Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2019ko abuztuaren 1ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Vitoria-Gasteizko Erdi Aroko Hirigunearen Birgaitze Integraturako Plan Bereziaren 13. Aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita hirugarren sektoreko ostatu-erabilerari buruz.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 152
  • Hurrenkera-zk.: 3869
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/08/01
  • Argitaratze-data: 2019/08/13

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko martxoaren 6an, Vitoria-Gasteizko Udalak Vitoria-Gasteizko Erdi Aroko Hirigunearen Birgaitze Integraturako Plan Bereziaren 13. Aldaketa puntualari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskaera egin zuen hirugarren sektoreko ostatu-erabilerari buruz. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluak xedatutakoa betetzeko, 2019ko maiatzaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki ikusten zituzten oharrak egiteko, ohar horiek oinarritzat hartuta, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari; Arabako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzari; eta Arabako Ekologistak Martxan eta Eguzkiri.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait txosten bidali dituzte Eusko Jaurlaritzako Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzak eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, eta Arabako Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirolen Zuzendaritzak (espedientean daude horien emaitzak).

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-efektuak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Horietako bat da Vitoria-Gasteizko Erdi Aroko Hirigunearen Birgaitze Integraturako Plan Bereziaren 13. Aldaketa puntuala, hirugarren sektoreko B ostatu-erabilerari buruz.

Aztertuta geratu dira planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Vitoria-Gasteizko Erdi Aroko Hirigunearen Birgaitze Integraturako Plan Bereziaren 13. Aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea (hirugarren sektoreko ostatu-erabilerari buruz), jarraian jaso bezala:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Erdi Aroko Hirigunean dauden bizitoki-erabilerako eraikinetan, erabilera turistikoko etxebizitzak eta, erabilera turistikoko etxebizitza partikularretako logelak eta apartamentu turistikoak baimentzean datza Vitoria-Gasteizko Erdi Aroko Hirigunearen Birgaitze Integraturako Plan Bereziaren 13. Aldaketa puntuala.

    Horretarako, hirigintza-arauen zenbait artikulu aldatzea du helburu, hauxe lortzeko asmoz:

  1. Hirigintza-arauak egokitzea Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legera.

  2. Kentzea apartamentu turistikoen erabileraren gaineko debekua.

  3. Erabilera turistikoko etxebizitzen eta erabilera turistikoko etxebizitza partikularretako logelen erabilera arautzea, bizitegi-erabilera duten eraikinetan.

  4. Ostalaritza-establezimenduaren erabilera arautzea.

    Planean burutuko den arautzearen ondorioz, eraikitako ondarearen erreforma eta ustiapena dira bideratuko diren ekintzak, zeinek ingurumenean nolabaiteko inpaktua izan dezaketen.

    1. Planaren ezaugarriak aztertuta eta, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat, kontuan hartuta egindako kontsulten emaitza, eta V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat, xedatu egin da planak ez duela eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera.

    1. Ondorioen eta kalteak paira ditzakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, ez da aurreikusten Planak ondorio adierazgarriak izango dituenik ingurumenaren gainean, betiere gauzatzen diren jardunak eta jarduerak indarreko araudia eta ondorengo apartatuan ezarriko diren neurri babesle eta zuzentzaileak kontuan hartuta egiten badira.

      Gasteizko Alde Zaharra Babes bereziko kultura-ondarea deklaratu zen Kultura-ondasun bezala sailkatzen duen abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuaren bidez; zehazki, Kultura-ondasun gisa kalifikatzen da Gasteizko Alde Zaharra monumentu-multzo kategoriarekin eta haren babes-erregimena finkatzen da; eta bertako eremu arkeologikoa Babes ertaineko kultura-ondarea aitortu da Vitoria-Gasteizko gune historikoaren ingurune arkeologikoa Kultur Ondare gisa inskribatzen duen 1996ko abenduaren 2ko Aginduaren bidez, Monumentu-multzo kategoriarekin, Euskal Kultur Ondarearen Inbentario Nagusian.

    2. Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.

      Kultura ondarea kontserbatzeko ikuspuntutik, egokitzat jotzen da sartzea elementu tipologiko nagusiak errespetatzen dituzten neurriak eta mugikortasun-mota berrien araudia. Halaber, egokitzat jotzen da adierazleak ezartzea eta jarraitzea zeinek hirigune historikoaren Multzo Monumentalaren ondare-balioei buruzko erabilera berrien gainean izan litezkeen inpaktuen intentsitatea eta banaketa ebaluatzen utziko dituzten.

      Bestalde, eraikuntza-proiektuak egikaritzeko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

      Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

      Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

      Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Bigarrena. Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, zehaztea ez dela aurreikusten Vitoria-Gasteizko Erdi Aroko Hirigunearen Birgaitze Integraturako Plan Bereziaren 13. Aldaketa puntualak (hirugarren sektoreko ostatu-erabilerari buruz) eragin garrantzitsurik izaterik ingurumenean, eta, beraz, ez zaiola egin behar ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Gasteizko Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Vitoria-Gasteizko Erdi Aroko Hirigunearen Birgaitze Integraturako Plan Bereziaren 13. Aldaketa puntualaren berrikuspena (hirugarren sektoreko ostatu-erabilerari buruz) onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2019ko abuztuaren 1a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik