Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2018ko abenduaren 5ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen den Andoain eta Urnieta (Gipuzkoa) udal-mugarteetako San José harrobian Aizkibelek proiektatutako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balidatzeko instalazioaren ingurumen-inpaktuko txosten bat eta zeinaren bidez aldatzen den Aizkibel SAk Andoain eta Urnieta udal-mugarteetako San José harrobian sustatutako Ustiapen Proiektuaren Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 6
  • Hurrenkera-zk.: 97
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/12/05
  • Argitaratze-data: 2019/01/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ingurumen sailburuordearen 2001eko urtarrilaren 11ko ebazpenaren bidez, Aizkibel SAk Andoain eta Urnieta udal-mugarteetako San José harrobian sustatutako Ustiapen Proiektuaren Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena formulatzen da.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2015eko uztailaren 28ko ebazpenaren bidez, baimena ematen da atmosfera kutsa lezaketen jarduerak garatzeko eta aldatu egiten da Urnietako (Gipuzkoa) udal-mugartean Aizkibel SAk sustatzen duen San José harrobiaren Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena.

2018ko urtarrilaren 26an, Pablo Lerchundi Astiazarán jaunak, «Aizkibel SA» sozietatearen (proiektatutako jardueraren sustatzailea) izenean eta ordezkaritzan, hondakin arriskugabeen zerbitzuen aurrean osatu zuen Andoain eta Urnieta (Gipuzkoa) udal-mugarteetako San José harrobian, Aizkibelek proiektatutako eraikuntza eta eraisketako hondakinak balidatzeko instalazioaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen (ingurumen-ebaluaziori buruzkoa) 45. artikuluan ezarritakoaren arabera; proiektua arau horren II. eranskinean, 9. taldea b epigrafean dago jasota.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, 2018ko apirilaren 4an ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, aipatutako proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazte aldera.

Ildo horretan, honako hauei egin zaie kontsulta: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza (Eusko Jaurlaritzakoak guztiak), Uraren Euskal Agentzia, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, Andoaingo Udala, Urnietako Udala, Ekologistak Martxan Gipuzkoa, Ugatza Ornitologia Elkartea, Itsas Enara Ornitologi Elkartea, «Eguzkizaleak» Elkartea eta Parkeen Lagunak Haritzalde Elkartea.

Kontsulten izapidea amaituta, erantzunak jaso dira erakunde hauetatik: Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza eta Kultura Ondarearen Zuzendaritza (Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak biak), Uraren Euskal Agentzia, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa eta Andoaingo Udala; horien emaitza espedientean dago. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak badu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie, besteak beste, lege horren II. eranskinean biltzen diren proiektuei. Horrenbestez, ingurumen-arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio Andoain eta Urnieta (Gipuzkoa) udal-mugarteetako San José harrobian Aizkibelek proiektatutako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balidatzeko instalazioari, prozedura horren ondoren zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio garrantzitsurik duen ala ez, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuta, ingurumen-organoak aldatu ahal izango ditu bere ekimenez ofiziozko ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren baldintzak.

Proiektuko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio (erakunde eskuduna da otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren arabera), Ingurumena eta Lurralde Politikarako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 dekretuaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematea. Bertan, aipatutako proiektuak ingurumenean kalte esanguratsuak izan ditzakeen aztertuko da eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion aztertuko da.

Era berean, argi dago ingurumen-inpaktuari buruzko txosten honek aldatu egiten dituela Ingurumen sailburuordearen 2001eko urtarrilaren 11ko ebazpenean ezarritako baldintzak (Andoain eta Urnieta udal-mugarteetan Aizkibel SAk sustatutako San José harrobian ustiatze-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren deklarazioa formulatzeko ebazpena). Horrenbestez, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) aldatu egin du Andoain eta Urnieta udal-mugarteetan Aizkibel SAk sustatutako San José harrobiaren ustiatze-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren deklarazioa.

Hauek ikusirik: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau

Lehenengoa. Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea Aizkibelek Andoain eta Urnieta (Gipuzkoa) udal-mugartetako San José harrobian proiektatutako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balidatzeko instalaziorako, zehaztapen hauen arabera:

  1. Aztertzen ari garen proiektuaren helburua da funtzionamenduan jartzea Aizkibelek San José harrobian proiektatu duen eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balidatzeko instalazioa. Garatuko diren jarduera nagusiak izango dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sailkatu, hautatu, biltegiratu eta kudeatzea.

  2. Ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

    1. Proiektuaren ezaugarriak:

      Aizkibel SAk, jarduketaren sustatzailea, agregakinak ateratzen jarduten du. Hormigoiak merkaturatzeko prozesua ixteko, bere helburua da obretan sobratzen den hormigoi freskoa jasotzea eta hori transformatzea berriz erabil dadin. Gainera, beste EEH batzuk ere kudeatuko ditu, esaterako, adreiluak, teilak, zeramikazko materialak eta nahasketa bituminosoak. Bituminosoen nahasketak Andoainera eramango dira, Asfaltia SL enpresara, ondoren balidatzeko.

      Kudeatu nahi diren materialen LER kodeak hauek dira: 17 01 01 («Hormigoia»), 17 01 02 («Adreiluak»), 17 01 03 («Zeramikazko teilak eta materialak»), 17 01 07 («Hormigoizko nahasketa, adreiluak, teilak eta zeramikazko materialak») eta 17 03 02 («Nahasketa bituminosoak»).

      Produkzio-ahalmena urteko 15.000 tonakoa da. Gutxi gorabehera, 5.000 t hormigoizko agregakin birziklatu, 5.000 t agregakin birziklatu misto eta 5.000 t fresaketa.

      Prozesua honetan datza:

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH) jasotzea. Oragailu mugikorreko soberazko hormigoia bada, putzu batera botako da fraguatu dadin. Bestela, ikuskapen bisual bat egingo da jakiteko egokia den; kasu horretan, dagokion sarrera-albarana egingo da: pisaketa eta jatorrizko identifikazioa (obra eta bezeroa) eta bereizita pilatuko dira hormigoi freskoa, hormigoi ondua eta material fresatua.

      EEH txikitu eta zapaltzeko tratamendu mekanikoa.

      Materialaren baheketa: hormigoia frakzioaren arabera sailkatuko da legarrak lortzeko; material mistoa, burdina badu, bereizi egingo da kudeatzaile baimenduaren bidez kudeatzeko, eta sailkatu egingo da. Nahasketa bituminosoei dagokienez, pilatzeko eta ondoren merkaturatzeko jasoko dira soilik.

      Jardueran sortutako hondakinen amaierako helburua hau izango da: hormigoizko hondakina agregakin birziklatu gisa erabiliko da hormigoia fabrikatzeko; adreilu, teila eta zeramikazko materialen hondakinak eta hormigoi, adreilu, teila zeramikazko materialen nahasketa zabor legarra fabrikatzeko erabiliko dira eta bituminosoen nahasketak agregakin birziklatu gisa erabiliko dira bituminoso berriak fabrikatzeko.

      Partzelak 2.500 m2-ko azalera du gutxi gorabehera. Horietatik 250 m2-k isurietarako gunea osatuko dute (soberazko hormigoizko upelak deskargatzeko gunea); 500 m2-k tratamendurako gunea (zapaldu eta sailkatzeko) eta 1.700 m2-k pilaketetarako gunea.

      Urak: partzela guztiak iragagaiztuta daude hormigoizko estalkiekin. Gainera, putzu txiki bat eraiki da hidrokarburoak eta olioak bereizteko. Horrela, makinariaren balizko ihesak kontrolatu eta bereizi ahal izango dira. Hemen jasotako ura lursailean txertatuko da eta barreiatu gabea putzura eramango da. Putzu honek olio-bereizle bat du. Ur garbia hormigoizko instalazioan berrerabiliko da eta soberan badago Akan errekara bideratuko da. Aurreikusitako isuri horrek 2016ko maiatzeko dagokion isuri-baimena du eta Urari 2017ko apirilean jakinarazi zitzaion tratamendu-instalazio bat ezarriko zela. Harri-lubeta perimetral bat eraiki da materialak harrobiaren ondoko lursailak hartzea saihesteko.

      Aurreikusitako obrak: gutxieneko egokitzapen-obrak zeren proposatutako jarduketa harrobiaren lursailetan kokatuko da; beraz, ez da zerbitzu edo azpiegitura berririk eraiki beharko (sarbideak, bulegoak, aldagelak...).

      Instalazioak: behar den makinaria berria hau da: kate bidezko atzerako hondeamakina; errota mugikorra; baheketa finkoa eta pala kargatzailea; gainera, dauden instalazio eta elementu osagarriak hauek dira: olio-bereizlea, gurpilak garbitzeko eta karga ureztatzeko sistema duen baskula, hauts kontrako ureztatze-sistema duen sarbidea, lurrazaleko urak bildu eta tratatzeko sistema, bulegoak, aldagelak, komunak eta jangela.

    2. Proiektuaren kokapena:

      EEH kudeatzeko instalazioa Aizkibel SAren San José harrobiaren lursailetan kokatuko da, Andoain eta Urnieta udal-mugarteetan; EEHren instalazioaren kokalekua Andoainen dago, zehazki. Harrobiaren jarduera dela eta, aurrez eraldatutako gune bat da; hortaz, erabilera berriak sartzeak ez du esan nahi lurzoru berririk galduko denik ezta habitat naturalik ere.

    3. Izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak:

      Gaur egun, EEH kudeatzeko instalazioa kokatuko den inguruneari harrobiaren ustiapenak eragiten dio. Jarduera berriaren ondorioz sortuko diren inpaktuak gaur egungo jardueraren antzekoak izango dira baina tamaina txikiagokoak gaur egungoekin alderatuta. Nolanahi ere, jarduketan aurrez ikus daitezkeen ondoreak hauek dira:

      Airean: atmosferara igorriko diren partikulak izango dira ondorio nagusia, baita ingurumen-zarata areagotzea ere.

      Lurzoruan: gainazalen eta dekantazio-putzuaren iragazgaiztea dela eta, ez da aurreikusten lurzoruan eraginik izango duenik.

      Urean: era berean, eremuaren ezaugarri hidrologikoak eta jardueraren deskribapena ikusita, ez da aurreikusten balizko inpakturik izango denik lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatean.

      Biztanlerian eta gizakien osasunean: espero da hala zarata areagotzeak nola jarduerari lotutako partikula esekiak areagotzeak ondorio negatibo esanguratsurik ez izatea biztanlerian. Ildo horretan, halaber, aurreikusten da hala zuhaitzek nola instalazioaren hegoaldeko mugako harri-lubetak sortuko den hautsa atxikitzea, ondoko lursailetara iristea saihestuz.

      Flora, fauna eta biodibertsitatean: uste da EEH kudeatzeko instalazioaren funtzionamenduak ez duela inpaktu negatibo esanguratsurik sortuko inguruneko fauna, flora habitat natural edo biodibertsitatean.

      Bigarrena. Proiektua exekutatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesgarri, zuzentzaile eta konpentsagarriez eta baimen sektorialetan adierazitakoez gainera, baldintza hauek izan behar dira kontuan:

      Obrak egiten diren bitartean, jarduera egokien eskuliburuan ezarritakoa aplikatuko da.

      Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

      Proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira lurra erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak. Aipatutako eremutik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Eta adierazitako eremutik kanpo ustekabean eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokienak burutuko dira.

      Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak horretarako egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko. Zentzu horretan, gurpilak garbitzeko sistemak ur guztia berreskuratzeko sistema bat izan behar du.

      Drainatze-sarera isurtzen diren hondakin finen kopurua minimizatu beharko da, eta uraren kalitatean eraginik ez dutela bermatu. Isuriaren baldintzak 2016ko apirilaren 21ean Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren ebazpenaren bidez emandako baimenarekiko aldatzen badira, baimena aldatzea eskatuko beharko da.

      Ezin izango da lurrazaleko edo lurrazpiko urik bildu, horretarako administrazio-emakida izan ezean. Nahiz eta ez den aurreikusten ur-kontsumoa era esanguratsuan areagotuko denik, gogorarazten da emandako emariarekiko aldaketaren bat bada, emandako eskubideetako baten oinarrizko ezaugarria aldatzeko tramitazioa egin behar dela. Tramitazio hori Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak egingo du.

      Lurrazpiko uren kalitateari jarraipena egiteko kontrolak ezarri beharko dira.

      Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

      Kutsadura akustikoari dagokionez: kutsadura akustikoa prebenitzeko beharrezko neurriak hartuko dira; esaterako, eragin akustiko txikiagoko teknologiak baliatu behar dira, direnik eta teknika onenak, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnen artean kutsadura gutxien sortzen dutenak, kasuko kutsatzaile akustikoaren bereizgarriak kontuan hartuta, eta betiere kutsadura-iturri berriei aplikagarri zaizkien muga-balioak betez, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta gainerako araudietan ezarrita daudenak.

      Era berean, jardueran erabiltzen diren makinen eta ekipamenduen soinu-igorpenek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute eta, batez ere, aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

      Natura-ondarea babesteko neurriak.

      Kanpoko landare-espeziak sartzen eta zabaltzen direla hauteman eta saihesteko neurriak hartuko dira, batik bat espezie exotiko inbaditzaileei dagokienez.

      Lurraldearen iragazkortasun edo konektibitate ekologikoari eusteko, perimetroko itxiturak behar izatekotan, gune libre bat mantendu beharko da azpialdean, lurzoruaren sestratik 15-20 bat cm bitarteko altuerakoa, eta betelanaren amaierako fasean kendu egingo dira.

      Proposatutako luzetarako drainatzearen ohiko mantentze-lanak egingo dira, ornodun txikiak igaro ahal izatea ziurtatzeko.

      Hondakinak kudeatzeko neurriak.

      Ahalik eta hondakin gutxien sortuko da.

      Sortutako hondakinak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balidatze mota batzuk, balidatze energetikoa barne dela. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa bada, hondakinak deuseztatu egingo dira ingurumenean eragin gabe, edo ahal den eragin txikiena eginik.

      Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea, arriskutsuak izan ala ez. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak baliatuko dira, hondakinak ez nahasteko eta kudeatzaile baimenduei entregatzeko, obran edo instalazioan berrerabiltzeko ez badira, behintzat.

      Hondakin arriskutsuak biltegiratuz gero, beharrezkoak diren preskripzio teknikoak aplikatuko dira, kudeatzaile baimendu batek bildu arte.

      Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira olioen eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.

      Airearen kutsadura murrizteko neurriak.

      Airearen kutsadurari dagokionez, bete egin beharko da Atmosfera Kutsa dezakeen Jarduera gisa duen baimenean ezarritakoa eta arreta berezia jarriko dio hautsa gutxi sortzeari. Airearen kalitatean ez eragiteko, materialak garraiatzean eta zamalanak egitean honako neurri hauek hartuko dira, atmosferara partikularik ez isurtzeko:

      Balidatzeko den materiala aurrez busti egingo da eremu kritikoenetan, egokitzat jotzen den maiztasunarekin.

      Uda garaietan edo prezipitaziorik ez dagoenean kamioien joan-etorrietarako eremuak ureztatuko dira.

      Aspertsore-sistema bat erabiltzen bada materiala eta iraganbideak bustitzeko, alde kritikoenak ureztatzeko punturik egokienean kokatuta daudela egiaztatuko da eta jarduerak eskatutako behar besteko maiztasunarekin lan egingo dutela. Instalazioko aspertsore-sistema aldizka berrikusi beharko da, hala dagokionean, egoera onean manten dadin. Ildo horri jarraikiz, legionellosia prebenitzeari zein kontrolatzeari buruzko uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretua izan behar da kontuan.

      Gehigarri tentso-aktiboak eta ur egonkortzaileak injektatzeko beharra dagoen aztertuko da, ureztatzearen eraginkortasuna areagotu dadin.

      Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.

      Biltegiratzeetarako baldintzei dagokienez, neurriak hartuko dira haizeak hondakinak arrastatu ez ditzan, eta hondakinak edo haien osagaiak gal ez daitezen. Pilaketen altuera kontrolatuko da.

      Materialak kanpoaldean pilatu behar izanez gero, material horiek haizetik babestuen dauden lekuetan kokatuko dira.

      EEH garbiak txikitzeko eta bahetzeko lanak ahalik eta hauts gutxiena sortzeko moduan egingo dira.

      Bestetik, materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.

      Makineriak ez du orduko 20 km-ko abiadura gaindituko, atmosferan partikulen esekidura ahal den txikiena izan dadin.

      Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

      Kultura ondarea babesteko neurriak.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean xedatutakoari jarraituz, lurra erauzteko eta mugitzeko obretan zehar arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari, behar diren neurriak har ditzan.

      Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

      Birlandatze-plana jarduerak kaltetutako lurzoru osorako egin beharko da, hor landatuko diren espezieak zuhaizti eta zuhaixka autoktonoak izango dira, garbi identifikatu beharko dira, besteak beste, lehengoratze-eremuak, erabili beharreko espezieak zein horien kopurua, landatzeko tartea, planaren aurrekontua, etab. eta, nolanahi ere, gai honetan eskumena duen organoak kasu bakoitzean ezartzen dituenak.

      Gainera, kontuan izango dira paisaia integratzeko neurriak garatzean, ingurunearen morfologiara egokitu beharko direla.

      Landareztatze-proiektuak, gutxienez, 2 urteko bermealdia izango du, landareztatzea bukatzen denetik kontatzen hasita, arrakastatsua izango dela bermatzeko. Landareztatzean, hutsarteak beteko dira eta beste edozein mantentze-lan ere burutuko da, landareak behin betiko sustraitzea lortze aldera.

      Hirugarrena. Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Aizkibelek Andoain eta Urnieta (Gipuzkoa) udal-mugarteetako San José harrobian proiektatutako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balidatzeko instalazioari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

      Laugarrena. Aldatzea 2011ko urtarrilaren 11ko ebazpena, Ingurumen sailburuordearena zeinaren bidez formulatu zen Aizkibel SAk Andoain eta Urnieta udal-mugarteetako San José harrobian sustatutako Ustiapen Proiektuaren Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena; beraz, 2.D apartatuan ezarritako Zaintza Programan txertatuko dira jardueraren segimendua egiteko eta kontrolatzeko proposatutako betebeharrak. Aipatutako jarduera Andoain eta Urnieta (Gipuzkoa) udal-mugarteetako San José harrobian Aizkibelek proiektatutako eraikuntza eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko instalaziorako ARCk (ingurumen-aholkularitza) 2016ko apirilean idatzitako ingurumen-dokumentuaren 6. puntuan adierazi da. Sustatzaileak ingurumen-zaintza programan kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dituen dokumentu bategin bat sortu beharko du, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntu guztiak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak. Jarduera ezarri baino lehen, dokumentu hori Ingurumen Administrazio Zuzendaritzari helarazi beharko dio organo substantiboak aurkeztutako dokumentazioari oniritzia eman eta gero.

      Bosgarrena. Ebazpen honen edukia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzaren Meategien Arloko bulegoari, Andoaingo Udalari, Urnietako Udalari eta proiektuaren sustatzaileari jakinarazi beharko zaie.

      Seigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Andoain eta Urnieta udal-mugarteetako San José harrobian Aizkibelek proiektatu duen eraikuntza eta eraispenetako hondakinak balidatzeko instalazioaren baimena onartzen ez bada.

      Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 5a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik