eraikuntza- eta urbanizazio-proiektuak, eta eraikin berrien energia-kontsumoa minimizatzera bideratutako neurriak txertatuko ditu. Hori dela eta, xehetasun-azterketa egokia da ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko, garapen jasangarria sustatzearren.

      4. Xehetasun-azterketarekin edo programarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: ebazpen honen aurreko apartatuetan aipatu denez, proiektuen obra-fasean gertatzen diren jarduketei lotutakoak izango dira ingurumenaren gaineko inpakturik nabarmenenak: lur-mugimenduak, makinen joan-etorriak eta hondakinak sortzea. Horiek guztiek giza habitataren kalitatea murriztea ekarriko dute, kutsadura atmosferikoaren ondorioz, bai partikulen emisioak edo bai soinu-mailak eragindakoa.

      5. Halaber, xehetasun-azterketa egokia da ingurumenaren arloko legeria txertatzeko Europakoa nahiz Espainiakoa.

    2. Sor daitezkeen ingurumen-eraginak eta eraginpean gera daitekeen eremuaren ezaugarriak:

      Ondorio gisa esan daiteke ez dela hauteman xehetasun-azterketa gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta indarrean dagoen araudia betetzen bada eraginpeko eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez.

      Aurreikusitako jarduketak Goienetxeko Putzuaren eremu babestuaren inguruan daude, 100 metroko perimetroan, eta, ondorioz, 2001eko maiatzaren 28ko Foru Araua aplikatuz, apartatu berri bat gehitzen da Hegoaldeko Zuhaitz-igelaren (Hyla meridionalis) Kudeaketa Plana onartzeko 1999ko azaroaren 10eko Foru Arauan: «Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Ingurune Sailaren berariazko baimena beharko da».

    3. Neurri babesleak eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta xehetasun-azterketan bertan adierazitakoaren arabera. Honako hauek dira hartu beharreko neurri nagusiak:

      Proiektua gauzatzean, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

      Ondare naturala babestera bideratutako neurriak ezartzea bermatu beharko da. Landaredia autoktonoa ebakitzea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurreikusten ez den eremuetan. Horretarako, lanak hasi baino lehen, zuhaitz eta zuhaitz-unada autoktonoak zehatz mugatuko eta zedarrituko dira.

      Gainera, espezie aloktono inbaditzaileak kentzeko eta kontrolatzeko jarduketa-neurriak hartuko dira. Dauden espezie aloktnoak (Cortaderia selloana, besteak beste) kentzeko eta kontrolatzeko neurriak barne hartzen dituen jarduketa-protokolo bat ezarriko da, ezabatzeko eta obren eraginez zabaltzea saihesteko xedearekin.

      Lurrak eta soberakinak kudeatzea: baimendutako soberakindegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legeetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da. Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak. Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (dekretu horrek onartzen du Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Induskatutako lurrak kontrolatzea: induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisio arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:

      1. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen [2017rako lehentasuna] eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan (Eusko Jaurlaritza, 2015) jasotako gomendioak, eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko.

        Ezarri beharreko neurriek jarduketa-eremu hauetan izan behar dituzte ondorioak, aplikagarritasunaren arabera, kasu zehatz bakoitzerako:

        Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia-kopurua edo -kontsumoa murriztea.

        Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

        Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.

        Hondakin solido gutxiago sortzea.

        Lurzoruaren okupazioa murriztea.

        Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

        Ur gris gutxiago sortzea.

        Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

        Naturguneen funtzioak hobetzea eta bioaniztasuna gehitzea.

        Pertsonen garraio-prozesu gutxiago egitea eta mugikortasuna hobetzea.

        Barneko airearen kalitatea hobetzea.

        Konforta eta osasuna hobetzea.

        Bigarrena. Xedatzea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzekin bat, ez dela aurreikusten ingurumen-eragin esanguratsurik izango duenik Donostiako Goienetxe IB 09 hirigintza-eremuko b.20.1 lurzatiaren xehetasun-azterketak, eta, beraz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.

        Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

        Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Donostiako Goienetxe IB 09 hirigintza-eremuko b.20.1 lurzatiaren xehetasun-azterketa onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

        Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 23a.

        Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

        IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik