Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2018ko abenduaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Hernaniko Zikuñagako ermita berreraikitzeko lurzoru urbanizaezinaren plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 6
  • Hurrenkera-zk.: 98
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/12/19
  • Argitaratze-data: 2019/01/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2018ko maiatzaren 28an, Hernaniko Udalak eskabide bat bete zuen, Zikuñagako ermita berreraikitzeko lurzoru urbanizaezinaren plan bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluak xedatutakoa betetzeko, 2018ko irailaren 18an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza eta Uraren Euskal Agentzia, guztiak ere Eusko Jaurlaritzako erakundeak. Kontsulta egin zitzaion, baita ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari. Gipuzkoako Ekologistak Martxan eta Eguzkizaleak elkarteei ere galdetu zitzaien.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, txostenak bidali dituzte Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eta Uraren Euskal Agentziak (guztiak Eusko Jaurlaritzakoak), bai eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak ere. Espedientean daude horien edukia eta emaitzak.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Hernaniko Zikuñagako ermita berreraikitzeko lurzoru urbanizaezinaren plan berezia kasu horietako bat da.

Aztertuta geratu dira planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena egiten baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Hernaniko Zikuñagako ermita berreraikitzeko lurzoru urbanizaezinaren plan bereziari (HAPB) buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, zehaztapen hauen arabera:

  1. Planaren deskribapena: xedeak eta jarduketak.

    HAPBaren xedea da Zikuñagako antzinako ermita berreraikitzea. Izan ere, duela 30 urte desagertu zen, hirigintza-garapen industrialaren ondorioz. Horrela, Zikuñagako ermita berreraikitzeko proposatutako eraikuntza-parametroak eta antolamendua aurkezten ditu planak. Fatxada berreraikitzea eta oratorio eta aldare bat eraikitzea proposatzen da. Horrez gain, gune batean, aisialdi eta olgetarako landa-parke bat jarri nahi da, eta, beste gune batean, gaur egungo erabilerari eutsi nahi zaio.

    HAPBaren esparrua 10.000 m2 inguruko partzela bat da. Hernaniko udal-mugarteko Zikuñaga auzotik hurbil dago, eta lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako landa-lurzorua da. Partzela hori Urumea ibaiaren eskuinaldeko hegal batean dago, Zikuñaga auzoko bizitegi-eremuaren mendebaldean. Gainalde batean kokatuta dago, eta handik Urumea ibaiaren ibarra ikusten da. Partzela horretan, antolamendu hau proposatzen da:

    Jarduketa- eta sarbide-eremua (+ 2.500 m2): hor ezarriko dira ermita (+ 250 m2) eta landa-parkea (+ 2.250 m2). Sarbiderako, gaur egun dagoen landa-bidea erabiliko da. Partzelan dagoen zuhaitz-eremuari eutsi egingo zaio.

    Gainerako esparruari dagokion eremua: ez da inolako jarduketarik egingo; horrela, gaur egun duen erabilerarekin jarraitu ahal izango da ganaduarentzako bazka edota belarra landatzea, inguruaren landa-izaerari eusteko.

  2. Planaren ezaugarriak aztertuta eta, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat, kontuan hartuta egindako kontsulten emaitza, eta V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat, xedatu egin da planak ez duela eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera.

    Bestalde, proiektua egikaritzeko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin.

    Bigarrena. Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, zehaztea ez dela aurreikusten Zikuñagako ermita berreraikitzeko lurzoru urbanizaezinaren plan bereziak eragin kaltegarri garrantzitsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

    Hirugarrena. Hernaniko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

    Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Zikuñagako ermita berreraikitzeko lurzoru urbanizaezinaren plan berezia onartzen ez bada. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

    Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 19a.

    Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

    IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik