Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2018ko abenduaren 13koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Aguraingo (Araba) hirigune historikoaren Birgaikuntza Integratuko Plan Berezia berrikusteari buruz.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 7
  • Hurrenkera-zk.: 118
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/12/13
  • Argitaratze-data: 2019/01/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Ingurumena; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2018ko maiatzaren 18an, Aguraingo Udalak eskabide bat bete zuen, Aguraingo hirigune historikoaren Birgaikuntza Integratuko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera eman dakion. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-agiri estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak definitu dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, kontsulta egin zitzaien hauei: Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza biak Eusko Jaurlaritzakoak; Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Zuzendaritza eta Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritza; IHOBE, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa; eta Arabako Ekologistak Martxan elkartea.

Era berean, Aguraingo Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin ahal izateko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait txosten bidali dituzte Eusko Jaurlaritzako Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzak eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Arabako Euskara, Kultura eta Kirol Zuzendaritzak eta IHOBEk (espedientean daude horien emaitzak).

ZUZENBIDE-OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Aguraingo hirigune-historikoaren Birgaikuntza Integratuko Plan Bereziaren berrikuspena da kasu horietako bat.

Aztertuta geratu dira planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena egiten baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta honako hau

Lehenengoa. Aguraingo Udalak sustatutako Aguraingo hirigune historikoaren Birgaikuntza Integratuko Plan Bereziaren (aurrerantzean, BIPB) berrikuspenaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazitako zehaztapenekin:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Ebazpen honek aztergai duen BIPBren berrikuspenaren azken xedea Aguraingo hirigune historikoa biziberritzea da, gaur egun hiri-degradazioaren zantzuak ageri ditu eta. Horretarako, BIPBren berrikuspenak birgaikuntza-jarduketak proposatzen ditu eraikinetan, hala nola erabilerarik gabeko orube batzuetan eraikinak eraikitzea eta ekipamenduak. Zehazki, helburu eta proposamen zehatz hauek egiten ditu:

    BIPBean ezarritako hiru antolamendu-guneen antolamendu xehatua berrikustea, eta antolamendu berriko eremu bat sortzea, egungo BIPBk barne hartutako bizitegietarako hiri-lurzoruko 4 eremu hauei eragiten diena: harresiaz landa dagoen etxe-uharte berria (17. etxe-uhartea, A15 lurzatian, iparraldean, eta beste hiru eremu harresiaren barnealdean, horietatik bat hotel bat ezartzeko A12 lurzatia) eta Batez Besteko Eraikigarritasuneko Antolamendu Eremuan kokatutako hiru eremu.

    Bustamante jauregiaren lurzatian egokitzapen-jarduketak gauzatzea proposatzen da; leku aproposa da Arabako Lautadako Kuadrillaren egoitza izateko, eta bi eraikin berri eraikitzeko aukera dago.

    Birgaikuntza-jarduketa gutxieneko eremuetan, bizitegi-jarduketa publikoak kalifikatzea, hirigune historikoko populazioa ahal den guztian handitzeko, edo ez murrizteko bederen. Horretarako, inor gabeko eraikinak birgaituko dira; eraikinak birgaitzeko 4 jarduketa publiko proposatu dira, 9 eraikinetan egiteko, guztiak ere Kale Nagusian daudenak.

    Ibilgailuen zirkulazioa eta aparkaleku-aukerak hobetzea. Lurpeko aparkaleku bat eraiki asmo dago, aparkatzeko 33 leku eskainiko dituena solairuko, gehienez hiru solairu eraikita. Eremuaren iparraldeko errepide-sarea aldatzea ere aurreikusi da; bide-zati bat kendu, eta egoteko espazio libre publiko bihurtuko da, eta beste bide-zati bat, zirkulazio murriztuko eta oinezkoentzako kale gisa kalifikatuko da.

    Hotel-erabilerako jarduketa publiko bat kalifikatzea, bideratuta ondoz ondoko bi lurzati 25 logela inguruko hotel bat eraikitzera.

    Oinezkoen hirigune historikorako sarbidea hobetzea bide-elementuren baten bitartez (zubia, igogailua, arranpa eroalea), eremurako sarbidea hobetzeko.

    Andre Mariaren parkea biziberritzea: funtsean, kiosko-taberna bat eta haurrentzako jolasgune bat sortuko dira.

    Eremuaren ezaugarri nagusiak

    Plan bereziaren aldaketan aurreikusitakoaren arabera, jarduketak gauzatuko diren lege-esparrua hau da: urtarrilaren 14ko 3/1997 Dekretua Aguraingo hirigune historikoa Multzo Monumentalaren kategoriako Kultur Ondasun Kalifikatu gisa adieraztekoa, eta Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.1 artikuluan aipatutako babes araubidea eta gainerako alderdiak. Eremu hori, gainera, Eremu Arkeologikoa da, aipatu 7/1990 Legearen arabera, eta urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretua aplikatzea dagokio EAEtik igarotzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoaren kategoriako Kultur Ondasun Kalifikatu sailkatzekoa da dekretu hori.

    Plan bereziaren aldaketa-jarduketaren esparruan, jarduketa kutsatzaile izan daitezkeenak egon diren edo dauden lurzoruen katalogoan sartutako hainbat lurzati daude (horietan guztietan ibilgailu motordunen mantentze- eta konponketa-lanak egin dira). 01051-00043, 01051-00039, 01051-00024, 01051-00012 eta 01015-00011 kodeetako partzelak dira; ez dago aurreikusita haietan esku hartzea.

    Hori alde batera utzi gabe, bizitegirako hiri-eremu kontsolidatua da, zati batean degradatua, eta natura- nahiz ingurumen-balio nabarmenik gabea. Eremuan azpimarra litezkeen ingurumen-balio bakarrak espazio libre publiko edo pribatuei lotuak lirateke, edota eraiki gabeko orube gutxiak, landaredia erruderala dutenak; batzuetan, are zuhaitzak ere.

    BIPBren berrikuspeneko proposamenak gauzatzearen ondoriozko ingurumen-erasanak: inpaktu nagusiak ondare artistiko, kultural eta arkitektonikoko elementu katalogatuek jasan ditzaketenak dira, horiek gehiago edo gutxiago alda daitezkeelako. Gainera, inpaktu gehiago espero daitezke: lur-okupazioa, aparkalekua eta eraikin berriak eraikitzeko lanetatik eratorritako lur-mugimenduak, eraikinen eraisketa, hondakinen sorrera, makineriaren zirkulazioa, giza habitatak kalitatea galtzea obratan hautsa, bibrazioak, zaratak, eragozpenak, egungo landaredia kaltetzea, baliabideen kontsumoa, etab.

    Babestu, zuzendu eta konpentsatzeko neurriak: ingurumen-dokumentu estrategikoan (IDE) daude jasota BIPBren berrikuspenean aurreikusitako jarduketak gauzatzeak ingurumenean eragin lezakeen edozein ondorio negatibo prebenitzeko, murrizteko, eta, ahal den neurrian, zuzentzeko aurreikusitako neurriak. Neurri hauek proposatzen dira: natura-baliabideak babestea eta modu optimoan erabiltzea, airearen kalitateari eustea, kultur ondarean babesa, hondakinen kudeaketa, etab. Halaber, neurrion segimendurako plana atxiki da.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, BIPBren berrikuspenak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei eta funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik. BIPBren berrikuspena beste plan batzuekin bateragarria den aztertu da, zehazki, hauekin: Araba erdialdeko Lurralde Plan Partziala eta Jarduketa ekonomikoen eta Ekipamendu komertzialen Lurraldearen Arloko Plana.

      3. Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Hiru dira helburu nagusiak: eraikinak birgaitzea, egungo eraikinen okupazioa indartu eta eraikin berririk eraiki beharrik ez izateko, lurzoru-okupazioa eta baliabideen kontsumoa handituko liratekeenez; oinezkoen irisgarritasuna hobetzea; eta ibilgailuen zirkulazioa hobetzea.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ebazpen honen beste apartatu batzuetan aipatutakoaren arabera, inpaktu nagusienak ondare artistikoaren, kulturalaren eta arkitektonikoaren parte diren elementu katalogatuek jasan ditzaketenak dira, horiek gehiago edo gutxiago alda daitezkeelako. Gainera, inpaktu gehiago espero daitezke: lur-okupazioa, aparkalekua eta eraikin berriak eraikitzeko lanetatik eratorritako lur-mugimenduak, eraikinen eraisketa, hondakinen sorrera, makineriaren zirkulazioa, giza habitatak kalitatea galtzea obratan hautsa, bibrazioak, zaratak, eragozpenak, egungo landaredia kaltetzea, baliabideen kontsumoa, etab.

      5. Proposamena egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria Europakoa nahiz Espainiakoa txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, BIPBren berrikuspenaren aldaketaren zehaztapenak kontuan izanik, ez da aurreikusten ingurumen-ondorio adierazgarririk izango denik berau gauzatzearen ondorioz, baldin eta indarrean dagoen araudiak ezarritakoa betetzen bada. Zehazki, hauek aplikatuko dira: urtarrilaren 14ko 3/1997 Dekretua; Euskal Kultur Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legea; eta urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretua, EAEtik igarotzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzo kategoriako Kultur Ondasun Kalifikatu sailkatzekoa.

    3. Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.

      Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      Obra-proiektua gauzatzeko orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

      Dagoen landaredia babestea: ahal dela, eremuan dauden eta interesekoak diren berdeguneak bere horretan utziko dira.

      Obraguneak zedarritu egingo dira, landarediari ahalik eta gutxien eragiteko.

      Natura-interesekotzat jotako zuhaitzen bat kendu behar bada, zuhaitz hori birlandatzeko aukera kontuan hartuko da beti. Horretarako, zuhaitz horiek ezin hobeto kontserbatu beharko dira, behin betiko lekuan birlandatu arte.

      Gomendatzen da Plan Bereziak tamaina handiko ahalik eta zuhaitz gehien kontserbatzeko neurriak jaso ditzan, eta espazio libreetan bertako zuhaitzak eta zuhaixkak jartzea, ahalik eta irtenbide naturalenak aukeratuta.

      Gomendatzen da kontsulta egitea organo eskudunari, Plan Bereziaren jarduera-esparruan dauden landare-espezie inbaditzaileak desagerrarazteko helburua duten neurriak hartzeko.

      Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta berariazko araudietan aurreikusitakoa beteko da.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

      Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez onartzen da Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia), eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

      Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Lurren eta soberakinen kudeaketa: obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

      Induskatutako lurzoruen kontrola: Aguraingo Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 1/2015 Legearen 10.2 artikulua betetzeko.

      Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Urak babestea: kasu bakoitzari dagozkion obretan, lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak hartuko dira; adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

      Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz praktikan jarri bitartean, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria: 2020ko IV. Ingurumen Esparru Programak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak, eraikinetan energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere. Alderdi hauetan gutxienez eragin beharko dute neurri horiek:

      Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

      Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo -kontsumoa murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.

      Kultura-ondarearen babesa: plan bereziaren aldaketan aurreikusitakoaren arabera, jarduketak arautuko ditu 3/1997 Dekretuak, urtarrilaren 14koak, Aguraingo hirigune historikoa Multzo Monumentalaren kategoriako Kultur Ondasun Kalifikatu gisa adieraztekoak. Horrenbestez, behin betiko onartzen den planak ezingo du barnean hartu aipatu dekretuan xedatutakoaren aurka doan jarduketarik bat ere. Zehatzago esanda:

      Eraikinak birgaitzeko, lurzatiak bat egiteko proposamena: dekretuaren arabera, I. motako eraikinetan debekatuta daude higiezinon eraispen partzialak eta erabatekoak, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako baldintzetan izan ezik. Debekuak barnean hartzen ditu eraikinen mehelinak, eta dauden horretan eutsi beharko zaie. Eraikin horietarako proposatu diren bat-egiteak berrikusi beharko dira.

      Aipatutako 3/1997 Dekretuaren, urtarrilaren 14koaren, 16.1 artikuluaren arabera, lurzati berriek ezin dute desitxuratu hirigune historikoaren egungo partzelazioak eratzen duen fatxada-paisaia. Espedientean jasotako txostenen arabera, proposatutako aldaketak paisaia desitxura dezake. Lurzatiaren aurrealdeak gehienez 16 metroko zabalera izango du, indarrean dagoen BIPBren arabera, eta ez dira zabalera handiagokoak proposatuko; 22 metroko aurrealdea gehiegizkoa gerta daiteke, 3/1997 Dekretuan zehaztutakoa bete nahi bada.

      Horiek horrela, I., II. eta III. motetako eraikinen beheko solairuak kopuru- eta zabalera-mugarik gabe bat egiteko proposamena berriz pentsatu beharko da.

      Hotel-jarduketa publikoa: jarduketa hori 3/1997 Dekretuaren arabera oinarrizko babesa duen higiezin batean gauzatu nahi da. Horrenbestez, higiezin horretan ezingo da eraispenik egin, ez partzialak ez erabatekoak, Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluaren kalterik gabe.

      Oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko jarduketari loturiko antolamendu-proposamenean harresia (3/1997 Dekretuak, urtarrilaren 14koak, babes berezia ematen dio) eta harresiz landako eremua nabarmentzen dira. Ingurumen-agirian 12.B izena duen aukera hautatzea gomendatzen da; 80 metro iparrerago egitea lotunea, pasabidea txikiagoa eta inpaktu bisual gutxiagokoa izan dadin. Gainera, aukera hori baliabide-kontsumo txikiagokoa da.

      Edonola ere, azkenean hautatzen den jarduketa edozein dela ere, pasabidea diseinatu eta eraikiko den moduak harresi-atalaren osotasuna errespetatu beharko du, eta, ahal den neurrian, ingurunearekin egoki bat egin edo harmonizatu beharko du.

      Arkeologia-ondarearen gaineko esku-hartzeen gainean kontsulta egingo zaio foru-organo eskudunari, beharrezko diren neurriak har daitezen, eta BIPBren berrikuspenean aurreikusitako ekintzak gutxitzeko.

      Bigarrena. Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, zehaztea ez dela aurreikusten Aguraingo hirigune historikoaren Birgaikuntza Integratuko Plan Bereziaren aldaketak eragin garrantzitsurik izaterik ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

      Hirugarrena. Aguraingo Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Aguraingo hirigune historikoaren Birgaikuntza Integratuko Plan Bereziaren berrikuspena onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 13a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik