Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2019ko abuztuaren 1ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Áridos y Hormigones Campino SL enpresak Bastidan (Araba) dituen instalazioetan eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak biltegiratzeko eta balorizatzeko jarduera ezartzeari buruz.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 160
  • Hurrenkera-zk.: 4001
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/08/01
  • Argitaratze-data: 2019/08/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Ingurumena; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko otsailaren 25ean, Pablo Cano Gómez de Caniñanos jaunak, Áridos y Hormigones Campino SLUren izenean eta hura ordezkatuz (proiektuaren sustatzailea den aldetik), Áridos y Hormigones Campino SLU enpresak Bastida udal-mugartean (Araban) duen lantegiko eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko instalazioaren gainean ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskakizuna egin zuen, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan xedatutakoarekin bat. Aipatu arauaren II. eranskineko 9. taldearen b) epigrafean jasota dago.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, 2019ko maiatzaren 27an ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, aipatutako proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazte aldera.

Hauei egin zien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari eta Osasun Publiko eta Adikzioen Arabako Zuzendariordetzari; Ihoberi; Uraren Euskal Agentziari; Ebroko Konfederazio Hidrografikoari; Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirola Zuzendaritzari eta Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzari; Bastidako Udalari; Arabako Ekologistak Martxan elkarteari; eta SEO Birdlife-ri.

Kontsulten izapidea amaituta, hauen erantzunak jaso dira: Osasun Publikoaren eta Adikzioen Arabako Zuzendaritzarena eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena (Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak biak), Uraren Euskal Agentziarena, Ihoberena eta Bastidako Udalarena. Horien emaitza espedientean dago. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak badu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie, besteak beste, lege horren II. eranskinean biltzen diren proiektuei. Horrenbestez, ingurumen-arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio Áridos y Hormigones Campino SLU enpresak Bastida udal-mugartean (Araban) duen lantegiko eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak makineria mugikor bidez balorizatzeko instalazioari, prozedura horren ondoren zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio garrantzitsurik duen ala ez, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio (erakunde eskuduna da otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko Lege Orokorraren arabera), Ingurumena eta Lurralde Politikarako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 dekretuaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematea. Bertan, aipatutako proiektuak ingurumenean kalte esanguratsuak izan ditzakeen aztertuko da eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion aztertuko da.

Hauek ikusi dira: Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Áridos y Hormigones Campino SLU enpresak Bastida udal-mugartean (Araba) duen lantegiko eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak makineria mugikor bidez balorizatzeko instalazioen gaineko ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea baldintza hauetan:

  1. Proiektuaren xedea da eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko instalazioa martxan jartzea enpresaren lantegian (Bastida udal-mugartea, 8. industrialdea, 281. lurzatia). Enpresak Errioxan dituen legar-hobiak leheneratzeko erabiliko dira balorizazioan sortzen diren materialak.

  2. Ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

    1. Proiektuaren ezaugarriak.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko instalazioa Áridos y Hormigones Campino SLU enpresak Bastida udal-mugartean duen lantegiaren barnealdean egongo da. Lantegi horren jarduera zementu- eta hormigoi-ekoizpena da. Instalazioak 3.500 m2 inguruko azalera izango du, lau azpieremutan banatuta: zamalanak eta biltegia (1.250 m2), tratamendua (500 m2), produktu amaituaren biltegia (975 m2) eta inpropioen edukiontzien azpieremua (400 m2).

      Aurreikusitako lanak. Lur-mugimendu txikiak lantegiaren barnealdean, lurzorua egokitzeko. Hormigoizko zolata ipiniko da (0,16 m-ko lodierakoa). Areka perimetrala izango du, jario-urak lixibiatuen tanga batera bideratzeko.

      Hau da prozesua:

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak hartzea. Obretatik datozen kamioiek biltegiratze-azpieremuko hormigoizko lauzan deskargatuko dituzten eraispeneko eta eraikuntzako hondakinak. Hondakinok bestelako materialekin batera iristen badira (inpropioak), esaterako, plastikoekin, zurarekin, metalekin eta bestelako hondakinekin, hondakinok, balorizatu ezin badaitezke, gaika bereizteko edukiontzitan utziko dira.

      Birrintze-tratamendu mekanikoa. Eraispeneko eta eraikuntzako hondakinak tratamendu-azpieremura igaroko dira; bertan, birrintze-prozesua egingo da, birgaikuntza-lanetarako behar den tamainako aleak lortu arte. Instalazio mugikorrak erabiliko dira eraispeneko eta eraikuntzako hondakinak egokitzeko.

      Material balorizatua biltegiratzea. Produktu tratatua beste azpieremu batean gordeko da; harrera-gunetik bereizita egongo da, hormigoizko-hesi baten bitartez, birgaikuntza-lanetan erabiltzen den arte.

      Kudeatu nahi diren materialen HEZ kodeak hauek dira: 17 01 01 («Hormigoia»), 17 01 02 («Adreiluak»), 17 01 03 («Teilak eta material zeramikoak»), 17 01 07 («Hormigoi, adreilu, teila eta material zeramikoen nahastura»), 17 09 04 («Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen nahastura») eta 17 05 04 («17 05 03 kodean zehaztuez bestelako lurrak eta harriak»).

      Urtean 8.000 tona eraikuntzako eta eraispeneko hondakin balorizatu beharko dira. Birringailu mugikorraren tratamendu-ahalmena 850 t/h da; beraz, urtean 75 orduz edo 10 lanegunez jarriko da lanean. Urtean 5.800 m3 material balorizatuko dira. Inpropioak 400 t/urte inguru izango dira.

      Sortutako hondakin arriskutsuak. Mantentze-lan orokorretatik eratorriak (bateriak, iragazkiak, zapiak, etab.) bidoitan gordeko dira lantegian bertan, kudeatzaile baimendu batek eramaten dituen arte; makinen mantentze-lanetako hondakinak (iragazkiak, olioak, etab.), lantegian gorde ez eta mantentze-lanez arduratzen den enpresak erretiratzen dituenak.

      Urak. Ez da aurreikusten isurketarik egongo denik lantegian. Jario-urak kanal baten bitartez eroango dira lixibiatuen tangara. Tangan, solido esekiak dekantatu, eta ur garbia berrerabili ahal izango da. Solido dekantatuak erretiratuko dira aldian-aldian.

      Instalazioak. Makineria hau beharko da: kargatzeko pala, birringailu mugikorra, sailkagailu mugikorra, trailer-kamioia eta inpropioak sailkatzeko edukiontziak. Egungo jardueren elementu lagungarriak eta instalazioak erabiliko dira (kontrol-etxola, baskula, tailerra, etab.). Horiek guztiak itxitura eta landare-hesi batez zedarrituta daude.

    2. Eragindako ingurunearen ezaugarriak.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko instalazioa Áridos y Hormigones Campino SLU enpresaren jabetzako lurzati batean dago, Bastidan. Lurzatia Ebro ibaiaren ibilgua baino gorago kokatutako ibai-terraza zahar batean dago. Enpresa iragan mendeko 70.eko hamarkadan hasi zen bertan lanean, legarrak ustiatzen, eta lursaila zementua eta hormigoia ekoizteko instalazioekin okupatu zen. Lehendik eraldatutako gune bat da; hortaz, erabilera berriak sartzeak ez du ekarriko lurzorurik eta habitat naturalik galtzea Kokagunea mahastiz inguratuta dago.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko instalazioak Ebro ibaia KBEtik 250 metro ingurura egongo da, ezkerreko ertzean, babes-eremu periferikotik landa.

      Proiektua gauzatuko den esparruan uhalde-enara (Riparia riparia) hauteman izan da Arabako Foru Aldundiak egindako jarraipen-kanpainatan. Zehazki, 2010, 2011 eta 2013 urteetan, habiak aurkitu ziren legar-hobi aktibo batean eta dekantazio-putzu baten ezpondetan; bi horiek proiektuaren kokapenetik aparte daude. 2016 urtean, ez zen habiarik aurkitu. Espezie mehatxatuen EAEko katalogoan «Kaltebera» gisa katalogatuta dago eta Arabako Lurralde Historikorako kudeaketa-plana du, Ahaldunen Batzordearen martxoaren 7ko 22/2000 Foru Dekretuaren bidez onartua. Proiektua egingo den eremua aipatu espeziearen interes-gunetik kanpo dago.

      Horiek kontuan hartuta, sustatzaileak txosten bat aurkeztu du (Consultora de Recursos Naturales SLU enpresak 2018ko apirilean egina), proiektuak uhalde-enaren populazioetan eragin dezakeen kaltea aztertzeko. Instalazioa egongo den orubea eta inguruak aztertuta, ez da aurkitu uhalde-enararen habiarik, ezta habia egin ahal izateko zulorik ere. Txostenaren arabera, kokaguneak eta inguruek ez dute espeziearen koloniak hartzeko potentzialtasunik.

      Bestalde, Bastidako Udalaren txostenaren arabera, Guardiako Lurralde Planak eremuari eragiten dioten hainbat zehaztapen ditu. Zehazki, eremu hori, inguruak barne, Interes geologiko eta geomorfologikokoa da, ibai-terraza bat denez. Ingurumen-dokumentuak barnean hartzen ditu lurralde-plan partzialean eremu horiei buruz egiten diren zehaztapenak; ezaugarri geomorfologikoak alda ditzaketen jarduketak ekiditea, tartean, erauzte-jarduketak, errepideak, lurpeko lineak, hondakindegiak eta zabortegiak, hirigintza-hedapenak, etab. Era berean, lurralde-plan partzialaren arabera, eremua hobetu edo leheneratu beharrekoen motakoa da (harrobi eta legar-hobi abandonatuak). Gaur egun, jarduera industrial aktibo bat dago eremuan, eta lantegi horren barnean kokatutako da eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko instalazioa; beraz, ez da eraldatu gabeko lurzorurik okupatuko. Gainera, lurralde-plan partzialaren arabera, eremua «erauzketa» motakotzat sailkatuta dago «paisaia-interes bereziko eremuen» mapan.

      Azkenik, eremua «Arabako Errioxako ardoaren eta mahastien kultura-paisaian» kokatuta dago, eta kultura-ondasuna da, «monumentu multzo» kategoriakoa, ekainaren 3ko 89/2014 Dekretuaren arabera. Eremu aitortuak eskualde zabala hartzen du barnean, iparraldean Toloño mendiek eta hegoaldean Ebro ibaiak mugatua.

      Lurrazpiko urak kutsatzeko erdi-mailako arriskua du eremuak.

    3. Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

      Gaur egun, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko instalazioa jarriko den eremua bertan egondako erauzketa-jardueraren eta egungo zementu- eta hormigoi-fabrikaziorako jardueraren eraginpean dago; beraz, eremu eraldatua da, eta kokagunea elementu fisiko eta natural bereizgarriez gabetuta dago zeharo.

      Jarduera berriaren ondorioz sortuko diren inpaktuak gaur egungo jardueraren antzekoak izango dira, eta ez da egun okupatuta dagoen lurzoruaz gain besterik beharko. Nolanahi ere, jardueraren ondore aurreikusgarriak hauek dira:

      Airean: atmosferara igorriko diren partikulak izango dira ondorio nagusia, baita ingurumen-zarata areagotzea ere. 2018ko ekainaren 13an, sustatzaileak atmosfera kutsa dezakeen jarduerari buruzko jakinarazpena egin zion Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 15. artikuluan xedatutakoaren arabera.

      Lurzoruan: gainazalen eta dekantazio-putzuaren iragazgaiztea dela eta, ez da aurreikusten lurzoruan eraginik izango duenik.

      Uretan: era berean, eremuaren ezaugarri hidrologikoak eta jardueraren deskribapena ikusita, ez da aurreikusten balizko inpakturik izango denik lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatean.

      Herritarrengan eta giza osasunean: esan bezala, jarduera aldi baterako izango denez, ez da espero zarata-mailak eta partikula esekien mailak nabarmen gora egitea. Bestalde, ez dago biztanlegunerik jardueraren inguru hurbilean. Horrenbestez, ez du izango efektu negatibo esanguratsurik herritarrengan.

      Floran, faunan eta biodibertsitatean. Ingurumen-dokumentuaren atal batean, proiektuak Ebro ibaia KBEan izan dezakeen eragina aztertzen da. Baztertuta dago KBEko kontserbazio-xede diren habitatek eta espezieek partikula esekiak, zaratak eta bibrazioak areagotzearen eraginak nozitzea, distantziak kontuan hartuta. Era berean, egiaztatu da ez dela isurketarik egiten aipatu KBEra. Halaber, ebazpen honen 2. apartatuan esan legez, baztertuta dago uhalde-enarek eraginik nozitzea. Horrenbestez, uste da eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko instalazioaren funtzionamenduak ez duela inpaktu negatibo esanguratsurik izango inguruneko faunan, floran, habitat naturalean eta biodibertsitatean.

      Bigarrena. Proiektua exekutatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatzen diren neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileez eta baimen sektorialetan adierazitakoez gainera, baldintza hauek izan behar dira kontuan:

      Ura eta lurzorua babesteko neurriak:

      Proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira lurra erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak. Aipatutako eremutik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Eta adierazitako eremutik kanpo ustekabean eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokienak aplikatuko dira.

      Obrako makinen parke gisa erabiltzen den lurrazala eta horren mantentze-eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko da. Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak horretarako egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko. Zentzu horretan, gurpilak garbitzeko sistemak ur guztia berreskuratzeko sistema bat izan behar du.

      Eremuan hautematen bada Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean edo Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak zerrendatu eta lurzoru kutsatuak izendatzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Dekretuaren 1. eranskina aldatzen duen azaroaren 2ko PRA/1080/2017 Aginduan aipatzen diren kutsa dezaketen jardueraren bat, inbentariatu egin beharko da, eta inbentarioan balego bezalako ondoreak sortuko ditu.

      Ezin izango da lurrazaleko edo lurrazpiko urik bildu, horretarako administrazio-emakida izan ezean.

      Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:

      Kutsadura akustikoari dagokionez: Kutsadura akustikoa prebenitzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira; esaterako, eragin akustiko txikiagoko teknologiak baliatu behar dira, teknika erabilgarri onenak, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnen artean kutsadura gutxien sortzen dutenak, kasuko kutsatzaile akustikoaren bereizgarriak kontuan hartuta, eta betiere kutsadura-iturri berriei aplikagarri zaizkien muga-balioak betez, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta gainerako araudietan ezarrita daudenak.

      Era berean, jardueran erabiltzen diren makinen eta ekipamenduen soinu-emisioek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute eta, batez ere, aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

      Natura-ondarea babesteko neurriak:

      Eremuan uhalde-enararen koloniarik topatuz gero, batik bat espeziearen ugaltze-garaian, apiril-ekaina bitartean, sustatzaileak jakinaren gainean jarri beharko du Arabako Foru Aldundiaren Natura Ondarearen Zerbitzua.

      Hondakinak kudeatzeko neurriak:

      Ahalik eta hondakin gutxien sortuko da.

      Sortutako hondakinak Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorizazio mota batzuk, balorizazio energetikoa barne dela. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa bada, hondakinak deuseztatu egingo dira ingurumenean eragin gabe, edo ahal den eragin txikiena eginik.

      Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea, arriskutsuak izan ala ez. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak baliatuko dira, hondakinak ez nahasteko eta kudeatzaile baimenduei entregatzeko, obran edo instalazioan berrerabiltzeko ez badira, behintzat.

      Hondakin arriskutsuak biltegiratuz gero, beharrezkoak diren preskripzio teknikoak aplikatuko dira, kudeatzaile baimendu batek bildu arte.

      Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira olioen eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.

      Airearen kutsadura murrizteko neurriak:

      Airearen kutsadurari dagokionez, Atmosfera Kutsa dezakeen Jarduera den aldetik aplikatu beharko diren neurriez gain, arreta berezia eskainiko zaio ahalik eta hauts gutxien sortzeari. Airearen kalitatean ez eragiteko, materialak garraiatzean eta zamalanak egitean honako neurri hauek hartuko dira, atmosferara partikularik ez igortzeko:

      Balorizatzekoa den materiala aurrez busti egingo da eremu kritikoenetan, egokitzat jotzen den maiztasunarekin.

      Uda garaietan edo prezipitaziorik ez dagoenean kamioien joan-etorrietarako eremuak ureztatuko dira.

      Aspertsore-sistema bat erabiltzen bada materiala eta iraganbideak bustitzeko, alde kritikoenak ureztatzeko punturik egokienean kokatuta daudela egiaztatuko da eta jarduerak eskatutako behar besteko maiztasunarekin lan egingo dutela. Instalazioko aspertsore-sistema aldizka berrikusi beharko da, hala dagokionean, egoera onean manten dadin. Ildo horri jarraikiz, legionellosia prebenitzeari zein kontrolatzeari buruzko uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretua izan behar da kontuan.

      Gehigarri tentso-aktiboak eta ur egonkortzaileak injektatzeko beharra dagoen aztertuko da, ureztatzearen eraginkortasuna areagotu dadin.

      Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.

      Biltegiratze-baldintzei dagokienez, neurriak hartuko dira haizeak hondakinak arrastatu ez ditzan, eta hondakinak edo haien osagaiak gal ez daitezen. Metaketen altuera kontrolatuko da.

      Materialak kanpoaldean pilatu behar izanez gero, material horiek haizetik babestuen dauden lekuetan kokatuko dira.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakin garbiak txikitzeko eta bahetzeko lanak ahalik eta hauts gutxiena sortzeko moduan egingo dira.

      Bestetik, materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.

      Makineriak ez du orduko 20 km-ko abiadura gaindituko, atmosferan partikulen esekidura ahal den txikiena izan dadin.

      Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

      Kultura-ondarea babesteko neurriak:

      Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurra erauzteko eta mugitzeko obretan zehar arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailari, behar diren neurriak har ditzan.

      Halaber, ekainaren 3ko 89/2014 Dekretuaren xedapen iragankorra hartu beharko da kontuan; dekretu horren bidez, Kultura-ondasun gisa kalifikatzen da, Monumentu Multzoaren kategoriarekin, Arabako Errioxako (Araba) Ardoaren eta Mahastien Kultur Paisaia.

      Jarduera eten ondoren paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak:

      Instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

      Era berean, jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri.

      Hirugarrena. Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz bigarren puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Áridos y Hormigones Campino SLU enpresak Bastida udal-mugartean (Araba) duen lantegiko eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak makineria mugikor bidez balorizatzeko instalazioei ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Áridos y Hormigones Campino SLU enpresak Bastida udal-mugartean (Araba) duen lantegiko eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak makineria mugikor bidez balorizatzeko instalazioen baimena onartzen ez bada.

      Vitoria-Gasteiz, 2019ko abuztuaren 1a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik