Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2019ko abuztuaren 29koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Eibarko San Andres kaleko 4, 5, 6 eta 7 zenbakiei dagozkien orubeetan eraikitzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 171
  • Hurrenkera-zk.: 4140
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/08/29
  • Argitaratze-data: 2019/09/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko apirilaren 3an, Eibarko Udalak Eibarko San Andres kaleko 4, 5, 6 eta 7 zenbakiei dagozkien orubeetan eraikitzeko xehetasun-azterlanari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko eskabidea bete zuen aurrerantzean, xehetasun-azterlana. Eskabidearekin batera zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola, xehetasun-azterlanaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia duela.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluak xedatutakoa betetzeko, 2019ko maiatzaren 28an, egoki ikusten zituzten oharrak egiteko eskatu zien Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza; Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza orokorra; eta Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkartea eta «Eguzkizaleak» aisialdiko elkartea, interesduntzat jo baitira.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon da Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren web-orrian, interesdunek egoki ikusi dituzten ingurumen-arloko oharrak egin ahal ditzaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren biak Eusko Jaurlaritzakoak txostenak jaso dira (espedientean dago horren emaitza).

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-efektuak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela efektu nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Kasu horietako bat da Eibarko San Andres kaleko 4, 5, 6 eta 7 zenbakiei dagozkien orubeetan eraikitzeko xehetasun-azterlana.

Aztertuta geratu dira xehetasun-azterlanaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak xehetasun-azterlanaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta xehetasun-azterlana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Eibarko San Andres kaleko 4, 5, 6 eta 7 zenbakiei dagozkien orubeetan eraikitzeko xehetasun-azterlana egitea aurrerantzean, xehetasun-azterlana, baldintza hauetan.

  1. Planaren deskripzioa: helburuak eta jarduketak.

    Xehetasun-azterlanaren xedea da Eibarko San Andres kaleko 4, 5, 6 eta 7 zenbakiei dagozkien orubeetan, horietan zeuden eraikinak zaharkituak eraitsi eta gero, antolamendu xehatuaren zehaztapenak osatzea edo egokitzea, kasu honetan, etxebizitza berrien diseinuan eta etxe-uharteko gainerako eraikinekin lerrokatzean egungo lerroek sortzen dituzten arazoak ebazteko helburuarekin.

    Horretarako, jarduketa hauek proposatu dira:

    Egogain kalean lerroa atzeraematea, 5, 6 eta 7 orubeetarako.

    5, 6 eta 7 zenbakietan gertatzen den azalera eraikigarriaren galera berreskuratzea (egungo profileko BS + 6 solairu altu) atiko bat sortuta, 4, 5, 6 eta.7 orubeetako seigarren solairuen gainean eraikitzekoa.

  2. Xehetasun-azterlanaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, aintzat hartuta egindako kontsulten emaitza eta bat eginik V. eranskinean ezarritako irizpideekin, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      Nahiz eta, hiri-lurraldearen antolamenduari dagokionez, xehetasun-azterlanak ez duen ez irizpiderik ez baldintzatzailerik ezartzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa legez egin behar duten proiektuentzat, ingurumenaren gaineko efektu esanguratsuak direla-eta; aukera gutxi dago hauei eragiteko:

      1. Natura 2000 Sareko eremu bati, zuzenean edo zeharka, modu antzemangarrian; izan ere, halako kasuetan, haren araudiaren araberako ebaluazioa egin behar zaie, zeina Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legean ezartzen baita.

      2. Natura-ondareari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeak edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeak aplikatuz emandako nazioarteko hitzarmenetatik edo arau-xedapen orokorretatik ondorioztatzen den ingurumen-babeserako araubideren bat duten eremuei.

        Gainera, ez da bateraezintasunik aurkitu xehetasun-azterlan honen eta beste lurralde-plan edo plan sektorial konkurrente batzuen artean.

        Bestalde, haren helburua egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko; bereziki, eraikingintzan eta eraikuntzan efizientzia handiagoz jokatzeari dagokionez, bai baliabideen erabileran, bai gero, amaieran, hondakinak aprobetxatzean. Era berean, egokitzat jotzen da Europako edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko; hain zuzen ere, hondakinen, airearen kalitatearen eta zaraten arlokoa.

    2. Efektuen eta eraginpean gera daitekeen eremuaren ezaugarriei dagokienez:

      Eremuak hiri-bizilekuaren izaera duenez, ez dago ingurumen-babeseko araudirik duen espaziorik esaterako, Natura 2000 Sarea, ez balio naturalengatik nabarmen daitekeen elementurik buddleja davidii espezie inbaditzailea oso zabaldua da bertan, ezta ondare historiko-arkitektonikoaren katalogoetan sartutako kultura-balio esanguratsuko elementurik ere; halaber, xehetasun-azterlanerako ez da identifikatu ingurumen-arazo esanguratsurik ere, kutsatuta egon daitezkeen edo uholdeak jasateko arriskuarekin edo higagarritasun-arriskuarekin zerikusia duten lurzoruen inbentarioan barne hartutako lurzatiak, esaterako. Aitzitik, eremuaren zatirik handienean, ez dira betetzen kanpoan aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak, San Andres kaleko hiri-trafikoaren eta ETS lineako tren-trafikoaren ondoriozkoak, nagusiki, eta aztertutako neurri zuzentzaile bideragarriak ere ez dira nahikoak horretarako.

      Bestalde, ez da aurreikusten aldaketaren bidez ezarriko denik nahitaezko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar duten proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua.

      Horrenbestez, aurreikusten da hirigintza- eta eraikingintza-lanekin eta airearen kalitatean eta jendearen lasaitasunean izango dituen efektuekin lotuta egongo direla obren fase honetako eragin nagusiak: biztanleen osasunaren gaineko eraginak kutsatzaileak isurtzeagatik batez ere, lurren mugimenduagatik eta kamioien joan-etorriengatiko hautsa eta partikulak eta zaratagatik, zirkulazioa aldatzeagatik eta hondakinak sortzeagatik. Funtzionamendu fasean, aldiz, aurreikusten da jendearen lasaitasunean izango dela xede-helburuak ez betetzeagatiko eragin nagusia, eta zarata gehien jasaten duten fatxadek 6-7 dB(A) artean gaindituko dituzte egun eta arratsaldeko helburuak, eta gauekoak 10 dB(A) arte.

      Horregatik, aurreikusitako efektuak aintzat hartuta eta baldin eta indarreko legediaren eta ingurumen-dokumentu estrategikoan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileen arabera betetzen badira neurri babesleak eta zuzentzaileak hautsaren edo partikulen atmosferarako isuriak, isurketak eta zarata sortzen duten eragiketak mugatzera zuzenduak eta hondakinak edo obrako soberakinak behar bezala kudeatzera zuzenduak, eta ziurtatzen bada betetzen direla aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak eta hurrengo apartatutan zehazten diren helburuak, ez da espero ingurumen-efektu garrantzitsurik.

    3. Nolanahi ere, neurri babesleak eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.

      Eraikuntza-proiektuak egikaritzeko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, xehetasun-azterlanetik eratorritako proiektuetako obrak gauzatzeko, neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira:

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea eta hondakinak kudeatzea.

      Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

      Horrez gain, obrako hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

      Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (dekretu horrek onartzen du Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

      Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

      Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Bermatuko da eremu akustiko honetan betetzen direla aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak, eta ezingo da etxebizitzak eta ospitale, hezkuntza edo kultura erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

      Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Gainera, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen xedearen eta helburuaren eta IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren arabera, xehetasun-azterlanak ingurumen-kontsiderazioen integrazioa sustatu beharko du, batik bat garapen jasangarria sustatzeko, hauen bidez:

      Arkitektura jasangarria, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko xedez. Horretarako, eraikuntza-proiektuan, ahal den neurrian, kontuan hartu beharko dira Eraikuntza eta Birgaitze Jasangarriaren Gida, Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzetarako dena. Eusko Jaurlaritza. 3. argitalpena, 2015eko abendua.

      Azken proiektuaren ingurumen-jasangarritasuna kalifikatzeko etiketak, gidaren arabera, ahalbidetuko du hartutako ingurumen-neurri eta azpineurri jasangarriak bereiztea.

      Kasu honetan, alderdi hauetan eragin beharko dute neurri horiek:

      Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

      Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

      Edateko uraren kontsumoa eta ur beltzen produkzioa gutxitzea.

      Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

      Negutegi-efektuko eta argi-gasen isurketak murriztea.

      Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Hondakin solido gutxiago sortzea.

      Lorategiak hornitzeko jarduketetan, tokiko biodibertsitatea areagotzeko jarduketak sustatzea, jasangarritasun-irizpideei lehentasuna emanez. Horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murriztuko da, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuan» eta «Espezie apaingarriak hautatzeko gidan» jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira.

      Bigarrena. Zehaztea xehetasun-azterlanak ez duela ingurumen-efektu kaltegarri esanguratsurik izango Eibarko San Andres kaleko 4, 5, 6 eta 7 zenbakiei dagozkien orubeetan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, eta horrenbestez, ez zaiola ingurumen-ebaluazio arruntik egin beharko.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Eibarko Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Eibarko San Andres kaleko 4, 5, 6 eta 7 zenbakiei dagozkien orubeetan eraikitzeko xehetasun-azterlana onartuko ez balitz. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da xehetasun-azterlanaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2019ko abuztuaren 29a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik